Iruñeko Udalak adinekoendako dituen apartamentuetan Eguberriak ospatzen ari dira. Apartamentuetako bost blokeetan bizi diren 146 pertsonak, 65 eta 97 urte bitartekoak, apainketa-lantegiak egiten ari dira; lantegietan Eguberrietako ohiturak partekatzeko jarduerak egiten ari dira, eta, bukatzeko, Eguberrietako bazkaria eginen dute abenduaren 19an, Iruña Kafean.
Apainketa-lantegietan apaingarri-mota asko egin dituzte. Besteak beste, Iturramako kartulinazko zuhaitza. Zuhaitzaren eraikinak solairu adina etxebizitza ditu eta apartamentuetan bizi diren pertsonen izenak ditu idatzita, apaingarri moduan. Bestalde, Arrotxapeko apartamentuen ateen apaingarriak edota material birziklatuzko (komuneko paper bilkaria, kafe-kapsulak, jogurt- eta esne-ontziak, etab.) ataria egin izan dituzte. Ekimenek xede dute guneak eta sinboloak sortzea, apartamentuetan bizi direnak zerbaiten kide izatearen sentimendua izan dezaten, eta talde-kohesioaren alde egiteko, nahi ez den bakardadea arintzeaz gain.
Iturraman bizi direnek lantegi bat izan dute, eta bertan Eguberrietako istorioak kontatuko dizkiete elkarri, eurenak eta euren herrialdetakoak. Jarduera bera egin zuten Arrotxapeko Arga Apartamentuetan abenduaren 11n, asteazkenarekin. Datorren astean Arrosadiko eta Alde Zaharreko Ansoleaga kaleko eraikinen txanda izanen da abenduaren 16an, eta Donibaneko Txoko Berrirena abenduaren 17an.
Topaketa xumeak dira, eta bertan, besteak beste, egoiliarrek esperientziak, informazioa, pasadizoak, errezetak, ohiturak, kantak, hizkuntzak eta apaingarriak partekatzen dituzte. Bakoitzak bizi izan duen eta besteekin partekatu nahi duen edozer dago ongietorria, betiere pertsonak, ohiturak, erlijioak eta kulturak errespetatuta. Topaketetako batzuetan saioak musika-emanaldi batekin edo gabon-kantekin girotzen dira, abeslari boluntarioen eskutik. Jarduera bukatzeko Udalak Eguberrietako aperitiboa eskainiko du. Udalak antolatutako aperitiboan, egoiliarrek beren jatorrizko herrialdeko janari tipikoa eramateko aukera izanen dute, dastatzeko. Aukera asko eskaintzen dituen ekimen bat da. Izan ere, egun, apartamentuetan bizi direnen % 36,9 atzerritarrak dira, eta horrek argi uzten du gizartearen kultur aniztasuna.
Udaleko Gizarte Ekintzako Alorreko Autonomia Programak diseinatu ditu saio horiek, eta apartamentuetako teknikariak gauzatu ditu, aurten Iruñeko Udalak bost apartamentu-blokeetarako esleitu dituen lau familia-langileekin koordinatuta. Familia-langilea gizarte-esparruko pertsona bat da, eta espezializatuta dago beharrak hautematen, egoiliarrak kudeaketetan edo medikuarengana egindako bisitetan laguntza ematen, laguntza emozionala ematen, eta topagunea dinamizatzen.
Etxebizitzaren arazoaren ondorioz, gero eta leku-eskaera gehiago izaten ari dira udal-apartamentuetan etxebizitza bat eskuratu ez duten 65 urtetik gorako pertsonen aldetik. 144 apartamentuen biztanleen batazbesteko adina 77,3 urtekoa da eta apartamentuetako batazbesteko egonaldia 10,2koa. Iruñeko Udalak 42 guneko bost bloke kudeatzen ditu Iturraman, 32 Arrotxapean, 25 Arrosadian, 9 Alde Zaharrean eta 36 Donibanen.
Adinekoendako udal-apartamentuak Udalaren gizarte-zerbitzuen sistema publikoan integratutako baliabidea da, eta beren kabuz baliatzeko gai diren eta etxebizitza-arazo larriak dituzten 65 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta.