Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketarako deia egin dute, hau da, bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoen literatura-lehiaketa baterako. Hiru kategoria ezarri dira, eta horietako bakoitzean, hiru sari. Nafarroan jaio edo Nafarroan bizi diren egileek hartzen ahal dute parte. Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Halaber, bertsoen doinua zehaztu beharko da.
C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lan bakarra aurkezten ahal dute, gutxienez 12 bertsokoa, eta gehienez 20koa, eta nolabaiteko batasuna osatu behar dute. Lehen saria 1.500 euro izanen da; bigarrena, 1.000 euro, eta hirugarrena, 500 euro. B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoek hartzen ahal dute parte (biak barne), eta gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte, 4 eta 8 bertso artekoak. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro.
A kategoria 2007an edo ondoren jaiotakoei zuzentzen zaie. 2 bertso gutxienez eta 4 gehienez idatzi beharko dituzte. Lehen saria 150 euroko kultura-bonoa izanen da; bigarrena 100 eurokoa, eta hirugarrena 50 eurokoa. Gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte. Kultura-bonoak dendetan trukatu daitekeen txartel baten bidez ordainduko dira.
Lanak hemen aurkeztu: www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es
Parte-hartzaileek haien lana eta parte hartzeko datuak aurkeztu beharko dituzte www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es webguneetan, horretarako haien hasiera-orritik eskuratu daitekeen formulario bat betez. Gune horretan berean oinarriak osorik kontsultatu daitezke.
Epaimahaia Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatuko du eta bertsolaritzaren arloko hiru adituk osatuko dute. Sari-banaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen duten Bertsoaroa zikloan izanen da, 2020ko azaroan.
Behin saria ordainduta, egileek baimena emanen dute saritutako lanak urtebeteko epean argitaratzeko. Halaber, C kategorian lehenengo saria jasotzen duen egileak baimena emanen die erakunde antolatzaileei saritutako lanean oinarritutako emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko.
Lanak aurkezteko jarraibideak
- Formularioa igorri www.irunakulturada.eus edo www.pamplonaescultura.es webgune bidez.
- Egilearen datuak bete. Datu pertsonalak. Jaioteguna eta jaioterria. Helbidea: Telefonoa. Posta elektronikoa.
- Bertsopapera duen artxiboa igo. Artxibo bakarra igo beharko da, PDF formatuan (sistemak ez du onartuko beste luzapenetako artxiborik) eta honela izendatu beharko da: BERTSOPAPERAREN IZENBURUA.pdf. Ez artxibo honen izenean ez edukian, ezinen da egilearen nortasunaren inguruko aipamenik egin, ezta datu pertsonalik adierazi ere.
- Klik egin lehiaketara aurkeztutako lanaren egilea zarela esaten duen aitorpenean, non esan behar baita, halaber, obra jatorrizkoa eta argitaragabea dela.
- Formularioa igortzeko, sakatu horretarako gaitu den botoia. Izapide honek ez du amaitzen izen-ematea. Aditzera emanen dizute mezu elektroniko bat jasoko duzula datu pertsonalei buruzko atalean emandako helbidean, eta horra bidaliko dizute formularioaren datuen laburpena. Mezu horretan, aurkeztutako datuekin bat bazatoz, aukera edukiko duzu datuok baliozkotzeko eta izen-ematea bukatzeko.
- Hori eginda, azken mezu bat jasoko duzu, non berretsiko baita zure parte-hartzea lehiaketan, bertsopaperaren izenburuarekin, identifikazio agiriarekin eta lehiaketan erreferentziazkoa izanen den plika-zenbakiarekin batera. Mezu hori izanen da lehiaketan parte hartzeko egiaztagiria.
- Lanak aurkezteko beste edozein bide, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidean aurreikusten direnen artean
- Kasu honetan, interesdunek gutun-azal itxi bat aurkeztuko dute, eta haren barruan, lanaren kopia bat. Gutun-azalaren kanpoko aldean, honako testu hau idatzi behar da:
- - Literatur lehiaketa – Bertsopaper lehiaketa
- - Kategoria: (dagokion kategoria adierazi)
- - Lanaren izenburua: (bertsopaperaren izenburua adierazi)
- Gutun-azal horren barnean, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita eta kanpo aldean bertsopaperaren izenburua idatzita eramanen duena, eta horren barnealdean, orri bat, egilearen datu pertsonal hauek adierazita: izena eta bi abizen, jaiotze-data, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, horiek guztiak bertsopaperaren egileari dagozkionak. Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.