Iruñeko Udalak gaur (ostirala) jarri du abian desgaitasuna duten eta osasun mentalarekin lotutako tratamenduan dauden 10 langile kontratatzeko proiektua. Sei hilabetetan zehar, bost emakume eta bost gizon arituko dira lanean: % 33tik gorako desgaitasuna izateagatik enplegagarritasun-arazoak dituzte eta osasun mentalarekin lotutako tratamenduan daude; Elkarkide gizarte-ekimeneko entitatearekin lankidetzan arituko dira, laguntza tekniko baten bidez.
Nafar Lansarera aurkeztu dute proiektua, interes orokorreko eta sozialeko obrak egiteko langabeak kontratatzeagatik Nafarroako toki-entitateei emanen zaizkien dirulaguntzen deialdiaren barruan.
Aipatutako hamar langile horiez gain, gizarteratzeko teknikari bat eta pinturako ofizial bat kontratatuko dituzte, Tokiko Gobernu Batzarrak ekainean onetsi zuen proiektuari jarraikiz. Mantentze-lanak eginen dituzte, baita hiri-altzariak margotu ere, Hiri Kontserbazioko Alorrarekin elkarlanean; halaber, nekazaritzako jarduera osagarriak eginen dituzte Elkarkidek kudeatutako Arantzadiko baratzean.
Proiektua Gizarte Ekintzako Alorrean dago finkatuta; izan ere, alor hori gero eta langile gehiago kontratatzen ari da, eta lan-jarduera gai hauekin lotutako zeharkako ekintzekin osatuko du: lana bilatzea, digitalizazioa, arriskuen prebentzioa eta lanekin lotutako teknikak: pintura, agroekologia eta konpostatzea.
Proiektuaren helburua da gizarteratzeko eta lanera bideratzeko ibilbidea abian jartzea, aurretik aipatutako lan-esperientzia hori abiapuntu hartuta, etorkizunean prestakuntza- edo lan-baliabideetara sarbidea izan eta lan-merkatu konbentzionalean sartzeko xedez. Lan-esperientzia horri esker, pertsona horiek hiriko protagonista eta eragile aktibo gisa duten balioa azpimarratzen da, baina ez hori bakarrik: 10 langileek ordainsaria eskuratuko dute, haien kategoriaren eta lanaldiaren arabera, eta udal-langileen soldataren parekoa izanen dute, Udalaren eta Nafar Lansareren finantzazioari esker. Iruñeko Udalak bere gain hartuko du erabiliko diren material eta produktuen kostua.
Arantzadi eta Landaben
Hitzarmenak bi jarduera nagusi barne hartzen ditu, langileendako arriskurik gabekoak, inguru zabal eta atseginean: lanak Elkarkideren baratzean eta Arantzadiko parkeko lorategi-eremu irekietan eginen dituzte, eta Landabengo biltegi batean hiri-altzariak berreskuratu eta margotzeko lanekin txandakatuko dituzte. Lan horiei esker, hiri-altzariak hobetuko dituzte, eta baratzeko lanei dagokienez, elikagai bankuko onuradunek produktu fresko eta osasungarriak eskuratuko dituzte.
Kontratatuko dituzten langileek, Elkarkideko teknikariek gainbegiratuta, nekazaritza-produktuekin lotutako lanak eginen dituzte: landatzea, biltzea, laborantzarako produktuetan poltsak ipintzea eta produktuak inaustea; halaber, beste lan hauek eginen dituzte: laboreen eta guneen mantentze-lanak eta prestakuntza, garbiketarekin lotutako lanak, plastikoak jartzea, laboreak altxatzea eta belar arrotzak kentzea.
Hiri-altzariei dagokienez, proiektuak lan hauek barne hartzen ditu: askotariko elementuak lixatu, garbitu, konpondu eta margotzea, hala nola iturriak, bankuak, barandak, eskudelak, zuhaitzak babesteko objektuak eta bizikletendako aparkalekuak, bai parke eta gune irekietan, bai Landabenen gaitutako hiri-altzarien lokalean.