Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak haurrendako antzerki-testuen lehiaketarako deia egin dute aurten ere

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak haurrendako antzerki-testuen lehiaketarako deia egin dute aurten ere
Jatorrizkoak bai gaztelaniaz bai euskaraz aurkez daitezke, eta epemuga uztailaren 22a da

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak haurrei zuzendutako antzerki-testuen lehiaketarako deia egin dute aurten ere, Lehiaketaren hogeita zortzigarren edizioa da, bai gaztelaniaz bai euskaraz haur-antzezlanak sortzeko pizgarri, sariek antzezlanaren taularatzea barne hartu ahal dutelarik. Proposamenak uztailaren 22a arte aurkeztu ahal dira.

Deialdiaren oinarrietan jasotzen den bezala, lehiaketa honetan 16 urtetik gorako pertsonek orok hartu ahal dute parte. Egile bakoitzak, gehienez ere, hiru testu aurkeztu ahal ditu, gaztelaniaz edo euskaraz idatziak, baldintza hauekin bat: argitaratu gabeak eta jatorrizkoak izango dira; testu bera ezin da aurkeztu bi modalitateetan; ez dira beste ezein lehiaketatan saridunak izango; eta ezein konpainiak (profesionala edo amateurra) estreinatu gabeak izango dira. Gainera, antzerkiak haurrei zuzendutakoek izan ohi duten iraupena izan behar du.

Lerro arteko tarte bikoitzaz mekanografiatuta, lanen hiru ale igorriko dira, gutun-azal itxian eta izenordeaz, Nafarroako Antzerki Eskolara (San Agustin k., 5, 31001 · Iruña), “Haurrendako Antzerki Testuen XXVIII. Lehiaketa” idatzirik. Aipatu gutun-azalean beste bat egongo da sartuta, itxita, kanpoan izenordea duela, eta, barruan, egilearen izen-abizenak, helbidea eta telefonoa, NANaren kopia, lanaren jatorrizkotasunari buruzko aitorpena eta curriculum laburra.

Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta hiru pertsonak osatuko dute, kategoria bakoitzeko, hau da, hiru gaztelaniazkoan, eta beste hiru euskarazkoan. Saritu beharreko testuak aukeratzeko, besteak beste honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Epaimahaiaren epaia 2019ko irailaren lehen hamabostaldian emango da jakitera.

2.500 euroko diru-sari bakarra ezarri da, modalitate bakoitzeko (gaztelania eta euskara). Gainera, saritutako lana Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko da, urtebetez, hura argitaratu edota antzezteko. Hortik aurrera, egileak erabili ahalko du lana, betiere lehiaketaren sariaren izena aipatzen badu.

Lehiaketaren aurreko edizioan, 2018an, guztira 48 lan aurkeztu ziren, horietako 41 gaztelaniaz eta 7 euskaraz. Euskarazko lan irabazlea Goiz Eder Iturain Aramendiren Mikaela Paela izan zen; 2.500 euro jaso zuen dirutan, eta apirilean Nafarroako Antzerki Eskolan taularatu zen.

 

¿Te ha sido útil esta página?