
Iruñeko Udalak hainbat motatako proposamenen bidez ospatuko du Emakumeen Nazioarteko Eguna / martxoak 8, martxoaren 6tik 28ra herritarrendako zenbait jarduera programatuta, nahiz deialdiak eta aintzatespen eta omenaldi-ekitaldiak eginez. Mundu osoan, gizarteko eremu guztietan emakumearen berdintasunaren, partaidetzaren eta ahalduntzearen aldeko borrokan ardazten da egun hori, eta Iruñean, “Isilarazi matxismoa” da 2024rako leloa.
Martxoak 8an bertan, ostiralarekin, Udalak bat eginen du oroimenezko eta aldarrikapenezko adierazpen orokorrarekin, eta Nafarroako toki-erakundeek teknikariek egin duten idatzia irakurriko da 12:00etan Udaletxe plazan. Udal-adierazpena martxoaren 7ko Osoko Bilkuran onetsiko da. Hezitzaileen Eskolako emakumezko eta gizonezko ikasle banak irakurriko dute adierazpena. Herritarrak ekitaldira joan eta aktiboki parte hartzera gonbidatuta daude: plazan bertan bi hautestontzi egonen dira bertaratuek matxismoa isilarazteko proposamenak idatz ditzaten.
Bihartik aurrera, martxoak 6, Gaztediaren Etxean eta Civivox sarean emakume, emakume gazte eta neskatilen egoerak oso ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko jarduerak eginen dira. Iruñeko Udalak hainbat jarduera programatu ditu: gazteei zuzendutako zinemari buruzko lantegi bat eta kontzertua; emakume sortzaileei buruzko jaialdi bat zinema, antzerki, dantza eta kontzertuekin... eta ‘Gineceo: ibilbide historiko bat Emakumeen filosofian barna, metal sinfonikoaren bidez’ proiektuaren aurkezpena. Ekitaldi gehienak doan dira, nahiz eta aldez aurretik izena eman behar den, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu.webgunean.
Gazteria Berdintasunaren alde
Iruñeko Udalak egun hauetan 14 eta 30 urteko gazteei bideratutako bi jarduera planteatu ditu Gaztediaren Etxearen bidez. Alde batetik, film eta serieetako zatien bidez emakumeei eragiten dieten errealitateei buruz hausnartu eta elkarrizketak sortzeko lantegi bat, eta bestetik, emakume konpositoreen kontzertu bat, Iruñeko Gazte Orkestrak interpretatua.
Lantegia bihar izanen da, martxoak 6, 19.00etan, Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoaren esparruan: ‘8M: Filmen eta telesailen bidez errealitateak marrazten’ lantegiak genero-rolak, identitatearen eraikuntza, emakumeen arteko harremanak edo harreman-dinamika toxikoak jorratuko ditu.
Martxoaren 7rako (osteguna) proposamen artistikoa musika arlokoa da. 19:30etan, Iruñeko Gazte Orkestrak, ganbera-taldeen bidez eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Musikologia departamentuarekin koordinatuta, gau-ekitaldi solastatua eskainiko du, eta, partiturak interpretatzearekin batera, emakume konpositoreek sormen-lanetan jarduteko zuten eta oraindik duten testuinguruari buruzko informazioa emanen da.
Saio horretan interpretatuko den lan baten konposatzaileak ere parte hartuko du, Haizea Huegunek, eta bere eskarmentuari buruz hitz eginen du. Errepertorioa honakoa izanen da: Markéta Lastovickováren Tango, eskusoinu eta harizko laukoterako lan bat; Florence Priceren hari laukoterako Adoration, The Deserted Garden y Thumbnail Sketches; Haizea Huegun konposatzailearen soka eta piano hirukoterako Forest Sounds eta, Germaine Tailleferre sortzailearen Arreglo de Petit Suite lanaren ganberarako bertsioa.
Orkestra Nafarroako eta inguruko gazte interpreteek osatu eta kudeatzen dute. Haren sortzaileak, Mirari Etxeberriak, 2017an abiatu zuen proiektua, 20 urte baino ez zituela, orkestra zuzendaritzan hasteko xedez. Gaur egun 65 kide baino gehiago ditu; besteak beste interpretazio-, konposizio-, musikologia- eta pedagogia-espezialitateetako goi-mailako musika-ikasketak dituzten ikasleak dira. Nafarroatik at, talde horrek Euskalduna Jauregian, Kursaalean, Victoria Eugenia antzokian, Bilboko Campos Elíseos antzokian zein Zaragozako Audituriumean jo du, eta Música Musika, Olatu Talka eta Aurrera Fest gisako jaialdietan parte hartu du.
Gineceo proiektua: emakumeen filosofia metal sinfonikoaren bidez
Martxoaren 9an, larunbatarekin, 12.00etan, Kondestablearen Jauregian ‘Gineceo proiektua. Ibilbide historikoa emakumeen filosofian barna, metal sinfonikoaren bidez’ saioa eginen da. Goiz horretan musika klasikoak eta operak haien alde gizatiarrena eta grinatsuena agertuko dute metal sinfonikoko eta power metal estiloetako konposizioetan.
Eloísa de Castro filosofo eta abeslariak 2021ean pentsatu eta aurkeztu zien Gineceo proiektua Cube Estudioei, Alberto Seara eta Carlos Escobedo Sôberren eskutik. Iruñean aurkeztuko den errepertorioan honako hauei buruzko konposizioak aurkeztuko ditu: Lesboseko Safo (Safoko Eskola); Delfos Temistoclea emakume apaiza, Ilargiaren eklipseak aurkitu zituena, Pitagorasen eskolakoa, eta haren irakaspenak garatzen lagundu zuena; eskola horretakoa zen Téano de Crotona ere, urrezko zenbakiaren ezaugarriak aurkitu zituena. Sokrateren eskolatik Diotimaren irudia aldarrikatuko da, Sokratesen irakaslea eta Platonen gisako filosofoak inspiratu zituena, eta Eskola Neoplatonikotik Hipatia Alejandriakoa, unibertsoaren zientzian aditua eta dentsimetroaren eta astrolabioaren asmatzailea. Jorge Salán, Carlos Escobedo (Söber), Ix Valieri, Diva Satánica (Bloodhunter) eta Víctor de Andrés (Mago de Öz), eta Manuel Seaone (Mago de Öz) dira, hurrenez hurren, lanen egileak.
Emakume-sortzaileen martxoa: FEMKULTUR
Femkultur Iruñeko Udalaren diziplinarteko jaialdia da eta emakumeak, arte-sortzaile gisa, sormen artistiko garaikidean presente egotea eta aktiboki parte hartzea aldarrikatzen du. 2024an laugarren edizioa izanen du, erreferentziazko lau sortzaileren eskutik; haien lana eta sormen-prozesua nolakoa den erakutsiko dute eta sormen-garaikidean duten eskarmentuari buruz hausnartuko dute haien arte-proposamenen eta sormen-laborategien bidez.
Mahai-ingurua, lau lantegi, poesia-errezitaldi bat musika elektronikoz lagunduta, antzezlan bat, dantza garaikideko saioa, zinema eta arte-instalazio bat direla bide, Femkulturrek gai sakonak landuko ditu, hala nola emakumearen aitorpena kultura-sektorean eta espazio publikoan, genero-rolak artean, berdintasuna ekoizpen artistikoaren eremuan, edo emakume artista, zuzendari, komisario, kudeatzaileen ahalduntze profesionala.
Eva Rufo (aktorea), Lula Amir (dantzaria eta koreografoa), Lucía Trentini (aktorea, antzerkigilea eta abeslaria), Lorena Ares (animazioko zuzendaria eta gidoigilea) eta Yolanda Úriz (artista multisentsoriala) izanen dira beren lanak erakutsi eta beren eskarmentuko eremuei lotutako lanak eta lantegiak eginen dituztenak: olerkia, dantza, antzerkia, zinema, eta zentzumenak arte-hizkuntza gisa. Jaialdia Iturramako Civivoxean eta Kondestablean eginen da martxoaren 14tik 25era, eta goizez eta arratsaldez izanen dira jarduerak.
M8RAKO UDAL-JARDUERAK
Martxoak 6, asteazkena
• LANTEGIA: Mintzatuko gara?
M8: Filmen eta telesailen bidez errealitateak marrazten
Gaztediaren Etxea. 19:00. Sarrera librea
Martxoak 7, osteguna
• KONTZERTUA
Emakume konpositoreak, Iruñeko Gazte Orkestraren eskutik
Gaztediaren Etxea. 19:30. Sarrera librea, aurreko egunetik hasita aurrez gonbidapena hartuta
Martxoak 8, ostirala
• ELKARRETARATZEA ETA ADIERAZPENAREN IRAKURKETA
Udaletxe plaza. 12:00. Parte-hartze librea
Martxoak 9, larunbata
• HITZALDIA
Gineceo proiektua. Ibilbide historikoa emakumeen filosofian barna, metal sinfonikoaren bidez
Kondestableko patioa 12:00. Sarrera librea
Martxoak 14 – 25
• FEMKULTUR IV. EDIZIOA (Kondestable Civivoxa / Iturramako Civivoxa)
Emakumeek hainbat diziplinetan arte-sortzaile eta sormen-artista gisa presentzia izatea aldarrikatzen duen jaialdia
Martxoak 14 – 24
• Zentzumen anitzeko INSTALAZIOA
Artificial ecosystem, Yolanda Urizen eskutik
Kondestable Civivoxa
Martxoak 14, osteguna
• MAHAI-INGURUA
Kondestable Civivoxa. 19:30. Doan, aurretik izena emanda
Martxoak 15, ostirala
• LANTEGIA
Olerki-hitza gorpuztu
Nola izan plazeraren maistren zerbitzurako bide
Iturramako Civivoxa. 17:00 – 21:00 Doan, aurretik izena emanda
Martxoak 16, larunbata
• DANTZA-LANTEGIA
Komunikazioa/kodea/hizkuntza
Kondestable Civivoxa. 10:00 – 13:00. Doan, aurretik izena emanda
Martxoak 16, larunbata
• Emakumeen ez-konfesioen ERREZITALDI ELEKTRONIKOA
Eva Rufo, Nik desiratzen dut
Iturramako Civivoxa. 19:30. 3 euro
Martxoak 17, igandea
• ANIMAZIO-ZINEMA ETA TOPAKETA ikusleekin
Lorena Ares, Hanna eta munstroak
Kondestable Civivoxa. 18:00. Doan, aurretik izena emanda
Martxoak 17, igandea
• DANTZA GARAIKIDEA, TESTUA ETA KEINUAK
Lula Amir, urperatze bat
Kondestable Civivoxa. 19:30. 3 euro
Martxoak 23, larunbata
• ZENTZUMEN ANITZEKO LANTEGIA
Usaimen-artea
Kondestable Civivoxa. 10:00 – 13:00. Doan, aurretik izena emanda
Martxoak 24, igandea
• SUKALDERAKO OPERETA ARRARO ETA ETXEKOA
Lucía Trentini, Elektra
Iturramako Civivoxa. 19:30. 3 euro
Martxoak 25, astelehena
• ANTZERKI LANTEGIA
Grinaren oihua
Iturramako Civivoxa. 17:00 – 21:00 Doan, aurretik izena emanda