Iruñeko Udalak eta Itxaropenaren Telefonoak nerabeen bakardadea arintzeko eta autoestimua sustatzeko lantegi bat jarri dute abian

Iruñeko Udalak eta Itxaropenaren Telefonoak nerabeen bakardadea arintzeko eta autoestimua sustatzeko lantegi bat jarri dute abian
2021ean 65 urtetik gorako pertsonei laguntza emozionala emateko sinatutako hitzarmena zabaldu egin da nerabezaroko osasun mentalari heltzeko

Iruñeko Udalak eta Itxaropenaren Telefonoak nerabeengana ere zabaldu dute lankidetza. 2021etik aurrera 65 urtetik gorako adinekoei zuzendutako laguntza emozionaleko lantegiekin batera, 14 eta 18 urte bitarteko gazteendako lan pertsonaleko doako lantegi bat jarriko da abian urteko lehen hiruhilekoan, bakardadearekin, autoestimuarekin eta harreman sozialekin lotutako alderdiak lantzeko. Otsailaren 15etik aurrera emanen da lantegi horren berri udal-baliabideetan. 

Gazteen osasun mentalaren eta bakardadearen narriadura errealitate bat da; hala erakusten dute hainbat azterlanek. Itxaropenaren Telefonoaren datuen arabera, gazteen % 21ek bakardade larria du, eta % 21ek dio ez duela lagunarterik. Nafarroako Gazteriaren Institutuak osasun mentalari buruzko azterlan bat egin zuen, eta horren arabera, COVID-19ak gazteen % 54,4ri kalterako eragin dio ongizate emozionalean.

Arazo hori detektatuta, Iruñeko Udalak eta Itxaropenaren Telefonoak erabaki dute 2021ean sinatutako hitzarmenean jasotako jarduerak haur eta gazteei zabaltzea, ‘Ezagutu zeure burua, Zu zeu izan’ izeneko lan pertsonalerako lehen lantegia abian jarrita. María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Gizarte Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Begoña Arbeloa Itxaropenaren Telefonoaren lehendakariak eta Paula Fuentes psikologoak aurkeztu dute lantegi berri hori; hala ere, ekimenak ez du gehikuntzarik eraginen Udalak jartzen duen 20.000 euroko zenbatekoan.  

Lan pertsonalerako lantegiari buruz
Lantegia hiru hilabetez egiteko antolatu da, astean bi orduko hamabi saiotan, Itxaropenaren Telefonoaren egoitzan (San Blas kalea 13). 14 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzendua dago, eta guraso edo tutoreek baimena sinatu behar dute. Nerabeak auzo-unitateen, osasun-zentroen eta haur eta nerabeentzako COworkids udal-programaren bidez bideratuko dira lantegira. Guztira, 24 orduko prestakuntza, hausnarketa eta laguntza eskainiko da, gehienez ere 12 pertsonako lantaldeetan, eta saio guztiak edukietan eta nerabeekiko lanean trebatutako koordinatzaile batek lagundu eta gidatuta eginen dira.

Lantegiaren helburua norberaren ezagutza pertsonala lantzea da, bere mundu emozionala, pentsamenduak, sentimenduak eta harremanak arakatuz. Nork bere burua ezagutzen eta besteekin hobeto erlazionatzen ikastea da asmoa, bai eta espazio segurua eta konfiantzazkoa eskaintzea ere, hitz egin eta haien kezkak partekatu ahal izan ditzaten. Edukiak hiru multzotan banatzen dira: neure buruarekin dudan harremana (emozioak, sentimenduak, autokontzeptua, autoestimua, nire gorputzarekiko harremana, pentsamendu suizidak), gainerako pertsonekin dudan harremana (komunikazioa, familiarekiko harremana, lagunak, bikotea...) eta munduarekin dudan harremana (nire nia etorkizunean). 

Saio bakoitzak eduki teorikoko lan bat izanen du, etxean egin beharrekoa. Saioan zehar, talde dinamikak landuko dira, egindako lan teorikoak azalduko dira, partaide bakoitzari ‘berea’ partekatzeko denbora emanez.

Iruñeko Udalaren eta Itxaropenaren Telefonoaren arteko hitzarmena
2021eko ekainean, Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Itxaropenaren Telefonoarekin, 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako laguntza psikologikoko programa bat garatzeko. Asmoa zen COVID-19ak eragindako osasun-egoeraren ondorio emozionalak gainditzen lagunduko zien doako zerbitzu kualifikatu bat jartzea adinekoen eskura. 

Laguntza psikologiko eta emozionala emateko programak arreta psikologikoko taldeak gainbegiratzen dituen bi ekintza-ildo ditu. Lehenengo ildoan, banakako aholkularitza telefonikoa eskaintzen da, eta haien zaurgarritasun-egoeraren ondorioz arreta pertsonalizatuagoa behar duten pertsonei aurrez aurre ematen zaie arreta, banaka edo taldeka. Telefono bidezko aholkularitza pertsonalizatua nabarmen murriztu da pandemia gainditu ondoren, eta, horregatik, programa nerabezarora zabaltzearen aldeko apustua egin da orain.

Bigarren jarduketa-ildoak hainbat lantegi ditu ardatz, honako hauen inguruan: ongizate emozionala, estresaren kudeaketa, bizi-ohitura osasungarriak, antsietatearen prebentzioa, pertsonen arteko komunikazioaren hobekuntza, insomnio edo depresioa. Lantegiak doakoak dira eta udal-lokaletan eginen dira. Lantegi bakoitzaren iraupena 8 ordukoa da eta prestakuntza bakoitzeko 12 plaza eskaintzen dira. Urte eta erdian hamar lantegi antolatu dira eta 133 pertsonak parte hartu dute (106 emakumek eta 27 gizonek).

¿Te ha sido útil esta página?