Iruñeko Udalak ehun bat eskaera tramitatu du azken hilabetean ostalaritza-terrazetarako

Iruñeko Udalak ehun bat eskaera tramitatu du azken hilabetean ostalaritza-terrazetarako
Segitzen dute udal gune itxietan CO2-ko mailen neurketak egiten, aireztapen-maila kontrolatzeko eta koronabirusaren hedapena prebenitzeko
bar

 

Iruñeko Udalak ehun eskaera tramitatu ditu, terraza edo itxidura berriak, hala aldi batekoak nola behin betikoak, jartzeko. Eskaerak hiriko ostalaritza-establezimenduek egin dituzte azken hilabetean, abenduaren hasieran aldi baterako itxidurak onetsi zirenetik. Orain arte, eskatutako aldi bateko 67 karpetatik, 42 baimendu dira, 15 izapidetze-prozesuan daude eta 10 ukatu dira. Halaber, aztertzen ari dira terraza berriak eta itxidurak behin betiko ezartzeko 38 eskaera, izan ere, horiei guztiei informazio gehiago eskatu zaie.

Datuok gaur eman dituzte jakitera, Iruñeko Udalak COVID-19ari buruz sortutako berariazko batzordean, zeina Udaletxean bildu baita. Eskaerei dagokienez, ez dituzte beti establezimendu ezberdinek egin, kasu askotan negozioek biak batera eskatzen baitituzte, neguari aurre egiteko eta behin betiko itxidurak lasaitasun handiagoz tramitatu ahal izateko. Iazko urtean zehar, 586 terraza-handitze edo terraza berri eskatu dira guztira; hori horrela, ostalaritzako 746 lokalek okupatzen dute espazio publikoa, guztietatik % 66k (% 60, terrazak dira eta % 6, upelak edo mahai altuak).

783 salaketa, COVID inguruko arau-hausteengatik, 28 egunean

Bestalde, abenduaren 18tik urtarrilaren 14ra bitarte, Iruñeko Udalak, Herritarren Segurtasuneko Alorraren bidez, 783 salaketa jarri ditu COVID-19ari lotutako osasun-segurtasuneko arauak urratzeagatik. Aldi horretan, Alorrak egiaztatu du gora egin duela ostalaritzako lokalei jarritako salaketa-kopuruak, eta hori, azterlan teknikoaren arabera, eguberrietako festen ospakizunaren berariazko markoan kokatu behar da, bat egin duena, halaber, ostalaritzako lokalen barne aldeak zabaltzearekin. Hamabost egun bakoitzeko salaketak guztira 350 inguru dira aipatu data horien artean, aurreko aldietan izandako antzeko kopurua, hain zuzen.

Salaketa guztietatik, % 64 bost arrazoi zehatzengatik jarri dira. Pisu handieneko biak dira ordutegiak ez betetzea (241 salaketa) eta maskaren erabileraren ingurukoak (223). Halaber, 87 salaketa jarri dira arauzko distantzia gorde gabe erretzeagatik, eta beste 87, kale-zurrutetan parte hartzeagatik. 76 lagun zehatu dira, bestalde, pisuetan festak egiteagatik. Zehapena ekar dezaketen zioetatik, honako hauetan ez da salaketarik izan: alkohola ordutegitik kanpo saltzea, merkataritza-ordutegiak ez betetzea, terrazan baimendutako jende kopurua gainditzea (gehienez, 4 lagun mahai bakoitzean).

Telelana sustatu da eta ez da positiborik izan lan-kontaktuengatik udal langileen artean

Batzordean, halaber, jakitera eman dute udal plantillako 224 langile ari direla aurrez aurrekoa eta telelana txandakatuz lanean. Pasa den azaroan, Iruñeko Udalak instrukzio bat onetsi zuen udal-langileendako antolaketa-neurri batzuk hartzeko, aurrez aurreko lana murrizteari eta telelana sustatzeari begira, osasun-krisia dela eta ratioek bere honetan segitzen duten bitartean, betiere zerbitzuak eta jendearen aurrez aurreko arreta bermatuz.

Kontuan hartuta ez dela positiborik izan lan-kontaktuengatik udal-langileen artean, telelanaren helburua da prebentzio-neurrietan sakontzea zerbitzuaren kalitatea sobera kaltetu gabe eta herritarrendako zerbitzua gutxiagotu gabe. Horregatik, bada, modulatu egin da aurrez aurrekoaren arreta-maila, murriztu gabe.

Burbuila-taldeak edo sarrera mailakatuak

Neurria lana telematikoki egitea posible den lanpostuetan eta teknikari zein administrarien arloetan aplikatu da. Burbuila-taldeak antolatu dira, departamentuko gainerako langileekin ez kointziditzeko moduan. Honako hauek salbuetsi dira neurri horretatik: Etxez Etxeko Arreta Lantaldea (EEAL) eta Udaltzaingoa, non berezko neurriak hartu baitituzte, eta presentzia derrigorrean eskatzen duten postuak, hala nola, jendeari arreta ematekoak, lorategi-zerbitzuak, obrak, argiteria, ikastetxetako laguntzaileak eta abar. Kasu horietan, esaterako, aplikatzen da sarrera mailakatuen irizpidea, langile guztiak aldi berean elkarrekin ez egoteko.

Azken hamabost egunetan, COVID-19aren batzordea bildu zen azkeneko alditik, 10 positibo diagnostikatu berri kontabilizatu dira udal-plantillan. Positibo bakar bat ere ez da gertatu Udaleko langileen arteko lan-kontaktuengatik. Egun 13 langile daude bajan COVIDa dela-eta, hau da, Udaleko eta haren erakunde autonomoetako plantillaren % 0,7 inguru. Bigarren olatu honetan, irailaren hasieraz geroztik guztira baieztatutako kasuak 82 dira (udal-langile guztien % 4,5).

CO2-ren neurketak gune publikoetan, aireztapen-maila kontrolatzeko eta kutsadura-kasuak prebenitzeko

Halaber, jakitera eman da segitzen dutela egiten CO2-ren mailen neurketak udal gune publiko itxietan, aireztapen-maila kontrolatzeko eta COVID-19aren hedapena prebenitzeko. Udalak karbono-dioxidoa neurtzeko gailu bat erosi zuen, CO2-ren kontzentrazioa kontrolatzeko; izan ere, datu hori adierazle bat da eraikinen barru aldeko airearen kalitatea neurtzeko, eta hori funtsezkoa da lokaletako ongizatea eta higienea bermatzeko eta COVID-19aren hedapena ekiditeko.

Gailua jendeari arreta ematen zaion udal-eraikin batzuetan erabili izan da. Esaterako, Kondestablearen jauregian jarri dute, bertan baitago erregistro orokorra, edo Casa Marceliano etxean –beste erregistro bat dago bertan– eta Sanduzelaiko Auzo-unitatean eta haur-eskola batzuetan.

 

¿Te ha sido útil esta página?