
Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak lankidetzarako hitzarmena sinatu dute Txantreako hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko lanak gauzatzeko. Lan horiek proiektuaren laugarren fasekoak dira eta honako kale hauei eraginen diete: Artaxoa kalea Etxarri-Aranatz kalera arte, Ezkaba,San Kristobal, Euskararen plaza eta Erlojuaren Plaza.
Lanak bi proiektutan sartu dira: “Iruñeko Txantrea auzoko kaleak berrurbanizatzeko proiektua (IV. fasea)”, Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorrak idatzitakoa, lizitazioren oinarrizko aurrekontua 6.006.308,82 eurokoa (BEZ barne) eta 12 hilabeteko gauzatzeko epea dituena, eta, “Txantrean sareak berritzea”, Iruñerriko Mankomunitateak idatzia, gauzatzeko aurrekontua 1.647.297,42 eurokoa (bez barne) eta 5 hilabeteko gauzatzeko epea dituena.
Txantrean eginen den jarduketa hori Nafarroako Gobernuaren Tokiko Inbertsioen Planeko behin behineko dirulaguntzen barruan sartuta dago, eta sareak berritu, zoladura eta zeharkaleen urbanizazio lanak egiteko laguntzak eskaintzen ditu, beste inbertsio-lerro batzuen artean. Bi proiektuek diruz laguntzen ahal den gastuaren % 85 jasoko dute.
Proiektuan eginen diren obrak honako hauek izanen dira: aipatutako zortzi kale eta plazetako zoladura guztiz berritzea, etxe-multzoetako bidegurutzeak berriz antolatzea maila bereko eta beheratutako oinezkoen pasabideak sortuta, Erlojuaren plazaren ondoko kaleen elkargunea berrantolatzeko biribilgune bat eraikitzea, hiri-argiteria berria jartzea, sortu berri diren berdeguneak eta finkatzen diren berdeguneetako lorezaintza, baita ureztaketa instalatzea eta hiri altzariak ordezkatzea ere.
Eraberritze honetan bete beharreko jarraibideek auzoko gainerako faseetan egin diren zoladuretan erabilitako ildo bera mantenduko dute, eta oinezkoei lehentasuna emanen zaie. Proiektuarekin batera saneamendu-, euri- eta hornidura-sareak ere berrituko dira, Iruñerriko Mankomunitateak idatzitako eta Hitzarmenean sartuta dagoen proiektuaren bidez.