Iruñeko Udalak ekainetik aurrera San Pedro Multzoko hamar udal-etxebizitza gehiago berrituko ditu, helburu sozialetarako eta gazte alokairurako

Iruñeko Udalak ekainetik aurrera San Pedro Multzoko hamar udal-etxebizitza gehiago berrituko ditu, helburu sozialetarako eta gazte alokairurako
Bazterketa-arriskuan dauden 158 lagun edo familiari udal-etxebizitza bat esleitu zaie aterpe larrialdietarako ordenantzari jarraikiz
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak aurten Arrotxapeko San Pedro Multzoko etxebizitzak berritzen jarraituko du, helburu sozialetara bideratzeko, hala nola etxebizitza-premiako egoeretarako eta gazte alokairurako. Ekainetik aurrera 10 etxebizitza birgaituko dira, 516.977,97 euroko inbertsioarekin, eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa izanen da. 2015az geroztik 160 udal-etxebizitza berritu dira, horietatik 68 San Pedro Multzoan. Bazterketa-arriskuan dauden 158 familia edo lagunei udal-etxebizitza bat esleitu zaie, aterpe larrialdietarako ordenantzari jarraikiz.

Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari María Caballerok azaldu duen jarduketa horrek lortu nahi du, alde batetik, udal-ondasunak egoki mantentzea, eta bestetik, udal-etxebizitza horien hartzaile diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzea. Izan ere, birgaitu ondoren, pisuak Etxebizitza Bulegoan txertatuko dira, 2016an onetsitako aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko udal-ordenantzaren irizpide eta baremoekin bat esleituak izan ahal izateko. Halaber, proposatuko da etxebizitza batzuk beste helburu sozialetara edo gazte alokairura bideratzea.

Ordenantza horrekin bat, dagoeneko 158 etxebizitza esleitu dira eta, gaur egun, beste 9 etxebizitza ematea izapidetzen ari dira. Iruñeko Udalaren jabetzakoak diren etxebizitza berrituak dira, Hirigintza eta Etxebizitza Alorretik kudeatzen direnak, eta gizarte-egoera ahulean dauden familiei alokatzen zaizkie. Gaur egun 258 eskaera daude itxaron-zerrendan, batez ere adingabeak eta/edo mendetasun egoeran dauden pertsonak bere gain dituzten familia-unitateenak, edo etxegabetzeak, pilaketak eta abar pairatu dituzten eta diru-sarrera eskasak dituzten familia gurasobakarrenak.

San Pedro Multzoko hamar etxebizitza horiek berritzea Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren parte da. Udal-etxebizitzak birgaitzeko aurreikusitako 916.331 euroko partida 500.000 euroan handitu zen aterpe-premiarako birgaitzeko, eta aurrekontu-akordioaren ondoren, 1,4 milioi eurora iritsi zen.

2 milioi euro inguru San Pedro Multzoko udal-etxebizitzak berritzeko

2015az geroztik, Iruñeko Udalak guztira 160 udal-etxebizitza birgaitu ditu, Proiektu Estrategiko eta Obretako alorrak lizitatutako jarduketen bidez. Horietatik, 68, San Pedro Multzoan bertan daude, eta 92, hiriko gainerako lekuetan, hala nola Buztintxuriko Santa Luzia pasealekuan, Sanduzelaiko Sandua pasealekuan, Alde Zaharreko Jarauta kalean eta Arrotxapeko Joaquín Beunza, Garde eta Nazario Carriquiri kaleetan.

San Pedro Multzoari dagokionez, 42 atari ditu; horietatik gehienek 6 etxebizitza dituzte, baina salbuespenak daude (kantoietan dauden atariek 3 etxebizitza dituzte eta beste batzuek lokalak dituzte etxebizitzen ordez). Beraz, guztira, 235 udal-etxebizitza. Gaur egun, San Pedro Multzoan ez dago Lantegi Eskolaren, Gizarte Enpleguaren edo Gobernu Batzarrak onetsitako zaharberritze-proiektuen bidez birgaitzea aurreikusita ez dagoen etxebizitza librerik, edo, aitzitik, ilegalki okupatuta dagoenik. Oraintxe ilegalki okupatutako 17 etxebizitza daude San Pedro Multzoan.

Zaharberritzeari dagokionez, 2015az geroztik 2 milioi euro inguru inbertitu dira San Pedro Multzoko 68 etxebizitza horiek zaharberritzeko eta birgaitzeko. Hala ere, Lantegi Eskolek, Gizarte Enpleguak eta Etxebizitza Bulegoak etxebizitza gehiago zaharberritu dituzte, berez proiektu bat behar ez zuten kasuetan. Horiei gehituko zaizkie 2021erako proiektu horretan lizitatutako hamar etxebizitza, eta beraz, zenbatekoa zaharberritutako 78 etxebizitzatara igoko da.

Komunak, sukaldeak edo arotzeriak berritzea eta berogailua jartzea

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du hamar udal-etxebizitza horiek berritzeko kontratuaren lizitazioa; bi sortatako kontratua, bakoitza bost etxebizitzatakoa eta pisu bakoitzeko 50.000 euro inguruko inbertsioarekin. San Pedro Multzoko hamar etxebizitzak 1948koak dira eta beheko, lehen eta bigarren solairuko hainbat erakinetan kokatzen dira; geometria ia karratua dute eta horietako bakoitzak 69 metro koadroko azalera eraikia du. Komuna, sukaldea, hiru logela eta egongela dituzte. Etxebizitzetan ez da zaharberritze lan garrantzitsurik egin, beraz, eraiki ziren garaiko instalazio eta ekipamenduak dituzte (zeramikazko edo terrazozko zoladura, baldosa zeramikoak sukalde eta komunean, lozazko gailu sanitarioak, instalazio elektrikoa pareten kanpoaldetik, zurezko barneko eta kanpoko arotzeriak, kontraleihoekin, eta berogailurik gabekoak, besteak beste).

Lanek, San Pedro Multzoan bertan lehenago birgaitutako etxebizitzetan bezala, sukaldeak eta komunak guztiz zaharberritzea aurreikusten dute, bai eta gainerako geletako zoladura bere horretan uztea edo aldatzea, duten kontserbazio-mailaren arabera. Horma eta sabai guztiak margotu eta barnealdeko zein kanpoaldeko arotzeriak aldatuko dira, kontraleihoak barne, energia-eraginkortasunaren alde. Instalazioei dagokienez, elektrizitatea, iturgintza eta saneamendua berrituko dituzte. Aldi berean gas-galdara bat jarriko da ur beroa sortzeko eta berogailu berrirako. Azken batean, etxebizitzei bizigarritasun-baldintza egokiak eman nahi zaizkie.

Iruñeko Udaleko bizileku- eta ostatu-baliabideak

Iruñeko Udalak beste bizileku- eta ostatu-baliabide batzuk ditu hirian erroldatuta dauden eta bizi diren pertsonendako, gizarte-larrialdietarako etxebizitzen ordez. Udalak 19 apartamentu ditu, eta Emakumeendako Udaleko Laguntza Zerbitzuak kudeatzen ditu Eman Aukera Zure Buruari programaren bidez (AEZB). Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta horien seme-alabei zuzenduta daude. 2020an ia % 100ean okupatuta egon dira eta 26 emakumek eta 38 adingabek erabili zituzten.

Halaber, adinekoendako 143 apartamentu daude, hiriko bost auzotan kokatuak: Alde Zaharrean, Iturraman, Milagrosan, Arrotxapean eta Donibanen. Apartamendu horietatik gehienak banakakoak dira, baina batzuk bikoteendako ere prestatuta daude. Gaur egun 65 urte baino gehiago eta autonomia maila ona duten 153 pertsona bizi dira bertan.  Apartamentu horietatik, hiru zaharberritzeke daude, etorkizunean esleitzeko.

Trinitarioseko eta Jesús eta María aterpetxeak etxerik gabeko eta bazterketa handiko pertsonei zuzenduta daude. Trinitarioseko aterpetxeak 50 leku ditu, horietatik 25, ibiltarientzat, eta 25, erroldatutako pertsonentzat. Edukiera hori handitu daiteke hotz-boladan. COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, Jesús eta María aterpetxea 40 leku gehiagorekin gaitu zen, eta oraindik gaituta jarraitzen du etxerik gabeko pertsonendako baliabide gisa. 2020an Trinitarioseko aterpetxea 1.182 lagunek erabili zuten (802, ibiltarien programan; 60, erroldatutakoenean, eta 320 gehiago, hotz-boladan) eta Jesús eta María aterpetxea 222 lagunek.

Aurreko baliabide guztiak beteta daudenean, eta bizileku-baliabide egonkorragoa lortzen ez duten arte, ostatu eta beste hotel-establezimendu batzuk erabiltzen dira etxebizitzarik ez duten pertsona eta familiak hartzeko, larrialdietarako baliabide gisa. Mota horretako ostatuak iaz 341 pertsonari eskaini zitzaizkien.

Halaber, Udalak dirulaguntzak ditu, Etxebizitzaren aldeko programa izenekoak, krisi-egoeran, infraetxeetan, etxebizitza desegokietan eta urritasun ekonomikoan eta beste egoera batzuetan dauden familiei alokairuan diruz laguntzeko. Diru-laguntza horiek urteko oinarrien bidez arautzen dira. Aurtengo deialdia 4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 2021eko urtarrilaren 8koan, argitaratu zen eta Udalaren webgunean ere kontsultatu daiteke. Dirulaguntza horiek auzo-unitateetan edo Udaleko beste gizarte-zerbitzuetan eskatzen dira, eta aurretik esku hartzen ari diren familia-unitateei zuzenduta daude. 2020an 177 eskaera izapidetu ziren, eta horietarik 162 onetsi egin ziren; horrek 405.605 euroko gastua ekarri zuen.

¿Te ha sido útil esta página?