Fermín Alonso, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasun Jasangarriko eta Jasangarritasuneko zinegotziak, eta Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak gaur goizean aurkeztu dute hirian kargaguneak paratzeko bi aldeek sinatu duten lankidetza-hitzarmena. Hitzarmen horren asmoa da mugikortasun elektrikora igarotzeko behar diren kargaguneen azpiegitura hedatzen laguntzea. Aurreikuspenen arabera, arlo horretan eginen den lehen jarduketa Arrosadiko disuasio-aparkalekuan kargaguneak ezartzea izanen da.
Fermin Alonsok, hiritar guztien onurarako izanen den Udalaren eta Gobernuaren arteko elkarlana azpimarratu du. Ekimen hau 2030. urteko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Iruñeko Estrategiaren parte da, eta isurketak murriztu eta energia-eraginkortasuna hobetzea du helburu. “Iruñeak ibilgailu elektrikoendako ia berrogeita hamar kargagune ditu dagoeneko, eta kopuru horrek gora eginen du arian-arianmugikortasun elektrikora igarotzea errazteko”. “Kargagune kopuru handiena duen estatuko bosgarren hiria da, neurri eta biztanle askoz ere gehiago duten beste batzuen aurretik”.
2023an Iruñean José María Iribarren HOHIPn bi kargagune eta Cardenal Ilundain HLHIPren ondoan zortzi kargagune ezartzea ere aurreikusi da, biak instalazio fotovoltaiko banari lotuak. Iruñeak ibilgailu elektrikoei beherapenakeskaintzen dizkie zirkulazio-baimenean eta hiriko eremu arautuetan aparkatzean ez ordaintzea.
Irujo kontseilariak, bestalde, “Nafarroako mugikortasun elektrikoa bultzatzeko Agendaren eta departamentuak bestelako mugikortasun jasangarri bat sustatzeko dituen eskumenen barruan" kokatu du hitzarmena. “Nafarroa da estatuan ibilgailu elektrikoek arrakasta handiena (6,9%) duten erkidegoa, baina herritarren parte batek ibilgailu elektrikorako pausua emateko oztopo modura ikusten du oraindik kargagunerik ez egotea”. Irujok honako hau ere aipatu du: “ kargagune-sarea Nafarroa osoan hedatzeko ahaleginean ezin dugu ahantzi herritarren % 80 hirigune handietan bizi dela eta ibilgailuen jabeen % 70ek ez duela bere jabetzako aparkalekurik ”.
Azkenik, Irujok nabarmendu duenez, Agendaren baitan “Iruña bezalako udal handiekin zein txikiekin ari gara lanean, eta haien eskura jarri dugun Navarra te recarga plataformak, kargaguneak doan kudeatzea ahabidetuko die”. portal de transición energética webgunean eskura dagoen kargaguneen bisorea aplikazio horren osagarri da eta; sortu ahala bertan sartuko dira hitzarmen honi esker sortuko diren kargagune berriak.
Hitzarmena
Hitzarmenaren helburua da ibilgailu elektrikoak kargatzeko azpiegitura gehiago jartzea herritarren eskura hiriko puntu estrategikoetan. Horretarako, bi administrazioek hainbat ondasun eta baliabide emanen dituzte.
Iruñeko Udalak bide publikoko espazioa jarriko du proiektuaren zerbitzura, behar diren kableak jartzeko eta puntuak instalatzeko. Nafarroako Foru Administrazioak, berriz, kargaguneak erosi eta ezarriko ditu. Behin amaituta, Iruñeko Udalari lagako dio erabilera, kargaguneak kudea ditzan.
Kargaguneen kokapena planifikatu eta non ezarri kudeatzeko, Jarraipen Batzorde misto bat sortuko da. Batzorde horrek bi administrazioen ordezkariak izanen ditu eta Hitzarmena gauzatzea bultzatuko du, eta ekintzen jarraipena egin eta sortzen ahal diren arazoak konpontzeaz arduratuko da.