Iruñeko Udalak eta Goizargi elkarteak Record-ARTE eskainiko dute, dolu-prozesuak bideratzeko sorkuntzaren boterea aldarrikatzen duen lehen jarduera-zikloa

Iruñeko Udalak eta Goizargi elkarteak Record-ARTE eskainiko dute, dolu-prozesuak bideratzeko sorkuntzaren boterea aldarrikatzen duen lehen jarduera-zikloa
Jarduerak, hainbat formatu eta hizkuntzatan eginen dira, urriaren 30etik azaroaren 25era, Kondestable Civivoxean

recordarte cartel


Goizargi elkarteak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Civivox sarearen bitartez, Record-ARTE ziklo berria antolatu du, adierazpen artistikoa dolu-prozesuetarako tresna gisa aldarrikatzen duen kultur zikloa. Ziklo hori Kondestablen eginen da, urriaren 30etik abenduaren 1era arte, eta hainbat korronte artistikorekin lotutako Santu Guztien egunaren inguruko jarduerak biltzen ditu.

Poesia, haurrendaako antzerkia eta jarduera didaktikoak, bi kontakizun zinematografikoren proiekzioa, mahai-inguru musikala, erakusketak eta bisita gidatuak, dira adin guztietako ikusleak biltzeko asmoz eskainiko dituen aukerak. Jarduerak gaztelaniaz eta euskaraz izanen dira, eta gehienak sarrera librekoak badira ere aurrez izena emanda, azaroaren 3ko haurrendaako antzerkiak euro bateko prezioa du eserleku bakoitzeko.

Kondestable Civivoxean gaur goizean egin den agerraldi publiko batean egin dute zikloaren aurkezpena. Bertan parte hartu dute Iñigo López Eguiluz Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak; Rakel Mateo Goizargiko zuzendariak; Manuela Orbegozo eta Maia Ansa, Pájaros Pintados sorkuntza eszenikoko, lankidetzako eta bitartekotza artistikoko konpainiaren El jardín de Olivia (Oliviaren lorategia) antzezlaneko antzezleak; Mercedes Aranguren, Merakil Film Festival 2023 jaialdiko lan irabazlea izan zen ‘El Camino de Nerea’ film dokumental ertainaren zuzendariak, eta Leire García mahai-inguru musikalean parte hartuko duen musikoterapeutak.

Record-ARTE zikloaren barruan, aste honetan, formatu ezberdineko hiru erakusketa irekiko dira civivox zentro horretan. Alde batetik, haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta jaioberritako doluaren inguruko argazki erakusketa, Esku Hutsik Elkartearen eta Uneak fotografia argazki estudioko Nerea Garaizarren eskutik. Bestetik, Ionan Aisaren ‘Apparition’ erakusketa bisitatu ahal izanen da, egileak collage bidez garatutako bilduma. Lan horietan doluaren unibertsoa jorratzen du eta bere sendatze-prozesuari era introspektiboan begiratzen dio. Azkenik, Óscar Alonso diseinatzaile grafikoaren 72 kilo izeneko binetetan, Goizargik elkarte gisa egiten duen lana jasotzen da. Hiru erakusketak udal zentroko ordutegian bisitatu ahal izanen dira, abenduaren 1era arte.

‘Santu guztien’ astea
Hiru erakusketez gain, aste honetan bertan hasiko dira zikloko gainerako jarduerak ere. Urriaren 30ean (asteazkena), 19:00etan, adin guztietarako pentsatutako Begoña Abaden poesia-errezitaldi bat da lehen proposamena. 

Gainera, datorren asteburuan, 6 urtetik gorako haurrendaako diseinatuta, Pájaros pintados konpainiaren ‘El jardín de Olivia’ (Oliviaren lorategia) haurrendako eta familiendaako antzezlanaren bi saio eskainiko dira. Azaroaren 3an, igandearekin, eginen dira antzerki-emanaldiak: 12:30ean euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Aldez aurretik izena eman behar da, eta euro bat ordaindu beharko da eserleku bakoitzeko. Emanaldi bakoitzaren ondoren solasaldi bat eginen da parte-hartzaileekin. Libretoak azaltzen duenez, udaberriko lehen egunean, Olivia lorategira itzultzen da nola jaiotzen den ikustera eta neguak utzitako hondarrak garbitzera. Baina Olivia ez dago bakarrik, lorategi horretan familiako emakumeek belaunaldiz belaunaldi landutako oroitzapenak loratzen dira. Antzezlanean bidaia bat egiten da absentzietan eta denboraren joan-etorrietan barna, agurraren eta berriz elkartzearen bidez. 

Egun horretan bertan, 13:30ean, haurrendako doako jarduera bat eginen da, baina aurrez izena eman beharko da, eta gaztelaniaz errepikatuko da 19:00etan. Saioak 6 urtetik gorako adingabeendako dira.

Azaro osorako jarduerak
Azaroaren 8an, ostiralarekin, Record-ARTE zikloak dolu-prozesuei buruzko zinema eramanen du Kondestablera, heriotzari buruzko bi film laburren bitartez. Ondoren solasaldia eginen da Goizargiko ordezkarien, filmeetako zuzendarien eta bertaratzen direnen artean. Saioa 19:00etan hasiko da eta filmek 7 urtetik gorakoendako gomendioa dute.

Lehen filma Abril se fue en noviembre (Espainia, 20’23, 15’) da, Rosa Cabrera Díezena. Nerabe baten suizidioari buruzko ikus-entzunezko pieza bat da, bere lagun baten begietatik ikusia. Filmak urteetan zehar luzatzen den dolu-prozesu bat du ardatz; horregatik, istorioa bi garaitan kontatzen da, 90eko hamarkadaren amaieran eta 2019an. Bigarren ikus-entzunezkoa Mercedes Aranguren zuzendariaren El camino de Nerea (Espainia, 2022, 29’) film ertaina da; hainbat pertsonaren testigantzen bidez, Nerearen figura azaleratzen da. Bere izaera, zailtasunei aurre egiteko modua, bere alaitasuna, bere sendotasuna, bere xumetasuna, bere apaltasuna, besteei eskuzabaltasunez emandako laguntza eta haren eredua, ezagutzen duten pertsonen bihotzera iristen da, haien bizitzetan geratzeko. 

Astelehenean, azaroak 11, bisita gidatuak hasiko dira Kondestableko hiru erakusketetara, gaztelaniaz eta euskaraz: Haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta jaioberritako doluari buruzkoa, Apparition eta 72 kilo. Bi talde izanen dira, 18:00etan euskaraz eta 19:15ean gaztelaniaz, eta azaroaren 25ean beste bi bisita eginen dira ordutegi eta hizkuntza-modalitate berberetan.

Eta azaroaren 15ean, ostiralarekin, azken proposamena: entitateko lantaldeak dinamizatutako mahai-inguru bat. Bertan parte hartuko dute, Goizargi elkartearekin dolu-prozesuan egon diren edo, modu batera edo bestera elkartearekin harremana izan duten pertsonek eta hildako pertsona maitearen oroimenez abesti bat sortu dutenek. Saioa sarrera librekoa izanen da eta mota guztietako jendeari zuzendua. Ekitaldia 19:00etan izanen da.

 

*RECORD-ARTE. KONDESTABLE CIVIVOXA. URRIAK 30 – ABENDUAK 1

Urriak 30, asteazkena

POESIA-ERREZITALDIA

Begoña Abad

19:00, jende orori zuzendua, sarrera librea

Azaroak 3, igandea

HAURRENDAKO ETA FAMILIENDAKO ANTZERKIA

El jardín de Olivia (Oliviaren lorategia), Pájaros pintados konpainia. Antzezpenaren ondoren solasaldia

  • 12:30ean euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Aurrez izena emanda eta +6 urtekoek, heldu batek lagunduta Prezioa: 1 euro eserlekuko 

HAURRENDAKO JARDUERA DIDAKTIKOA

  • 13:30ean euskaraz eta 19:00etan gaztelaniaz. Doakoa, aurretik izena emanda.

Azaroak 8, ostirala

IKUS-ENTZUNEZKO PROIEKZIOAK

Abril se fue en noviembre

Fikziozko film laburra

Zuzendaria: Rosa Cabrera Díez 

El camino de Nerea 

Film dokumental ertaina 

Zuzendaria: Mercedes Aranguren

  • 19:00etan, +7 urtetik gorakoendako, heldu batek lagunduta, doan. Sarrera librea

Azaroak 11, astelehena

BISITAK GIDATUAK

Erakusketetara

  • 18:00etan (euskaraz); 19:15ean (gaztelaniaz). Doan. Aldez aurretik izena emanda

Azaroak 15, ostirala

MUSIKA-TOPAKETA / MAHAI-INGURUA 

Entitateko lantaldeak dinamizatutako mahai-ingurua. Bertan parte hartuko dute, Goizargi elkartearekin dolu-prozesuan egon diren edo, modu batera edo bestera elkartearekin harremana izan duten pertsonek eta hildako pertsona maitearen oroimenez abesti bat sortu dutenek.

  • 19:00etan Edozein adinetako ikusleentzat. Sarrera librea

Azaroak 25, astelehena

BISITAK GIDATUAK

Erakusketetara

  • 18:00etan (euskaraz); 19:15ean (gaztelaniaz). Doan. Aldez aurretik izena emanda

 

ERAKUSKETAK. KONDESTABLE CIVIVOXA. ABENDUAREN 1A ARTE

Tokia: Kondestablearen jauregiko patioa

Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30 – 21:30. Larunbatetan eta igandeetan eguerdian itxita (14:00etatik 17:00etara)

Sarrera librea

  • Argazki-erakusketa haurdunaldiko, jaiotza-inguruko eta jaioberritako doluari buruz
    Esku Hutsik elkartea eta Nerea Garaizar – Uneak fotografía
     
  • Apparition
    Ionan Aisa, egileak collage bidez garatutako bilduma. Lan horietan doluaren unibertsoa jorratzen du eta bere sendatze-prozesuari era introspektiboan begiratzen dio.
     
  • Binetak
    Óscar Alonso, 72 kilo izenez ezagutzen den diseinatzaile grafikoa. Goizargik elkarte gisa egiten duen lanari buruz. 

¿Te ha sido útil esta página?