Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak Haurrendako Antzerki Testuen XXXIV. Lehiaketa abiarazi dute, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak Haurrendako Antzerki Testuen XXXIV. Lehiaketa abiarazi dute, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan
Jatorrizko lan argitaragabeak aurkezteko epea ekainaren 10ean bukatuko da; iaz 125 lan jaso zituzten, 2023an baino % 65 gehiago
concurso textos teatrales eus

 

Ekainaren 10ean, 23:59ean, bukatuko da Haurrendako Antzerki Testuen XXXIV. Lehiaketara lanak aurkezteko epea; aurten ere Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatu dute. Gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetarako deia egin da, eta 18 urtetik gorako edonork har dezake parte. 

Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkezten ahalko ditu, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, betiere baldintza hauek beteta: testuak argitaragabeak eta jatorrizkoak izanen dira; ezin da testu bera aurkeztu bi modalitateetan; ezin dira beste edozein lehiaketatan saritutako lanak aurkeztu; eta beste konpainia profesional edo amateur batzuek estreinatu ez dituzten lanak izanen dira. Antzezlanek haurrendako lanetan ohikoa den iraupena izan behar dute. 

Lanak telematikoki aurkeztu behar dira, concursodetextosentnae@gmail.com helbide elektronikoaren bidez. Gaian “HAURRENDAKO ANTZERKI-TESTUEN XXXIV. LEHIAKETA” jarri beharko da eta bi fitxategi atxikiko dira: 1. FITXATEGIAK “TESTUA” izena izanen du eta izenburua, testua eta egileak lehiaketara aurkezteko erabilitako izengoitia jasotzen dituen PDFa jasoko du; 2. FITXATEGIAN, “PLIKA” izenarekin, honako hauek jasoko dira: lanaren izenburua eta egilearen izengoitia; curriculum laburra; goiburuan haren izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa; NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta idatzizko adierazpen bat, non jasoko baita lanak baldintzak betetzen dituela, eta egileak deialdiaren oinarriak ezagutzen eta onartzen dituela.

Kalitatea, sormena, originaltasuna eta taularatzea
Saria jaso dezaketen testuak aukeratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta antzerkiaren esparruko hiru profesionalek osatuko dute bi kategorietako bakoitzean. Epaimahaiaren epaia iraileko lehen astean emanen da jakitera. Euskaraz zein gaztelaniaz, 2.500 euroko sari bakarra finkatu da lan irabazle bakoitzerako.

Saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, eta urtebetez argitaratzen edota antzezten ahalko dituzte antzezlan horiek. Saritutako lanaren egileak lana erakusteko eskubideak lagako ditu Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako, urtebetez saria ematetik aitzina. Sari ekonomikoa eskuratu ez ezik, lan irabazlea ekoiztu eta ikustera eman ohi da.

Gainera, gaztelaniazko lan irabazlea urteko Eguberrietako programazioaren parte izaten da, eta euskarazkoa, berriz, eskola-kanpainaren parte. 

Iaz 125 lan aurkeztu ziren, 2023an baino % 65 gehiago. Horietatik, 119 gaztelaniaz idatzi ziren, eta 6, euskaraz. Honako hauek izan ziren lan irabazleak: Goiz Eder Iturain Aramendiren Izar uxo, eta Paula Llorens Camarenaren El arbol (Zuhaitza). 

¿Te ha sido útil esta página?