Iruñeko Udalak “egunkari” bat argitaratu du entzierroari buruzko informazioarekin, haren arau eta bitxikeriekin, eta zuriz korrika egiteko tradizioari buruz

Iruñeko Udalak “egunkari” bat argitaratu du entzierroari buruzko informazioarekin, haren arau eta bitxikeriekin, eta zuriz korrika egiteko tradizioari buruz
20.000 ale banatuko dira entzierroetan, egunkariak bezala kiribildu eta erabiltzen ahalko direnak, zezenekiko distantzia mantentzeko
Fitxategi
Encierro Periodico

 

Periodico encierro 2

 

Entzierroa hasi aurretik korrikalariak santuari abesten edo zezenekiko distantzia neurtzen lasterketa betean egunkaria eskuan. Horiek dira sanferminetako irudi ikonikoak. Iruñeko Udalak bat egin nahi izan du tradizio horrekin eta aurten diptiko bat argitaratu du, egunkari itxurakoa, entzierroari buruzko informazioarekin, arauekin, datuekin eta bitxikeriekin, bereziki festa hauetan estreinatzen diren korrikalari berriei zuzendua.  Lau hizkuntzatan (gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa) argitaratu diren 20.000 aleak egunero banatuko dira ibilbidean barna.

'Bizi entzierroa!'. Hori da Iruñeko Udalak estreinatuko duen argitalpen horren goiburua. Atal desberdinetan entzierroan zuriz korrika egiteko tradizioa jasotzen du entzierroaz gozatzeko jarraitu beharreko 10 arauen artean. Izan ere, lasterketaren esentziak errespetua du oinarri eta ez norbanakoek protagonismoa bilatzea, horrek arrisku-egoerak eragin baititzake. Oinetako egokiak erabiltzea, alkoholaren eta/edo drogen eraginpean korrikarik ez egitea, zezenei ez deitzea  edo haien arreta ez bereganatzea  eta ibilbidean telefono mugikorrekin edo kamerekin ez grabatzea. Horiek dira modu seguruan, bai norberarentzat bai besteentzat, parte hartzeko bete behar diren betebeharrak.

Entzierroetako datu bitxi eta deigarrienak ere jasotzen ditu: 848,6 metroko luzera du, 7 tartetan banatuta (San Domingo, Udaletxe plaza, Mercaderes, Estafeta, Telefónica, kailejoia eta zezen-plaza). Gareseko Aldaz Remiro zurgindegiak jartzen ditu urtero ibilbidea osatzen duten 2.700 oholtzarrak, 900 zutoin edo piketeak eta zutoinak zuloetan ondo ahokatzeko jartzen diren 4.000 falkak. Hesi horren zati batzuk egunero jarri eta kentzen dira, Iruñeko Udaletxeko eta Telefónicako tartea kasu.

Entzierroen batez besteko iraupena 3 minutu eta 55 segundokoa da, zezenek lasterketan batez beste hartzen duten 24 kilometro orduko abiadurari esker. Entzierrorik luzeenak 30 minutu iraun zuen, eta Miura ganadutegiko zezen bat izan zuen protagonista, 1959ko uztailaren 11n. Astean zehar, entzierroan egunero 2.000 korrikalari inguru egon daitezke, eta asteburuetako entzierroetan kopuru hori ia bikoiztu egiten da. Parte-hartzaileen batez besteko adina 28 urtekoa da eta 100 bat metro egiten dituzte korrika. Azkenik, argitalpenak QR kode bat du, eta hari esker Iruñeko entzierroak ikus daitezke 2015. urtetik aurrera.