Iruñeko Udalak elkarlan-hitzarmena sinatu du goizean Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartearekin, haren bidez gaixo horiek zaintzeko berariazko prestakuntza bultzatuko du, eta elkartekideek zaintzaileen bila sortu ahal dituzten enplegu-eskaintzetan bitartekari arituko da. Hitzarmena Esther Cremáes Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Aurora Lozano elkarteko lehendakariak sinatu dute. Bigarren hitzarmena da lan-ildo honetan, 2014an sinatutakoaren ondoren, eta, urteotan, bertan hartu da barne 64 pertsonaren prestakuntza.
Orain arte bezala, aipatu ekintzak Gizarte Ekintzako Alorreko Gizarteratze eta Laneratze Taldearen (GLT) eta Lan Bitartekotzako Udal Zerbitzuaren bidez egingo dira. Bi bitartekoek, enplegu-eskaintza eta -eskaria doituz laneratzea ahalbidetzea helburu, badakite zein den Alzheimerrek jotako pertsonak zaintzeko eta horien senideak laguntzeko prestatutako pertsonen beharra, dementzia dutenen zainketa-maila hobetze aldera.
Baina elkarlan honek enplegua eskatzen dutenen trebakuntza ere eta, hortaz, ikasleen enplegagarritasuna hobetzen ditu emakumeak nagusi diren eta lanak era egonkorrean eskaintzen diren esparruan, askotan lana eta familia bateragarri eginez. Aurreko edizioetan ikasleen laneratzeak %75 gainditu du beti.
Hitzarmenak, aurtengo abenduaren 31 arte sinatu eta urteka 2023. urtera arte luzagarria denak, urtero prestakuntza-ekintza bat egitea ahalbidetuko du.
Prestakuntza-ekintza bakoitzerako aurrekontua 6.000 eurokoa izango da, eta Iruñeko Udalak finantzatuko du osorik. Nafarroako Alzheimer Gaixoen Senideen Elkartea irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta bi egoitza ditu, bata Iruñean eta bestea, Tuteran. Elkartearen eginkizuna da informazioa, prestakuntza eta babesa ematea –gaixotasun hori jasangarriago egiteko– bai eta Alzheimer gaixotasuna eta bestelako dementziak ikertzeko ekimenak bultzatzea ere.
Prestakuntza eta lan-bitartekotza
Goizean sinatutakoaren arabera, Udaleko Gizarte Ekintzako Alorrak hitzarmenean adostutakoa gauzatzeko prest izango ditu Gizarteratze eta Laneratze Taldea (GLT) –ikasleei jarraipena egiteko–, eta prestakuntza emateko zein prestakuntza-jarduera osagarriak garatzeko lokalak; izan ere, berariazko teknikariak elkarteak izendatuko ditu.
Gizarte Ekintzako Alorreko Lan Bitartekotzako Udal Zerbitzua, ikasleen hasierako hautaketaz gain, balizko enplegu-eskaerei bitartekotza eta erantzuna emateaz arduratuko da, baita argibideak eta orientazioa emateaz ere, kontratuen lege-alderdiez bezainbatean.
Elkarteak, bere aldetik, prestakuntza diseinatu eta emango du, horretarako beharrezko materiala emanez; eta bere kideek Lan Bitartekotzako Udal Zerbitzua zein horren zereginak ezagutarazteko konpromisoa hartu dute.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Iruñeko Udalak eta Alzheimer Gaixoen Senideen Elkarteak berretsi dute prestakuntza-hitzarmena, non duela bost urte elkarlanean ari baitira