Iruñeko Udalak Covid-19 Neurrien I. Plana abiatuko du: 15 ekintza eta 5 milioi euro, gizarte-zerbitzuak, ekonomia eta enplegua babesteko

Iruñeko Udalak Covid-19 Neurrien I. Plana abiatuko du: 15 ekintza eta 5 milioi euro, gizarte-zerbitzuak, ekonomia eta enplegua babesteko
Planak gizarte-laguntzak eta merkatari zein ekintzaileentzako laguntzak barne hartzen ditu, bai eta mugikortasun berria sustatzeko jarduketa-ildoak ere

medidas plan covid
 

Iruñeko alkate Enrique Mayak Covid-19 Neurrien I. Plana aurkeztu du gaur goizean, zeinak 15 neurri zehatz gauzatzea sustatuko baitu, oinarrizko hiru zutabe ardatz hartuta: funtsezko gizarte-zerbitzuak babestea, ekonomia eta enplegua sustatzea, eta egungo pandemiaren ondorioz sortuko den etorkizuneko mugikorasunarekin zerikusia duten ekimenak bultzatzea. Plan honek jarraipena izanen du etorkizunean abiaraziko diren ekimenetan, egoeraren bilakaeraren arabera, unean-uneko osasun-egoerari eta gizarte-jarduerari doituta.

Planak 5,1 milioi euroko zuzkidura du, honela banatuta: 2 milioi, funtsezko gizarte-zerbitzuetarako –larrialdietarako eta elikatzeko laguntzetarako, adibidez–; 2,5 milioi, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzeko –egoera berrira egokitu daitezen lokal, saltoki, taberna eta jatetxeendako eta ekintzaileendako dirulaguntzak, adibidez–, eta 500.000 euro mugikortasun neurri berrietarako, oinezkoek zein ziklistek orain behar duten segurtasun-tartea ahalbidetzeko hirian hainbat lan egin beharko baitira. 100.000 euro bideratuko ditu baita ere udal-langileak babes-ekipamenduz hornitzeko, desinfektatzeko tratamenduak txertatzeko eta izapide elektronikoak sustatzeko.

Herritarren lehenetasunak: enplegua, ekintzailetza, gizarte-zerbitzuak eta hezkuntza

Agerraldian honako hau gogorarazi du: “osasun-krisiak ezin iragarrizko ondorioak izanen dituen krisi ekonomikoa eragin du. Jakin badakigu, epe laburrean, honek langabeziaren gorakada handia ekarriko duela eta jarduera ekonomikoaren jaitsiera. Gizarte-beharrak ere nabarmen igoko dira, inoiz horietara jotzeko beharrik izan ez duten dozenaka familia barne. Bi alor horietara bideratuko ditugu nagusiki gure ahaleginak: gizarte-arlora eta arlo ekonomikora.

Biak ala biak bat datoz Udalak egindako inkestaren emaitzekin, non herritarrek adierazi baitute lehenetsi beharko liratekeela enplegua eta ekintzailetze, gizarte zerbitzuak eta hezkuntza, eta prestakuntza. Beste ikerketa batzuen arabera, krisiak alarma-egoera deklaratu aurretik lanean ari zirenen % 35i eragin die. Hortaz, iruindarren heren batek lana galdu du, ERTE batean dago edo lan-jarduera eten behar izan du. Horrexegatik, neurri zehatzen plan honekin Udalaren xedea da jarduera sustatzea eta ahalik eta enplegu gutxien galtzea.

Gastu publikoaren aurrezkiarekin eta joan den urteko superabitarekin finantzatutako plana

Covid-19 Neurrien I. Plana egiteko Iruñeko Udalak hainbat agertoki ekonomiko aztertu ditu. Gaur egun, ekainaren 30era arte, diru-sarrerak gutxienez 6 milioi euroan jaistea aurreikusita dago, eta tokiko entitateetarako laguntza-funts bat iragarri duten arren, Udalak ez daki zenbat diru egokituko litzaiokeen Iruñeari ezta noiz jasoko lukeen ere. Horri beste zalantza batzuk gehitzen zaizkio, hala nola jakitea azken batean, Iruñeko Udalak eskatu bezala, Udalen superabitak legean jasotakoak ez diren beste helburu batzuetara bideratu ahalko diren ala ez; edo zorpetzera jotzeko aukera izanen duten helburu horrekin berarekin, “are gehiago Iruñearena bezalako kasu batean, non zorra 60 milioi eurokoa baita, legeak ezarritako mugetatik arras beherago”, azaldu du alkateak.

5 milioi euro horiei aurre egiteko 2020ko udal-aurrekontuko partida guztiak banan bana berrikustea erabaki du Udalak, gastua 2,1 milioi euroan murriztea lortze aldera. Kopuru horri beste hauek gehituko litzaizkioke: diruzaintzako gastu orokorretarako geldikinen zati bat (hemendik 2 milioi euro lortuko lirateke); 2019ko superabitaren zati bat gizarte-zerbitzuetara bideratzea (0,8 milioi euro), eta Nafarroako Gobernuak larrialdietarako ematea espero den laguntza (0,2 milioi).

2 milioi gizarte-zerbitzuetarako eta 2,5 milioi ekonomia- eta enplegu-neurrietarako

Planak jasotako 5,1 milioi horietaik 2 gizarte-zerbitzuetara bideratuko dira neurri zehatzen bidez. Horietako bat larrialdietarako laguntzak handitzea da, horiei esker familiek dirulaguntzak jaso baititzakete hainbat gasturi aurre egiteko: ostatu hartzeak eragindakoak (alokairu edo hipotekak), hornidurak (argia, ura edo gasa), elikadura eta higienea. Beste hirurak honako xede hauetarako balioko dute: elikadurarekin lotutako zerbitzuetan handitu den eskaria asetzea (udal-jantokia, eskola-jantokietarako bekak, etab.), erabiltzaileei Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren tasak murriztea, eta bazterketa handian dauden pertsonei arreta ematea (orain arte hala egin izan da alarma-egoeran abiatu diren baliabide berriekin, Etxerik gabeko pertsonak artatzeko Zentroari Jesus eta Maria eta Paderborn aterpetxeak eta Andre Maria Laguntzakoa Zentroa batu baitzaizkio ). Gizarte Zerbitzuetako eta Kiroleko Alorraren iritziz lehentasuna eman behar zaio ere kirol-klubei babesa dirulaguntza bidez emateari, Covid-osteko agertoki berrira egokitu daitezen.

Beste 2,5 milioi eurok jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzen lagunduko dute, beste bost neurriren bidez. Dirulaguntzak emanen zaizkie saltoki eta lokalei babes-ekipamenduak eskuratu ditzaten eta neurri berrietara egokitu daitezen (saltokietako langileei PCR testak egitea bultzatzea barne); enpresa txiki eta ertainen digitalizazioa sustatzeko prestakuntza ematea onlineko presentzia areagotu eta hobetu dezaten; ekintzaileendako dirulaguntza deialdiak indartzea; merkataritza-, ostalaritza- eta turismo-sektoreen digitalizazioa babestea, eta tokiko merkataritzaren aldeko sentsibilizazio-ekintzak egitea.

Neurri nagusia dirulaguntza deialdiak egitea da, guztira 2,3 milioi euro, saltoki eta ostalaritza- zein zerbitzu-establezimenduak seguru bihurtzeko. Udalak laguntza emanen die salmenta-guneei eta jendeari arreta ematekoei aldaketak egin ditzaten, kutsatze-arriskua murrizteko eta erosteko ohitura eta gizarte-jarrera berrietara egokitzeko. Gastuak zein inbertsioak egin beharko dituzte: gastuak garbitzeko eta langileendako babes pertsonalerako materialetarako, eta inbertsioak espazioak eta jendeari arreta emateko moduak berrantolatzeko. Jarduketa-ildo hau abiarazteko Udalak laguntza-deialdi berri bat bultzatuko du, aintzat hartuta inbertsioak beharrezkoak izanen direla haien ahalmenaren muga-mugan dauden negozio askotan, itxita egon behar izan baitute.

Paraleloki, Udalak sektoreko enpresa-elkarteekin eta intereseko beste entitate eta eragileekin lan eginen du, horretarako Merkataritza eta Turismoko Alorreko baliabide tekniko propioak eta beste udal-alor batzuetako laguntza baliatuta (Hirigintza, Osasuna, Herritarren segurtasuna eta Mugikortasuna, nagusiki). Hartara, jarraitu beharreko futzionamendu-protokoloak eta -jarraibideak definituko ditu osasun-agintarien arauak eta gomendioekin bat, jarduera ekonomikoarekin eta establezimenduen jardun profesionalarekin bateratzeko modukoak eta orekatuak direla zainduz betiere.

Oinezkoendako eta ziklistendako espazioa irabaztea, segurtasun-tarteak mantentzeko

500.000 euro erabiliko dira mugikortasuneko jarduketa-ildo berrietan, lau neurri-mota nagusirekin: oinezkoendako eta ziklistendako espazioa irabaztea, hartara osasun-krisi honetan behar den distantzia fisikoa ahalbidetzeko; aldi baterako bidegorriak eta ardatz berriak sustatzea; bizikletetarako aparkaleku seguruak; eta oinez zein bizikletaz mugitzea sustatzeko kanpaina. Mugikortasun Batzordeak gai horri helduko dio bihar eginen duen bileran. Aurreikuspenen arabera honako eremu hauetan eraginen du batez ere: Sarasate pasealekua, Nafarroako Gorteen kalea, Baiona eta Yanguas y Miranda etorbideak, eta Milagrosa, Txantrea eta Sanduzelai auzoetan.

Azkenik, 100.000 euro bideratuko dira Covidak eragindako gastu berriei aurre egiteko, honako  hauei dagokienez: Udal-langileei babes-ekipamenduak ematea, desinfekzio-tratamenduak txertatzea garbiketa-lanetan eta izapide elektronikoak bultzatzea, besteak beste.

Plan bizia eta neurri berriak

Enrique Maya alkateak azaldu du neurrien plan hau plan bizi bat dela, eta neurri berriak txertatuko zaizkiola hurrengo egun eta asteetan zehar, egoeraren bilakaeraren arabera eta finantzazio-aukeren arabera. Egoerak uzten badu, Udalak zorpetzera ere joko du, horrela beste neurri batzuk hartu ahal izateko, jada zergak atzeratzeko hartu den neurriaz gain, alkateak azaldu duenez.

Zentzu horretan beste ekimen berri batzuk proposatu ditu: Eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zerga (EIOZ) murriztea, jarduerak Covidera egokitzeko obrak egiteko; bide publikoa okupatzeko tasak kentzea (terrazak) 2020an, eta Ekonomia Jardueraren gaineko Zerga murriztea.

Astelehenean eremu urdina itzuliko da eta terrazak irekiko dira, haien ahalmenaren % 50ean

Plan honen barruan (Iruña bezalako beste hiri batzuetakoen antzekoa baita), hainbat gauza berrabiatuko dira astelehenetik aurrera, betiere deseskalatzearen faseak betetzen badira: aparkatze mugatuko zerbitzua (eremu urdina delakoa), terrazak haien ahalmenaren % 50ean irekitzea, eta Landabengo azokaren irekiera, maiatzaren 17tik aurrera (igandea).

Aparkatze mugatu eta murriztuko eremua berriz ere abiatzeari dagokionez, enpresak aurrez parkimetro guztiak desinfektatuko ditu, eta jendaurreko arreta bulegoak irekiko dira, bai enpresan bertan bai Herritarren Segurtasuneko Alorrean. Mugikorrerako Telpark aplikazioarekin ordaintzea gomendatuko da parkimetroak ez ukitzeko, enpresak egunero hainbat aldiz garbituko dituen arren.

Terrazen mahaien % 50 ireki aurretik, Udalak astebeteko epean zalantzak argitzeko eta terrazak handitzeko eskaerak erantzuteko konpromisoa hartu du. Horretarako helbide elektroniko bat abiatuko du, berariaz horretara zuzenduta, eta astelehenean bertan jarriko da martxan: terrazas@pamplona.es

Alkateak prentsaurrekoan adierazi du “neurri horiek guztiak aurrera ateratzeko eta iruindarrek merezi duten mailan egon ahal izateko, udal-talde guztien artean gehienezko adostasuna egotea” espero duela. “Berez, eta hala nabarmendu eta eskertu nahi dut, azken hilabeteotan hala izan da hartu ditugun erabaki garrantzitsu guztietan, horietako asko oso esanguratsuak, sanferminak bertan behera uztea, esaterako”, erantsi du.

Prentsaurrekoa amaitzeko alkateak elkartasun mezu bat helarazi die iruindarrei, batez ere okerren daudenei, baliabiderik gabe geratu baitira, lana galdu dutenei,, edo negozioarekin zer egin ez dakitenei, eta gogorarazi die “gure esku dagoen guztia” eginen dutela “laguntza emateko”. Halaber, osasun- eta garbiketa-langileei eskerrak eman dizkie, baita funtsezkotzat hartu diren gainontzeko zerbitzuetakoei ere, eta dolumin mezua helarazi die Covid-19aren ondorioz senitartekoren bat galdu duten guztiei. Amaitzeko “Adi jarraitzea garrantzitsua” dela azpimarratu du. “Birus hau oso etsai arriskutsua da, eta helarazten dizkiguten neurriak zorrozki bete behar ditugu, atzerapausorik egon ez dadin. Herritar gehienak hala jokatzen ari dira, eta hori da, hain zuzen, jarraitu behar dugun ildoa”.

Covid-19 Neurrien I. Plana: 15 ekintza eta 5 milioi euro

  • Gizarte Zerbitzuak. 2 milioi euro
  • Larrialdietarako laguntzak handitzea
  • Elikadurari lotutako laguntzak indartzea
  • Tasak murriztea Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileei
  • Arreta ematea bazterketa handiko egoeran daudenei
  • Kirol-klubendako dirulaguntzak, Covid osteko egokitzapenean laguntzeko
  • Ekonomia eta enplegua. 2,5 milioi euro
  • Dirulaguntzak ematea saltoki eta lokalei, babes-ekipamenduetarako eta arau berrietara moldatzeko (PCR testa barne)
  • Prestakuntza ematea enpresa txiki eta ertainen onlineko presentzia hobetzeko
  • Ekintzaileentzako dirulaguntza-deialdia indartzea
  • Merkataritza-, ostalaritza- eta turismo-sektoreen digitalizazioa laguntzea
  • Tokiko merkataritzaren aldeko sentsibilizazio-jarduerak egitea
  • Mugikortasun-eredu berria. 0,5 milioi euro
  • Jarduketak oinezkoendako eta bizikletetarako toki gehiago edukitzeko
  • Aldi baterako bidegorriak eta bizikleta-ardatz berriak sustatzea
  • Bizikletetarako aparkaleku seguruak
  • Oinez eta bizikletaz mugitzea bultzatzeko kanpaina
  • Covid-ari lotutako neurriak Udalean. 0,1 milioi euro
  • Udal-langileei babes-ekipamenduak ematea, desinfekzio-tratamenduak txertatzea garbiketa-lanetan eta izapide elektronikoak bultzatzea

 

¿Te ha sido útil esta página?