Iruñeko udalak eta DYAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute mugikortasun-beharrak dituztenei zuzendutako ‘Igo eta jaitsi’ programa finantzatzeko

Iruñeko udalak eta DYAk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute mugikortasun-beharrak dituztenei zuzendutako ‘Igo eta jaitsi’ programa finantzatzeko
Programa ‘Iruñeak zaintzen zaitu’ zerbitzuen barruan egonen da, pertsona horien autonomia sustatzeko eta isola daitezela eragozteko
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak ‘Igo eta jaitsi’ zerbitzua babestuko du, Nafarroako DYAk mugikortasun murriztua dutenei ematen diena. Doako zerbitzu kualifikatua da, etxeetatik irteterakoan dauden oztopo arkitektonikoak eta materialak gainditzera bideratua. Azken finean, adinekoak edo mugikortasun-beharrak dituzten pertsonak laguntzea errazten da paseatzera edo erosketak egitera arriskurik gabe etxetik atera daitezen.

María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Peio Jiménez Nafarroako DYAko lehendakariak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute programa hori garatzeko; elkarteak duela bost urte abiatu zuen, eta 2022an Iruñeko Udala batu zaio. Hitzarmenean 20.000 euroko partida dago jasota ekimen horrekin elkarlanean aritzeko. Ekarpen horri esker, irteerak astean beste egun batez luzatu ahal izanen dira, egungo bi egunetatik hirutara.

Hala, mugikortasun arazoak dituzten pertsonen isolamenduari aurre egiten zaio; izan ere, haiek une jakin batzuetan bizilagunak edo senideak laguntza eske gogaitu baino etxean gelditzea nahiago dezakete. Hitzarmena urtebeterako sinatu da baina lau urtera arte luzatu daiteke aldeen berariazko akordiorik egiten bada.

Elkarlan hori duela aste batzuk aurkeztu zen ‘Iruñeak zaintzen zaitu’ programaren barruan kokatzen da, zeinetan Udalak hiriko adinekoek adinekoendako pentsatutako jarduerak, zerbitzuak eta prestazioak biltzen baitira. Funtsezko lau arlotan oinarritzen da: jarduerak, zaintzak, prestazioak eta partaidetza. ‘Iruñeak zaintzen zaitu’ programak zahartze aktibo eta osasungarria sustatu, autonomia bultzatu eta bizi kalitate hobea lortzeko kalitatezko arreta bermatzen du.

DYAren eta Iruñeko Udalaren arteko konpromisoa
Nafarroako Gelditu eta Lagundu (DYA) errepideetan laguntzeko elkarteak mugikortasun murriztua duten adinekoei edo oztopo arkitektonikoek kaltetutakoei oztopo horiek gainditzeko laguntza ematen die, horrela, astean hirutan, gutxienez, eguneroko zereginak egiteko aukera izan dezaten, erosketak edo paseoak kasu. DYAko boluntarioek bere lanarekin eta laguntzarekin etxetik beharrezko segurtasun neurri guztiekin atera ahal izatea errazten dute.

Iruñeko Udalak datu base bat jarriko du eskuragarri zerbitzua behar duten pertsonen izenekin eta telefonoekin. Halaber, auzo unitateei, osasun zentroei, adinekoen sareei eta beste hainbat udal-baliabideri helaraziko die zerbitzua. Gainera, programa hasten denetik, auzo-unitateetan edo beste baliabide batzuetan hautematen diren beste onuradun batzuen deribazioak eginen ditu eta hasierako datu basean txertatuko dira. Nafarroako DYAk 24 orduko epea izanen du zerbitzua behar duten pertsona deribatuekin, haien beharrak ezagutzeko.