Gaur goizean, Iruñeko Udaletxeko Harrera Aretoan, Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Ana Isabel Criado Contreras CSICeko Erakunde Harremanetarako lehendakariorde albokoak hitzarmen bat sinatu dute, datorren urtean Agrobioteknologiako Institutuaren (IDAB) egoitza berria Lezkairun ezartzeko. Patricia Fanlo Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria eta Juan Cruz Cigudosa Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako estatu-idazkaria bertan zirela egin da sinatze-ekitaldia.
Agiri horren bidez, Udalak aldi baterako lagapena eginen du, doako administrazio-emakidan, Lezkairuko irakaskuntza- eta kultura-ekipamenduko zuzkidurako lurzati batean Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiaren (CSIC) Agrobioteknologiako Institutuaren (IDAB) egoitza berria egin dezaten. Lagatako lurzoruak 4.600 metro koadroko azalera du eta Lezkairuko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe berriaren atzean dago, Iruña eta Mutiloa lotzen dituen NA-2304 errepidearekin muga egiten duen eremu batean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) campusetik oso gertu; izan ere, gaur egun bertan dago Agrobioteknologiako Institutua.
Jabari publikoko emakidarako hitzarmenean, CSICek konpromisoa hartzen du egoitza izanen den eraikina eraikitzeko, abian jartzeko eta erabilera- eta kontserbazio-egoera onean mantentzeko. Eragiketa horretan, Estatuak 7,5 milioi euroko inbertsioa eginen du CSICen bidez, berotegiak eta teknologia aurreratuko (1., 2. eta 3. mailakoak) biosegurtasuneko laborategiak izanen dituen zentro bat abian jartzeko Ekipamendu horren zati bat Nafarroako Gobernuak jarriko du. Gaur sinatutako hitzarmenaren arabera, lurzorua eta eraikina ezin izanen dira beste ezertarako erabili, Iruñeko Udalaren berariazko baimenik gabe.
Nekazaritza- eta osasun-arloetako azken belaunaldiko soluzio bioteknologiko jasangarriak
CSICi dagokio, halaber, besteak beste, eraikina eraikitzeko eta erabiltzeko behar diren obra guztiak egitea eta horien kostua bere gain hartzea, bai eta obretarako, horniduretarako eta hartuneetarako behar diren baimenak eta lizentziak eskuratzea ere. 75 urteko emakida amaitutakoan, lurzorua eta eraikina Iruñeko Udalari itzuli beharko zaizkio, erabilera-egoera onean eta Udalaren diru-kutxari gasturik eragin gabe.
Agrobioteknologia Institutuak xede izanen du egiten ari diren kalitatezko jarduera zientifikoak sendotzea eta, aldi berean, gizarte-erronka berriei aurre egitea, nekazaritzaren eta osasunaren esparruko azken belaunaldiko bioteknologiako irtenbideak aplikatuz, ikuspegi guztiz jasangarri batetik. Institutu hori eraikitzeak diziplina anizteko ingurune berri eta erakargarri bat sortuko du, bai egungo ikerlariendako, bai etorkizunekoendako, eta gizartearendako, oro har.
CSIC Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari atxikitako estatu-agentzia bat da, eta diziplina anitzeko ikerketa zientifiko eta teknologikoa sustatu, koordinatu, garatu eta zabaltzea du helburu, ekonomia-, gizarte- eta kultura-ezagutzan aurrerapausoak ematen, pertsonak prestatzen eta arlo horretako erakunde publiko eta pribatuei aholkularitza ematen laguntzeko.
Iruña eta Nafarroa Europako erreferente I+G+b arloan
Bere hitzaldian, Iruñeko alkatea pozik agertu da hitzarmen hau sinatuta hiriak “etorkizun hobe baterako zutabe diren ikerketaren eta garapenaren aldeko apustua egiten duelako, eta akordio honek bat egiten duelako gure helburuekin, hiriak berrikuntzaren eta zientzia aplikatuaren erreferente gisa duen posizioa finkatzearekin”, alegia. Iruñeko alkateak, halaber, akordio horren garrantzia nabarmendu du, gizarte-ikuspegitik dakarrenagatik: “elikadura nahikoa eta kalitatezkoa bermatzea da gizarte gisa aurre egin beharreko erronka handienetako bat, eta testuinguru horretan paper garrantzitsua hartzen du IDABen ikerketa-lanak”.
CSICen aldetik, Ana Isabel Criado Erakunde Harremanetarako lehendakariorde ondokoak azaldu duenez, azken 5 urteetan "IDABek ekoizpen zientifiko nabarmena erakutsi du, 100 ikerketa-artikulu, 13 doktorego-tesi, 8 patente-eskaera eta CSICeko oinarri teknologikoko 2 enpresa sortuta". Horregatik, “beharrezkoa zen IDABek bere bikaintasun-mailarekin bat etorriko diren instalazio berriak izatea” erantsi du.
Bestalde, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Patricia Fanlok nabarmendu duenez, "Institutu hau bikaintasuneko erreferente gisa finkatzen da ikerketari dagokionez, Nafarroako sare zientifikoa indartzen du, eta ezagutza funtsezko sektoreetara transferitzea sustatzen du, besteak beste, nekazaritza-elikadurara, jasangarritasunera eta teknologia aurreratura". Gainera, azpimarratu du Gobernuaren, CSICen eta Iruñearen arteko ahalegin horrek islatzen duela "etorkizunaren ikuspegi partekatu bat, non berrikuntza izango den ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aurrerapenaren eragilea, eta Nafarroa Europako puntako eskualdeen artean posizionatzen duela I+G+b arloan".
Juan Cruz Cigudosa Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako estatu-idazkariak eman dio amaiera ekitaldiari, eta gobernu zentralak inbertsioen arloan egindako ahalegina nabarmendu du, Nafarroa ikerketaren esparruan "Europako erreferente" gisa kokatzeko. 2018tik 2023ra bitartean Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateetako Ministerioak 425 milioi inbertitu ditu Nafarroan, 2012tik 2017ra inbertitu zena baino % 79 gehiago. Haren iritziz, zifra horiek "estatua egiten ari den” apustuaren erakusle dira, "zientziarik gabe etorkizunik ez dagoela" erabat sinetsirik. Bere hitzaldia amaitzeko Cigudosak iragarri du aurrerantzean ere lankidetza-proiektu gehiago eginen direla Iruñearekin.