Iruñeko Udalak COworkids abiatu du, haurren eta nerabeen programa berria, haien giza-eskubideak eta erakundeetan parte har dezaten sustatzen dituena

Iruñeko Udalak COworkids abiatu du, haurren eta nerabeen programa berria, haien giza-eskubideak eta erakundeetan parte har dezaten sustatzen dituena
COworkidsek ekintza kulturalak, gizarte-hezkuntzakoak, artistikoak, kirolekoak, aisialdikoak eta denbora librekoak sustatuko ditu Iruñeko 14 auzoetan
COworkids

 

Iruñeko Udalak haur eta nerabeendako COworkids programa berria abiatuko du urtearen hasierarekin batera. Programa berri horrek giza eskubideak jorratuko ditu eta haur nahiz nerabeek erakundeetan eta udal-erabakietan parte-hartze aktiboa izatea landuko du, gizarte, kultura, arte, kirol, aisialdi eta denbora libreko ekintzen bidez, Iruñeko 14 auzoetan. Horrela, Iruñeak Haurtzaroaren Hiri Adiskide den aldetik duen betebeharra beteko da eta Haurrentzako Partaidetza Kontseiluaren oinarriak sortuko dira, Maria Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Gizarte Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Celia Pinedo programaren koordinatzaileak prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Urteko lehen hiruhilekoan, adibidez, COworkidsek honakoak eskainiko ditu, doan, Iruñeko 14 auzoetan: eskola-laguntza adingabeentzat, sormen-laborategiak, askotariko jokoak, zineforumak, pilota, dantza, xakea eta saskibaloia, betiere kontuan hartuta programaren oinarria giza eskubideak lantzea dela, metodologia parte-hartzaileen bidez. Paraleloki, aldian-aldian eztabaida-guneak sortuko dira, adin-tarteen arabera. Bertan protagonista izanen dira, eta, besteak beste, haien kezkak, beharrak eta COworkidsen etorkizuneko programazioak landuko dira.

Programazio guztia eta programa berriaren oinarrizko ildoak www.coworkidspamplona.es webgunean kontsulta daitezke. Espazio horri esker komunikazio-kanal berriak irekiko dira, eta, horien bidez, hainbat esparruri buruzko informazioa eskainiko da, besteak beste, gurasotasun positiboa eta haurren premiekiko sentsibilizazioa sustatzeko. Halaber, boluntarioekin, beste entitate batzuekin, elkarteekin edo esparruko profesionalekin komunikatzeko espazioak sortuko dira. Informazio gehiago edo izena eman nahi izanez gero, coworkids@pamplona.es posta elektronikoaren bitartez harremanetan jartzeko aukera dago.

Informazio xehakatu guztia www.coworkidspamplona.es webgunean ikus daiteke

www.coworkidspamplona.es webguneak hainbat atal ditu. Lehenengoan COworkids aurkezten da; bigarrenean, hiruhilekoko jarduerak zehazten dira, eta hirugarrena guraso, zaintzaile, boluntario, begirale eta entitateen parte hartzeari zabalik dago.

Familien parte-hartzeaz bezainbatean, urtarrilaren 15etik aurrera topaketa pertsonalizatuak eginen dira, beharrak eta intereseko arloak identifikatzeko, eta diagnostiko bat eginen da online gune berri bat sortzeko. Noranzko biko komunikazio-kanal bat izanen da, eta programako teknikariek egindako ikus-entzunezko materiala eta gizarte- eta hezkuntza-baliabideak eskainiko ditu, gurasoek beren guraso-gaitasun eta -ahalmenez jabetzeko aukera izan dezaten, baita haien seme-alabenenaz ere.

Boluntarioen kasuan, prestakuntza-plan bat garatuko da. Plan horren lehen saioak, Ikaskuntza-zerbitzuaren metodologian oinarrituak, urtarrilaren 23an hasiko dira Gaztediaren Etxean.

Horrez gain, webgune berri honek blog bat argitaratuko du, 'Partekatuko al dugu?' izenburupean, eta hilero bilduko ditu Iruñean haurtzaroan eta nerabezaroan funtsezkoak diren eragileen hainbat kezka eta ikuspuntu –zabalak eta desberdinak–. Azkenik, bosgarren atalak haur eta nerabeei zuzendutako hiriko beste jarduera batzuk biltzen ditu.

Doako jarduerak astelehenetik larunbatera

Urteko lehen hiruhilekoan, haurren eta nerabeen eskubideak landuko dira doako jardueren bidez, astelehenetik larunbatera, hezkuntza ez-formalaren esparruan, Iruñeko 14 auzoetan. Auzoen eta proposamenen arabera, zentro komunitarioetan, Civivox sarean, ikastetxe publikoetan, kiroldegietan edo Gaztediaren Etxean izanen dira.

Astelehenetik ostegunera, egutegi egonkorra proposatzen du COworkidsek auzo bakoitzean, doan. Lehen hiruhilekorako jarduerak urtarrilaren 18an hasiko dira, eta eskola-laguntza, sormen-laborategia, jolasak eta askotariko kirol  jarduerak dira. Eskola-laguntza bitan banatu da: Lehen Hezkuntza (6 eta 12 urte bitartekoentzat) eta Bigarren Hezkuntza (13 eta 18 urte bitarteko nerabeentzat). Biak astelehenetik ostegunera eginen dira, 16:30etik 18:00etara, auzo bakoitzean. Sormen-laborategiak eta jolasak berdin banatu dira, eta 18:15etik 19:00etara izanen dira. 18:00etatik 18:15era bidezko merkataritzaren inguruan sentsibilizatuko da, egunero horrelako produktuekin doako askariak eginez.

Askotariko kirol eskaintzan –programa ezarri eta aurrera egin ahala zabaltzen joanen da–, COworkidsek bi jarduera nabarmentzen ditu 8 urtetik aurrera. Lehen hiruhilekorako, xakea aukeratu da, hezkuntza-tresna baliogarria baita haurtzaroan eta nerabezaroan erantzukizun-zentzua eta erabakiak hartzeko, arazoak konpontzeko eta planifikatzeko gaitasuna sustatzeko. Bestalde, saskibaloia hautatu da, parekoen arteko elkartasuna garatzen duelako, enpatia eta talde-lana sustatzen dituelako eta komunikazio-trebetasunak hobetzen dituelako. Bi jarduerak Nafarroako Xake Federazioaren eta Nafarroako Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin eginen dira.

Programazio egonkorra auzoetan, eta horri hiri osorako jarduerak gehitzen zaizkio

Auzo bakoitzeko programazio egonkor horren osagarri, hiri osoko haur eta nerabeendako beste jarduera irekiak eskainiko dira, horiek ere doan. Adibidez, Gaztediaren Etxearen proposamenak hiriko auzo guztietara eramanen dira: hilero, ostiral arratsalde batean, zineforuma, eta larunbat goizero, hainbat jarduera, hala nola street dance-a, K-POP-a, eta scrapbook-, buztin-, lurrin- eta ahots-lantegiak. Ingurumen Hezkuntzako Museoarekin, Agenda 21 Zerbitzuarekin eta Kulturako Alorrarekin elkarlanean, otsailetik aurrera hainbat jarduera eginen dira ostiral arratsaldeetan.

Larunbatetan ere, 12:00etatik 13:00etara, piraguismoa eskainiko zaie 7 eta 18 urte bitarteko 15 laguneko taldeei, Iruñeko Piraguismo Klubean. Gainera, COworkidsek Nafarroako Pilota Federazioarekin kolaboratzen du, eta astean hiru egunez, arratsaldez, 8 eta 18 urte bitartekoek Labrit, Lopez eta Arrotxapeko frontoietan pilotan jokatu ahal izanen dute. Hiriari irekitako programazio hau urtarrilaren 8an, ostiralarekin, hasiko da Iturramako Civivoxean, Wes Andersonen 'Isla de perros' filmaren zineforumarekin.

‘Ez utzi inor atzean’

Haurrentzako eta nerabeentzako programa berria indarrean dagoen Foru Dekretu bidez onetsitako Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroak tokiko erakundeei eskatzen dizkien haurrendako prebentzio- eta laguntza-zerbitzuak emateko sortu da. Iruñeko Udaleko Haurtzaro eta Nerabezaroko I. Planak ezartzen dituen ildo estrategikoei erantzuten die, eta bat egiten Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 70/1 Ebazpenarekin, non 2030eko Agenda onartzen baita, ‘Ez utzi inor atzean’ lelopean.

COworkidsek hiri osoko haurren eta nerabeen oinarrizko eskubideen babesa bermatu nahi du, 0 eta 18 urte bitarteko pertsonentzat eta haien familientzat gaitasunak eta aukera berriak garatuz, udal-zerbitzu bidezko, unibertsal eta zeharkakoen bitartez. Bi ildo estrategikok definitzen dute: unibertsaltasuna eta zeharkakotasuna.

Unibertsaltasuna, espazio integratzaileak, kulturartekoak eta ekitatiboak sortzeko

Unibertsaltasuna Iruñeko auzo guztietan integratzaileak, kulturartekoak eta bidezkoak diren espazioak sortzea da, Iruñeko haur eta nerabe guztientzat irekiak. Hiru espazio mota bultzatuko dira. Alde batetik, ‘Espazioak haur eta nerabeEKIN’, giza eskubideak oinarri dituzten gizarte, hezkuntza, kultura, kirol eta aisialdiko jarduerak programatuta, eta bigarren hiruhilekotik aurrera teknologia txertatuta.

Bigarrenik, ‘Haur eta nerabeEN espazioak". Horien adierazle nagusia Haurrentzako Partaidetza Kontseilua eta beste eztabaida-gune batzuk izanen dira, Iruña Haurtzaroaren Hiri Adiskide gisa aitortzearen ildoari jarraiki eta Iruñeko Haurrendako I. Udal Planaren jarraibideekin bat. Haurrentzako Partaidetza Kontseilua parte hartzerako organo egonkorra izanen da, auzo bakoitzeko ordezkariekin, eta bertan Iruñeko haur eta nerabeek beren ezinegonak, beharrak eta kezkak helarazten ahalko dizkiote auzoari eta, ondorioz, hiriari.

Hona hemen hirugarrena: ‘Espazioak haur eta nerabeEN ALDE eta haur eta nerabeENTZAT’. Bertan familiekin komunikatzeko bide berriak ezarriko dira, boluntarioak prestatzeko eta haien zereginak aitortzeko programa bat inplementatuko da, eta buletin bat eginen da entitateentzat, non jasoko baitira haien eskura dauden aukera guztiak haien esperientzia eta ezagutza garatzen eta ekarpenak egiten jarrai dezaten, haurren eskubideak defendatu eta bermatzeko.

Gaian adituak diren hainbat entitate eta erakunderen laguntzarekin

Zeharkakotasunaren ondorioz, COworkidsek koordinazio-lanak eginen ditu, bai Udal barruan bai kanpoan (koordinazio-foro publiko eta mistoetan), haurrek eta nerabeek zerbitzu integral eta bidezkoak eskura ditzaten bultzatzeko eta hobetzeko. Udal barruan, Udaleko Alor ezberdinek ekintzak jarri dituzte COworkidsen eskura, udal-baliabideak optimizatzeko eta Udalak haur eta nerabeengan duen eraginaren mapa sortzeko. Barne-koordinazioak COworkidsen ikuspegi integrala bermatuko du (ingurumen-, genero- eta prebentzio-ikuspegia, besteak beste).

Kanpo-koordinazioari dagokionez, adibidez, Haurtzaroaren Hiri Adiskideak ekimenaren barruan, UNICEFen Nafarroako Batzordeak COworkidseko profesionalei lagunduko die, haurren eskubideen ikuspegia ezartzen laguntzeko. Horretarako, hileroko koordinazio-bileretara joanen da, eta prestakuntza-prozesuetan lagunduko du. Nafarroako Adingabekoendako Fiskaltzak zuzenean lan eginen du programako profesional-taldearekin adingabeentzako neurri estrajudizialak ezartzeko, udal proiektu berri honen baitan.

Gainera, Nafarroako Ikasketa eta Zerbitzu Sareak boluntarioei prestakuntza emanen die, ikaskuntza-zerbitzua boluntariotza-planaren funtsezko metodologia gisa inplementatzeko. Boluntariotza eta curriculum-praktikak sustatzeko, COworkids Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Nafarroako Unibertsitatearekin eta goi-mailako eskolekin elkarlanean arituko da. Hirugarren sektoreko entitateek COworkidsen egunerokoan lagunduko dute. Desgaitasunari behar bezala erantzuten zaiola bermatzeko, CERMIN COworkidsekin lankidetzan arituko da prestakuntza eta aholkularitza emateko. Kirol-federazio eta -eskolek haurrei aisialdi osasungarria, desberdina eta, batzuetan, minoritarioa gerturatuko diete. Azkenik, Nafarroako Rural Kutxak eztabaidarako eta haurrek eta nerabeek ideiak sortzeko guneak sustatzen lagunduko du. Auzo bakoitzeko haurren sareek, ikastetxeek, osasun-zentroek eta beste instituzio publiko batzuek osatuko dute, amaitzeko, COworkidsen ezaugarri den sare-lana.