Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko VII. Bertsopaper Lehiaketa deitu dute

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko VII. Bertsopaper Lehiaketa deitu dute
Egile nafarrek edo Foru Komunitatean bizi direnek euskarazko, jatorrizko eta gai eta neurri libreko lanak aurkezteko aukera dute azaroaren 27ra bitarte
Bertsopapera

 

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Nafarroan bertsolaritza sustatu eta bultzatzeko elkarteak, Iruñeko VII. Bertsopaper lehiaketa antolatu dute. Lehiaketak bertsolaritza eta bertsopaperak sustatu nahi ditu. Lehiaketa Nafarroakoak diren edo Nafarroan bizi diren egileei zuzenduta dago, eta hiru kategoriatan parte hartzen ahalko dute adinaren arabera. 

A kategoria 2013. urtean edo ondoren jaiotakoak barne hartzen ditu, eta gutxienez bi bertso, eta gehienez ere lau dituzten lanak aurkeztu beharko dituzte. B kategorian –2009tik 2012ra (biak barne) jaiotakoendako–, gutxienez 4 eta gehienez 8 bertso dituzten lanak aurkeztuko dira. Azkenik, C kategorian, 2008an edo lehenago jaiotakoek parte hartzen ahalko dute, eta aurkeztuko diren lanek gutxienez 12 bertso eta gehienez 16 edukiko dituzte eta osotasun moduko bat izan beharko dute.

A eta B kategorietan gehienez hiru lan aurkezten ahalko dituzte egileek. C kategorian lan bakarra aurkezten ahalko da. Azken kategoria horretan, aurreko bi ediziotan lehen saria lortu duena ezin da berriro modalitate berean aurkeztu. Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, eta euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Gainera, bertsoen doinua zehaztu beharko da. Eta lanek oinarrizko kalitate irizpideak bete beharko dituzte. 

Interesa dutenek beren lanak eta datuak www.pamplonaescultura.es/eu/ webgunean aurkeztu beharko dituzte, horretarako gaitutako inprimakia beteta. Jatorrizko lanak aurkezteko azken eguna 2026ko azaroaren 27a (ostirala) da. Deialdiaren oinarriak osorik kontsultatzen ahal dira www.pamplonaescultura.es/eu/ eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen webguneetan.

Hiru sari kategoria bakoitzeko
Iruñeko VII. Bertso-paper lehiaketan 4.000 euro banatuko dira sarietan, hiru kategoria bakoitzeko. A kategorian 150, 100 eta 50 euro, hurrenez hurren, balio duen kultura-bonu bat aurkeztutako hiru lan onenendako. B kategorian, sariak dirutan izanen dira, eta lehenengo, bigarren eta hirugarren lan onenek 350, 200 eta 150 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. C kategorian, lehen saria 1.500 euro izanen da; bigarren saria, 1.000 euro, eta hirugarren saria, 500 euro. Bertsolaritzan adituak diren hiru lagunek osatuko dute sariak erabakitzen dituen epaimahaia eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatuko ditu. Sari-banaketa 2027ko otsailean eginen da, Bertsoaroa udal-programarekin batera.

C kategorian lehen saria lortzen duenak baimena emanen die Iruñeko Udalari eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteari emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko, lehiaketa ebatzi eta urtebeteko epean, sariarekin batera emandako diru-ordainaz bestekorik jaso gabe. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak lehen argitalpena edo ekoizpena egiteko eskubidea haiendako gordeko dute, baina hortik aurrera, oinarrietan ezarritakoarekin bat, saritutako lanak ustiatzeko eskubideak egile bakoitzarenak izanen dira.

¿Te ha sido útil esta página?