Iruñeko Udalak Eduardo Morenoren Nafar irrika saritu du, 2018ko Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketako irabazlea

Iruñeko Udalak Eduardo Morenoren Nafar irrika saritu du, 2018ko Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketako irabazlea
Alkateak Urrezko San Fermina eman dio Valentziako egileari, eguerdian

Iruñeko Udalak eguerdi honetan banatu ditu aurreko sanferminetako su artifizialen bildumarik hoberenendako sariak. Eduardo Moreno izan da XIX. edizioaren irabazlea, Nafar irrika izeneko bildumaz, zeina uztailaren 8an (igandea) jaurti baitzuten, epaimahaiaren aktan jasota dagoenaren arabera su bizi eta estetikoki ausartak osatutako ikuskizuna eskainiz. Enrique Maya alkateak Urrezko San Fermin garaikurra eman dio egileari, eta haren bidez diseinugile valentziarra nazioarteko lehiaketa honen podiumera iritsi da.

Sari-banaketa Harrera-aretoan izan da, eta bertan lehiaketaren bigarren eta hirugarren bildumak ere sarituak izan dira. Zilarra Gunnar B. Knudsen daniarrak eskuratu du, uztailaren 11n jaurtitako Blooming Fire bildumari esker, eta brontzea, Diego Salado Martín granadarrari egokitu zaio, 12ko (osteguna) Zapore andaluziarra bildumaz. Garaikurrez gain, lehen saria 5.000 eurokoa da; bigarren saria, 3.000 eurokoa, eta hirugarren saria, 2.000 eurokoa.

Bigarren urtez jarraian, Su Artifizialen XIX. Nazioarteko Lehiaketari ere “egile” hitza gehitzen zaio, su artifizialen bildumen diseinatzaileen lana nabarmentzeko. Epaimahaikideen ustez, nabarmena izan da edizio honetan parte hartu dutenen kalitate artistikoa, bai eta ikuskizunetan bilatutako emozioa eta ustekabea ere.

Eduardo Moreno Cuitavarik FDS Diseño de espectáculos pirotécnicos-en bidez parte hartu zuen. Epaimahaiaren aktan jasota dagoenaren arabera, “maila artistiko eta diseinu goreneko ikuskizuna eskaini zuen parte-hartzaile guztien artean, eta, gainera, haren gauzatzea ia hobezina izan zen”. Halaber, epaimahaiak saritu egin du ezin hobeki bete izan zituela derrigorrezkoak ziren bi probak, erritmo garbiak eta zehatzak sortuz lehenbizikoan, zurian eta gorrian, eta sekzio asimetriko ezaguterraza eskainiz, bigarrenean, tokiz aldatu eta bukaeran marrazki bakar batean batuta. Epaimahaiaren arabera, “haren sormen-lan digitalizatuak landuenak izan ziren, eta horietako batzuk benetan gogoangarriak, hala nola oinaztargi-sekzioarena, non harresia nabarmendu baitzuen lurreko eta erdi altuerako suen bidez. Azken horrek benetan modu txundigarrian ibili zuen barruti osoa, airean bat zetozen beheranzko efektuen bitartez buru ematen zion bitartean”. Azpimarratzekoa da, baita ere, “amaierako unerik gorenean bukaera emateko modu teknikoa, zehatza eta hunkigarria, bat etorri zena gainerako kolpe eta estasietan erakutsitako abilezia-mailarekin, halako sentsazioa emanez non teknikoki eta artistikoki erakutsitako nagusitasuna erabatekoa baitzen”.

Bigarren sariaren irabazle Gunnar B. Knudsen daniarrari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu du lortu zuela “ikuslearengan erabateko integrazio-sentsazioa sortzea, sekzio bakoitzarekin harridura eragin eta hurrengoa ikusteko irrika piztuz”. “Jakin zuen suzko fatxada oso landuak eta estetikoki berritzaileak eraikitzen”, eta “saio ia osoan zehar suz bete zituen hainbat altura”.

Bestalde, Diego Salado Martín sanferminetan estreinatu zen Zapore andaluziarra bildumarekin, zeinari esker hirugarren saria lortu baitzuen. Epaimahaiaren esanetan, sanferminetan lehen aldiz jaurti arren “epaimahaiaren nahiz ikusleen arreta erakartzea eta haiek hunkitzea lortu zuen, bere estilo zaindu eta ordenatuari esker, bereziki sentikorra eta edertasun estetiko ikaragarrikoa”. Beste zenbait uneren artean, “aipagarria da nola jabetu zen harresiaz su gorrien bidez, zeinak itzali baitzituen bere jaurtiketaren unerik gorenaren amaierarekin bat”.

Lehiaketak hogei urte
2019an, sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak 20 urte betetzen ditu. Eta orain arte egin direnen artean ediziorik nazioartekoena da, kanpoko bost parte-hartzaile baitaude, Austria, Italia, Frantzia, Bulgaria eta Kanadatik etorriak. Halaber, emakumeen presentzia aipatu beharra dago, hiru parte-hartzaile emakumeak baitira. Sanferminetako piroteknia-gauak programa ofizialeko ekitaldirik maitatuenetako bat dira. Esate baterako, iaz 50.000 lagun baino gehiago bildu ziren egunero suak ikusteko.

Bildumek bi errealizazio artistiko bete behar dituzte nahitaez: 30 segundoz monotiroak jaurtitzea, efektu gorri eta zuriko soinu-erritmoekin, sanferminetako janzkerari keinu egite aldera, eta bigarren proba, artistikoagoa, sorkuntza asimetrikoekin eta denbora-mugarik gabe.

 

Irudia
Irudia