Azaroak 25ean, ostiralarekin, Emakumeen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna ospatu da. Udalak egun horretako aldarrikapenekin bat egin du Udaletxe plazan egin den elkarretaratze isilaren bidez, zeinetan Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Udalbatzako kideek parte hartu baitute. Gaur arratsalde-gauean Udaletxeko fatxada morez argiztatuko da nazioarteko egun honi amaiera emateko.
Elkarretaratzean, asteartean Herritarren Aferen Batzordean onetsitako adierazpen instituzionalean Iruñeko Udalak hartutako konpromisoak irakurri dira jendaurrean. Testua ‘Egon bada eta badira erantzuleak’ agirian oinarrituta dago, zeina Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako berdintasun teknikarien sareak prestatu baitute eta tokiko entitate eta instituzioek partekatzen baitute. Adierazpenak “emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria matxista mota oro” gaitzetsi eta administrazio publikoek “emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren sorburu diren desparekotasunen aurka modu aktiboan lanean jarraitzeko” duten konpromisoa erakusten ditu.
Iruñeko Udalak elkartasuna erakutsi die “eraso edo hil dituzten emakume eta neskatoei, indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakumeei eta haien seme-alabei”. Halaber, “gizon guztiak premiatzen ditu, adin orotakoak, konpromisoak eta jarrera aktiboak har ditzaten, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurrean”. Azkenik, herritar guztiak gonbidatzen ditu “emakumeen kontrako indarkeria gaitzestera eta hura deuseztatzeko konpromisoa adieraztera, baita patriarkatuaren kontrol mota guztiak eta emakumeei askatasunez eta autonomiaz ibiltzea eragozten dieten muga eta baldintza guztiak salatzera ere, eta, hartara, azaroaren 25ean antolatzen diren jarduera guztietan parte har dezaten”.
‘Aske, ni beti aske’
Kontzentrazioan ‘Aske, ni beti aske’ Udalaren kanpaina ikusarazi da, aurten irudi berri batekin egokitu dena eta desgaitasunen bat –ikusmenezkoa, entzumenezkoa, kogniziozkoa edo fisikoa– duten emakumeak islatzen dituena, haiek ere jasaten duten indarkeria matxistan erreparatzeko. ‘Por todas las mujeres, contra todo tipo de violencias/ Emakume guztiengatik, indarkeria mota guztien kontra’ leloak emakume horien aldarrikapenei laguntzen die.
Kartelen diseinuak, gaztelaniaz eta euskaraz, Navilens kode bat du eta horren bidez irakurketa errazean editatutako edukietara, zeinu-hizkuntzan egindako bideo batera eta ikusmen-desgaitasuna duten pertsonendako prestatutako audio batera sartzeko aukera dago. Kanpaina honek bat egiten du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Berdintasun-teknikarien Sareak azaroaren 25ari begira bultzatutako ekimenarekin: ‘Emakumeen aurkako indarkeria egon bada eta badira erantzuleak’.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Iruñeko Udalak Emakumeen kontrako Indarkeria Deuseztatzeko Nazioarteko Eguna ospatzeko elkarretaratze bat egin du Udaletxe plazan