Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak panteoi berri bat eraikiko dute San José udal-hilerrian, 1936ko Gerra Zibilak eta frankismoak Nafarroan eragindako biktimen gorpuzkiak ehorzteko. Joseba Asirón Iruñeko alkateak eta Ana Ollo Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuko kontseilariak lankidetza-hitzarmena sinatu dute 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea betetzeko.
Panteoi berria udal-titulartasunekoa izanen da, eta bi administrazioek finantzatuko dute; Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako departamentuak, gehienez ere, 125.000 euroko ekarpena eginen du, Parlamentuak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan onetsi berri duen partidaren arabera. Udalak, berriz, –bera arduratuko da obra lizitatzeaz eta egiteaz, lursailaren urbanizazioa eta lorategia barne–, Gobernuak baino 50.000 euro gehiago jarriko ditu bere ekarpenean, guztira 175.000 eurora arte, obrak 300.000 eurotan lizitatuz gauzatzea bultzatzeko. Aurreko lizitazioa iaz egin zen, 250.000 euroan, eta esleitu gabe geratu zen. Egungo espazioaren edukiera txiki gelditu delako eginen dira lanak; gainera elkarte memorialisten eskaera historikoa da.
Gobernuak hilotzak lurpetik ateratzeko indarreko protokoloari jarraituz jasotako gorpuzkiei buruzko informazio guztia emanen dio Udalari, eta honek banan-banan hilobiratuko ditu, haien identifikazioa eta kokapena bermatuz. Panteoia kontserbatzea eta mantentzea Udalaren lana izanen da. Hobiratzeei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere gain hartuko ditu gorpuzkiak leku batetik bestera aldatzeak sortutako gastuak, izan ehorzteko, izan hobitik atera eta senideei emateko.
Ehorzketak
Hitzarmenaren testuak gorpuzkiak panteoi berrian ehorzteko baldintzak ezartzen ditu: 1936ko gerra zibilaren edo frankismoaren biktimak izan behar dute, Nafarroako Foru Komunitateko Hilotzak lurpetik ateratzeko Protokoloaren arabera desagertuak eta hobitik atereak. Hiru egoera adierazten dira: Nafarroako hobi batean aurkitutako gorpuzkiak, identifikatu ezin izan direnak, edo, identifikatuak izan arren, haien senideei ezin eman izan zaizkienak edo familiek haien gain hartu ez dituztenak; fusilatutako eta identifikatutako Iruñeko bizilagunen gorpuzkiak, haien familiek hala eskatzen badute, eta Estatuko beste leku batzuetako hobietan aurkitutako biktima nafarrak, identifikatu ondoren haien senideei ezin eman izan dizkietenak edo haien ardura hartu ezin izan dutenak edo Panteoian lurperatzeko eskatzen dutenak.
Gaur sinatutako hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa da, eta beste lau urtez luzatzen ahalko da.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak panteoi berria egiteko hitzarmena sinatu dute Gerra Zibilak eta frankismoak Nafarroan eragindako biktimen gorpuzkiak hobiratzeko