
Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak eta Txema Mauleón Echeverria Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak bilera egin dute Gizarte Eskubideen Departamentuarekin Iruñeko Udalaren oinarrizko gizarte-zerbitzuak finantzatzeko sinatu berri den hitzarmen berria baloratzeko. Nafarroako Gobernuak 6 milioi euro baino gehiagoko finantzaketa emanen du aurten, Lehen Arretako programak garatzeak dakartzan kostuei lotutako hainbat kontzeptutarako.
Hitzarmenak Oinarrizko Udal Gizarte Zerbitzuaren finantzaketa zehazten du, Gizarte Zerbitzuei buruzko 15/2006 Foru Legean eta uztailaren 15eko 48/2020 Foru Dekretuan jasotzen diren Lehen Arretako oinarrizko lau programak garatzeko. Lau programa horiek honako hauek dira: Harrerako eta Gizarte Orientazioko Programa, Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonak Artatzeko Programa, Lehen Arretako Gizarteratze Programa eta Lehen Arretan Haurrei eta Familiei Laguntzeko Programa.
Hitzarmena urte anitzekoa da, eta 2024ko urtarrilaren 1etik 2027ko abenduaren 31ra arteko atzeraeraginezko indarraldia izanen du. Urtero, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren kostu zenbatetsia zehaztuko da, bai eta administrazio publiko bakoitzari, hau da, bai Nafarroako Gobernuari, bai Iruñeko Udalari dagokion ekarpena ere.
48/2020 Foru Dekretuaren arabera, balorazio ekonomikoa honako hauek kontuan hartuta zehazten da: egiturazko kostuak (oinarrizko talde profesionalaren kostu zenbatetsia, funtzionamendu-kostua eta lurralde-sakabanaketari lotutako kostua); oinarrizko eremuaren ezaugarriei lotutako kostu espezifikoa, eta Udalaren etxez etxeko laguntza-zerbitzuak artatutako mendekotasuna duten pertsonei arreta emateak dakarren kostua. Iruñeko Udalak oinarrizko talde profesionaleko langileen kostu zenbatetsiaren % 50 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak, berriz, beste % 50a eta deskribatutako gainerako kostuak, azken horiek 100%ean.
24 milioitik gorako finantzaketa Iruñerako datozen lau urteetan
Iruñearen kasu zehatzean, hitzarmenak gehigarri batean jasotzen du Lehen Arretako programa horien 2023ko kostu ekonomikoaren balorazioa, 9.489.941,18 euro jotzen duena. Banakapenak 7.594.189,42 euro islatzen ditu egitura-kostuetan, honela banatuta: 6.903.808,56 euro oinarrizko lanbide-taldearen soldata-kostuan eta 690.380,86 euro funtzionamendu-kostuetan. Horiei beste bi kontzeptu gehitu behar zaizkie: batetik, oinarrizko eskualde bakoitzaren ezaugarriei lotutako kostu espezifikoak,1.035.571,29 euroan zenbatetsiak, eta, bestetik, mendekotasuna duten pertsonei Udalaren etxez etxeko laguntza-zerbitzuen bidezko arretak dakartzan kostuak, 860.180,47 euro.
Horiek horrela, Nafarroako Gobernuari, Babes Sozialerako eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, 6.038.036,90 euroko finantzaketa egokitu zitzaion funtzionamendu-kostuengatik eta oinarrizko lantaldearen kostuen % 50a, oinarrizko eskualdearen berariazko kostuengatik, eta, mendekotasuna dutenei etxez etxeko arreta-zerbitzua ematearen kostuengatik. Iruñeko Udalak, bestalde, 3.451.904,28 euro jarri zituen, Lehen Arretako programez arduratzen den oinarrizko talde profesionalaren kostu zenbatetsiaren gainerako % 50ari dagokiona.
Gizarteratze-prozesuetarako eta/edo gizarte-larrialdietarako laguntzak
Iruñeko Udalak konpromisoa hartzen du, halaber, gizarteratzeko eta/edo gizarte-larrialdietarako prozesuetan laguntzeko laguntza-sistema bat arautzeko eta kudeatzeko. Horretarako, Gobernuak kostu espezifikoen kontzeptuan emandako zenbatekoaren % 20 bideratuko du gutxienez, (1.035.571,29 euro). Horrela, Iruñean bizi diren eta hala eskatzen duten familia-unitateei, balorazio teknikoa eginda, premiazko beharrak berehala estali ahal izatea bermatu nahi da.
Hitzarmenak jasotzen du Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen duela aholkularitza eta laguntza teknikoa emateko eta langileak koordinatzeko eta prestakuntza emateko, bai eta administrazio-prozedurak hobetzeko beharrezkoak diren mekanismoak ezartzeko ere, gizarte-prestazioen kudeaketa azkarragoa eta kalitate hobekoa izan dadin.
Nafarroako Gobernua Foru Komunitateko 44 toki entitaterekin baino gehiagorekin ari da horrelako lankidetza hitzarmenak sinatzen. 2024tik 2027ra bitartean, guztira 97,9 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten da 75.000 erabiltzaile baino gehiago (Nafarroako biztanleriaren % 11,3) artatzen dituzten udal edo mankomunitate horietako oinarrizko gizarte-zerbitzuak mantentzeko eta finantzatzeko.