Iruñeko Udalak ekintzaile gazteen aldeko apustua egiten du, eta aurten horretara bideratutako dirulaguntzak % 20 igoko ditu

Iruñeko Udalak ekintzaile gazteen aldeko apustua egiten du, eta aurten horretara bideratutako dirulaguntzak % 20 igoko ditu
Udal-laguntzei esker, 2020an 28 negozio berri abiatu ziren hirian, horien % 61 18 eta 35 urte bitarteko emakumeek zuzenduta
Jóvenes emprendedores

 

 

Iruñeko Udalak hiriko ekintzaile gazteei laguntzeko udal-dirulaguntzak % 20 igoko ditu aurten. 2021ean, 60.000 euro bitarte bideratuko dira 18 eta 35 urte bitarteko gazteek pentsatu eta garatutako negozio-proiektuetarako. Izan ere, txosten guztien arabera, adin-talde horretan langabezia bereziki nabarmena zen jada, eta orain biziki pairatzen ari dira COVID-19aren krisiari lotuta doan enplegu-galera. Dirulaguntzen igoera hori bat dator Udala hiriko ekonomia-ehunaren eragileei laguntzeko asmoz egiten ari den lanarekin, bereziki une hauetan.

Gaur goizean aurkeztu dituzte berritasunak Kiroleko eta Gazteriako zinegotzi berezi Fernando Arangurenek eta laguntzen azken edizioan dirulaguntza lortu zuten hiru proiekturen egile diren hiru gaztek: Paula Vera Arrasate, ‘Escape the City’ eskapismo-enpresaren bazkide sortzailea; Daniel Franco Sánchez, Graviola argitaletxe digitalaren sortzailea, eta Pablo Villaba Gómez, ‘StopLed’ enpresaren jabea, zeinak lurrazpiko aparkalekuetako irteeretan ohartarazteko argiak paratzea oinarri duen proiektu bat garatu baitu.

Azken hamarkadan Iruñeko Udalaren laguntzarekin negozio bat ireki duten 300dik gora emakume eta gizonetako batzuk dira. Hain zuzen, denbora-tarte horretan laguntza hori gauzatzeko milioi erdi euro baino gehiagoko inbertsio publikoa egin da. Iaz 28 proiektuk jaso zuten dirulaguntza, 2019an, 35ek, eta 2018an, 23k. Iazko 28 negozioen % 61 emakumeenak ziren. Horrela, gazteen enplegagarritasuna eta hiriko enpresa-ehunaren dibertsifikazioa eta berrikuntza hobetzeaz gain, aukera-berdintasuna ere bultzatu da.

Ideia bikainak bizitza autonomoak lortzeko

Pasa den martxotik, COVIDa mugarria izan da negozio-ideientzat: kafetegiak, okindegiak edo ile-apaindegiak irekitzeko ohiko eskaerak alde batera utzi eta tresna teknologikoak edo osasun-segurtasuneko neurriekin bateragarriagoak diren edukiak oinarri dituzten proposamenak aurkeztu dira. Horietako bat da Daniel Franco Sánchezen ideia. Nafarroan bizi den gazte kolonbiarrak ‘Editorial Graviola’ zigilu independentea sortzea erabaki zuen, hasiera batean bakarrik online erabiltzekoa eta xede zuena migratzaile latinoamerikarren ahotsak hedatzea eta kultur integrazioa nahiz arte-esperimentazioa bultzatzea. Gaur egun ‘paperean’ ere lan egiten dute, eta liburuetan ilustrazioak edo argazkiak agertzeaz gain, elkarreragina bilatu nahi dute musikariekin, zinema-zuzendariekin eta chefekin, horrela obra bigarren hizkuntza batean jorra dadin. Merkaturatuko duen hurrengo lana Laura Estrada kolonbiarraren “Patios interiores” olerki-bilduma da: Chimuelaren ilustrazioak ditu, eta David Serón zuzendari nafarrak film bihurtu du.

Paula Verak eskapismo-esperientziak diseinatu, garatu eta egiteko apustua egin zuen ‘Escape the City’ ekimenarekin. Esperientzien gamifikazio proposamen malgu hau –enpresen neurrira egindako escape-roomak diseinatzeaz gain– Espainiako zazpi hiritan dago jada, eta eskapismo-ibilbideak eskaintzen ditu asialdi- eta turismo-alternatiba gisa.

Pablo Villalbaren ideiak oinak lurrean ongi finkatuta zituen. ‘Stopled’ hiriko kale askotan ikus daiteke jada. Sistema honetan, led argiak dituzten bi baliza lineal paratzen dira kalean, espaloian, garaje baten irteeraren bi aldeetan. Helburua da garajeetako irteerek oinezkoendako duten arriskua ikusgarriago egitea, eta ikuspena hobetzea istripuak ekiditeko. Aldizkako argiztapenak mugikorra eskutan dutela despistaturik dabiltzan oinezkoen arreta erakartzen du, baita mugikortasun urrikoena eta haur txikiena ere... eta horri esker istripuak eta larrialdiko balaztatzeak ekiditen dira.

2021eko oinarriak: martxoan argitaratuko dira NAOn

Ideiek funtzionatzen dute, eta azken bultzada Iruñeko Udalak eman zien iaz. Haien proiektuak gauzatzeko moduaren inguruan pentsatzen ari diren gazteei begira, 2021eko dirulaguntzak martxoan argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta lehenengo emakidak udaberrian eginen dira. Udalak urteak daramatza gazte-ekintzaileen alde lan egiten: 2002an sartu zen lehen aldiz Udalaren Gazteria Planean laguntza-lerro hori, ‘Autoenplegua bultzatzea’ izenarekin.

Merkatuaren eta belaunaldien bilakaeraren ondorioz negozioak aldatzen dira, eta, ildo beretik, dirulaguntzak ere aldatuz doaz. Egokitzapen horrek aintzat hartzen du dirulaguntzen xede diren ekintzaileek egindako balorazioa. Aurten, laguntzen guztizko zenbatekoa handitu da, eta iaz proiektu bakoitzak gehienez ere jaso zezakeen kopurua aldatu zen: 1.500 eurotik 2.000 edo 3.000 eurora pasa zen, eskatzailea pertsona fisikoa ala juridikoa zen, eta horren arabera. Programa etengabe eskuragarri egotea eta haren hedapena errazte aldera, 2019an, Udalak urtean ebazpen bakarra egin beharrean bi egitea erabaki zuen, horrela parte-hartzaileek denbora gehiago izan dezaten urtean zehar haien negozioak prestatu, eratu eta dirulaguntzetara aurkezteko.

Diru-laguntza honi heltzeko oinarrizko baldintzak dira jarduera ekonomiko berria eratzen edo eratu duten pertsona fisikoak edo juridikoak izatea, JEZn alta emanda egon behar dute lehenbiziko aldiz 2020ko irailaren 15a eta 2021eko irailaren 14a bitartean, eta zerga-egoitza Iruñean eduki. Dirulaguntzak negozio berri horiek sortzeko eta abiatzeko gastuen % 70era bitarte estaltzen du. Badira diruz laguntzen ez diren enpresa-jarduera batzuk, hala nola jokoarekin zerikusia dutenak, tabernak eta tankerakoak. Bestalde, aurreko edizioetan dirulaguntza hau jada jaso dutenek ezinen dute berriz ere eskatu.

¿Te ha sido útil esta página?