Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateak indarrak batu dituzte Félix Huarte plaza eta unibertsitate-campusa lotzeko, hala oinezkoentzat nola txirrindularientzat. Iruñeko alkate Enrique Mayak eta Nafarroako Unibertsitateko errektore Alfonso Sánchez-Tabernerok lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute elkarlanean aritzeko lotura hori gauzatzeko, horrela mugikortasun jasangarria sustatze aldera hala unibertsitateko ikasleengan nola herritarrengan, oro har.
Udalak konpromisoa hartu du oinezkoendako eta txirrindulariendako pasabide semaforodun bat egiteko Nafarrroa etorbidea gurutzatzeko Félix Huarte plazaren hego-mendebaldeko kantoian, eta oinezkoendako eta txirrindulariendako zuzeneko bide bat egiteko Nafarroa etorbideko espaloitik plaza horretako bulebarreraino. Horrez gain, Udalak konpromisoa hartu du Udalaren argiteria-sarerako lotura-puntu bat emateko, unibertsitate-campusean eraikiko diren bideak argiztatze aldera.
Izan ere, Nafarroako Unibertsitateak campusa zeharkatuko duen oinezkoendako bide bat egiteko konpromisoa hartu du, Nafarroa etorbideko oinezkoen pasabidearen amaiera eta Unibertsitateko Museoa (NUM) lotzeko. Halaber, aurrekoaren paraleloa den bidegorri bat eginen du, Iruñeko Udalak egindakoari jarraipena emateko. Hitzarmenak ezartzen duenarekin bat, lanak Nafarroako Unibertsitateak eginen ditu, eta gehieneko egikaritze-epea urte batekoa izanen da, Udalak Nafarroa etorbideko oinezkoen pasabide semaforoduna ezartzeko lanak hasten dituenetik aitzina.
Nafarroako Unibertsitateak campuseko oinezkoen bidearen proiektua aurkeztu eta bi aldeek onartu ondoren hasiko dira lanak. Sinatzaileek finantzatuko dituzte azpiegitura berrien mantentze-lanak, bakoitzak duen jabetzaren mugen barruan daudenei dagozkienak.
Oinezkoen igarobidea hiriaren erdigunetik campuseraino
Oinezkoen pasabide hau Udalak ezarri nahi duen oinezkoen igarobide baten proiektuaren barruan dago, Gazteluko plaza edo Sarasate pasealekua eta Nafarroako Unibertsitateko campusa lotuko dituena, Ziudadela eta Gaztelugibelen barna. Campusa hiri finkatuaren egituran txertatzeko zeharkatu beharreko bide nagusia Nafarroa etorbidea da, eta jarduketa honekin eraldatu nahi da, hiri-tankerako bulebarra izan dadin.
Gaur egungo egoera aldatu eta oinezkoen igarobide hori sortzen hasteko, Udalak urratsak eman eta neurriak hartuko ditu. Nafarroa etorbideko oinezkoen pasabideaz gain, bestelako jarduketak ere eginen dira, besteak beste, Eneko Aritza kaleko berrurbanizazioa –Ziudalela eta campusa lotzeko elementu gisa– eta Iturramako bulebarra zeharka gurutzatzen duten kaleetako oinezkoen pasabideak altxatzea, horrela bulebarra luzatze aldera.
2009an, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateak mugikortasun jasangarriarekin lotutako antzeko lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten, campusean bidegorriak egin eta horiek Udalaren ziklo-sarearekin lotzeko.