Iruñeko Udalak esku hartzeko eta jarraipena egiteko protokolo indartu berri bat aurkeztu du udal-apartamentuetan bizi diren pertsonendako

Iruñeko Udalak esku hartzeko eta jarraipena egiteko protokolo indartu berri bat aurkeztu du udal-apartamentuetan bizi diren pertsonendako
Protokoloak aldizkako bisitak ezartzen ditu, halako moduan non zaurgarritasun-maila handiena duten pertsonen jarraipena estuagoa izanen den

apartamentos tutelados

Iruñeko Udalak esku-hartze eta jarraipen protokolo berri bat aurkeztu du, eta udal-apartamentuetan bizi diren pertsonendako arreta integrala indartzen du. Protokoloak aldizkako bisitak areagotuko ditu, halako moduan non kalteberatasun soziosanitario handiagoa duten egoiliarren jarraipena estuagoa izanen den. Erabiltzaileen inguruko informazioa aldian-aldian eguneratzeak arreta hobea eta esku-hartze arinagoa bermatzen du edozein gorabehera antzemanez gero. Testuak, halaber, egoiliarrei aldizka eginen zaizkien bisitak jasotzen ditu, baita Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari (EELZ) berariaz uko egin badiote ere.

Adinekoendako udal-apartamentuak beren kabuz baliatzeko gai diren eta etxebizitza-arazo larriak dituzten 65 urtetik gorako pertsonei zuzendutako ostatu-zerbitzua dira. Gaur egun, Iruñeko Udalak 144 apartamentu ditu, 5 auzotan banatuta: Donibane, Iturrama, Milagrosa, Arrotxapea eta Alde Zaharra, eta banaka edo bikoteka erabiltzen ahal dira. Azken urteotan izandako eraldaketek esku hartzeko politika eta modu batzuk eguneratzea eta birdefinitzea eskatzen dute, zehazki adinekoei zuzendutakoak.

Udal-baliabideak egungo beharretara egokitzeko berrikuspen honetan, Iruñeko Udalak apartamentuetan egindako jarraipena eta esku-hartze soziala indartuko ditu, horretarako 4 familia-langile sartuz eta egoiliarrei dagoeneko ematen zitzaien arreta integrala hobetzen duen esku-hartze eta jarraipen protokolo bat ezarriz. 

Protokolo hau bost atal nagusitan banatzen da, eta barne hartzen dute harrera-, jarraipen- eta esku-hartze-prozesua, koordinazio-jarduera guztiak, etxebizitzaren barruan heriotza gertatuz gero egin beharreko jarduketak eta haren ebaluazioa.

Harrera-prozesua
Gizarte Ekintzako Alorrak garatutako dokumentuak erabiltzaileei arreta emateko jarraitu beharreko urrats guztiak zehazten ditu, harrera-prozesutik hasita. Lehen egoera horretan, plazaren bat libre dagoenean, elkarrizketa pertsonala egiten zaio hautagaiari, baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, funtzionamendu-araudia azaltzeko eta dagokion dokumentazioa aurkezteko. Ondoren, apartamentua bisitatzen da, pertsonak erabaki dezan etxebizitza onartzen duen edo uko egiten dion.

Lehen une horretan, funtsezkoa da apartamentuetako familia-langilea, harrera- eta integrazio-prozesu horretako erreferente gisa. Profesional horrek hurbileko bizilagunak aurkeztuko dizkio, baliabideari eta ingurune fisikoari, auzoari, baliabideei eta zerbitzuei buruzko laguntza eta/edo informazioa emanen dio, baita Larrialdietarako Telefono Zerbitzua izatea komeni dela aipatu ere.

Jarraipena eta esku-hartzea
Ahalik eta arreta onena bermatzeko, bloke bakoitzari esleitutako familia-langileek fitxa diagnostiko bat eginen dute, egoiliarren informazio guztia bilduko duena: familia-/gizarte-sarea egotea, osasun-egoera, apartamentuen barruko eta kanpoko sare informala, etxebizitzaren antolaketa eta mantentzea, osasun-arazoak detektatzea, eta esku hartzea eska dezaketen autonomia fisiko eta/edo psikologikoko zailtasunak.

Fitxei esker, arreta- eta jarraipen-mailak eta -lehentasunak ezar daitezke, zaurgarritasun soziosanitarioaren mailaren arabera: zuzeneko senideen estaldurarik eta/edo laguntza-sarerik eza, narriadura kognitiboa eta memoria-akatsak dituzten pertsonak, mendetasun eta/edo desgaitasun aitortua dutenak, EELZren eta Larrialdietarako Telefono Zerbitzuaren erabiltzaileak, sindrome depresiboak eta/edo zaurgarritasuna areagotzen ahal duten bestelako sintoma psikologikoak dituztenak eta pertsona autonomoak. Protokoloak aldizkako bisitak ezartzen ditu, jarraipena estuagoa izan dadin zaurgarritasun-maila handiagoa duten pertsonendako.

Gainera, arreta indartu eginen da ospitaleko alten edo eriondoen kasuan, maizterren arteko gatazketan, senideekin izandako arazoetan, araudia ez betetzean edo zikinkeria eta objektuak pilatzen diren egoeretan. Aldi baterako absentziak gertatuko badira, erabiltzaileak abisatu beharko du, absentziaren arrazoia eta iraupena zehaztuz.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua 
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ) gomendatzen da hura ezartzea oinarritzen duen balorazio teknikoa dagoen kasuetan. Pertsona Erdigunean jartzen duen Arreta Integralaren ereduari jarraiki, zerbitzu hori ezin da inposatu; horregatik, pertsonak uko egiten badio, idatziz jaso beharko da, eta egoiliarraren egoeraren eta etxebizitzaren higiene-, osasungarritasun- eta mantentze-baldintzen aldizkako jarraipena eginen da. 

Jarduera horiekin batera, ohitura osasungarriak sustatzeko eta hezkuntzari eta gizarte eta komunitateari laguntzeko esku-hartze psiko-hezitzaileak eginen dira. Horrela, gestioak egiteko eta bisita medikoetara joateko laguntza eskainiko da, eta aisialdiko eta topaketako jarduerak, egoiliarren interesei eta lehentasunei jarraituz.

Ekintzen koordinazioa da dokumentuaren beste gakoetako bat. Koordinazio horretan parte hartzen dute apartamentuetako gizarte-laneko teknikariak, bloke bakoitzari esleitutako familia-langileek, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ) ematen duten langileek eta Auzo Unitateetako gizarte-langileek, bai eta beste eremu batzuetako profesionalek ere, hala nola osasun-zentroetakoek, egoitzetakoek, epaitegietakoek eta abarrek.

Heriotza-kasuetarako protokoloa
Apartamentuan bizi den pertsonaren heriotza gertatzen bada, joan den martxoan erregistratutakoa bezalakoa, jarduera-protokolo bat ezartzen du dokumentuak. Horrelako heriotza bat erregistratzen denean, ardurapeko gizarte-langileak funtzionamenduko laguntzaileari eta Udaltzaingoari deitu behar diela ezartzen du, elkarrekin etxera joateko. Udaltzainen eskumena izanen da osasun-zentrora deitzea heriotza ziurtatzeko, eta medikuek kasua judizializatzen badute, Polizia Judizialari deitu beharko zaio. Gainera, familiari edo erreferentziako pertsonei jakinaraziko zaie. Ehorzketari dagokionez, hildakoak ehorzketa-asegururik, baliabide ekonomikorik eta familia-estaldurarik ez badu, ongintzagatiko lurperatzearen udal-protokoloa aktibatuko da.

Azken protokolo horrek adierazten duenez, Udaleko Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorreko Desinfekzio Parkearen zerbitzuari deituko zaio. Garbiketa traumatikoko enpresen zerrenda bat dago, heriotza ohiko lan-ordutegitik kanpo gertatzen bada. Desinfekzio Parkeak intsektuak kentzeko eta desinfektatzeko prozesuak eginen ditu. Ondoren, etxea sakon garbituko du Enplegu Sozialeko garbiketa-lantaldeak. Prozesu horiek errepikatuko dira behar izanez gero, harik eta etxebizitza egoera ezin hobean egon arte.

Ebaluazioa
Protokoloa aldian-aldian ebaluatuko da, kuantitatiboki zein kualitatiboki, eta apartamentuetan bizi direnek eta inplikatutako profesionalek parte hartuko dute.

Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak protokolo horren garrantzia azpimarratu du, eta laster udal-apartamentuetan bizi diren adinekoei arreta hobea emateko langileen kopurua handituko dela: “Protokolo hau hurrengo batzordean landuko da, eta espero dugu, beharrezkoak diren ekarpenekin, udal-taldeek aho batez onestea”.

¿Te ha sido útil esta página?