
Hito Steyerl artista alemanak, arte garaikidearen nazioarteko erreferenteak, bi bideo-kanalez osatutako ikus-entzunezko instalazio bat du ikusgai Ziudadelako Bolborategian: Batetik, Is the museum a battlefield? izenekoak aztergai ditu arte garaikideari lotutako erakundeen eta arma-industriaren arteko harremanak; bestetik, November izenekoak irudiek iraultza batean duten eginkizuna aztertzen du. Erakusketa azaroaren 15era arte bisitatzen ahalko da, eta egin berri diren Iruñeko Topaketen programazioaren parte da.
November izeneko kanalean, Steyerlek aztergai ditu iraultzetan irudiek duten eginkizuna, eta Andrea Wolf-en ibilbidea kontatzen du horretarako, artistaren lagun hori kurduen askapenerako mugimenduan aritu baitzen Turkian. Osagai hauek ditu lanak: telebista kurduaren irudi dokumentalak, film amateur baten eszenak, Bruce Lee-ren filmen zatiak eta Steyerlen narrazioa bera. Ikus-entzunezko piezak artistaren ondorengo lanaren eredua ezarri zuen, besteak beste, gai hauek landuta: generoa altxamendu politikoetan eta protestaren estetika. Is the museum a battlefield? izeneko bigarren proposamenak gai honi heltzen dio: arte garaikideko erakundeen eta munduko arma-industriaren artean dauden ezkutuko lotura finantzario eta politikoak.
Bideoartean erreferentea
Hito Steyerl erreferentea da nazioarteko bideoarte garaikidean. Artista bisuala izateaz gain, zinema-errealizadorea eta saiakeragilea da, eta urteak daramatza komunikabideak eta irudien hedapen masiboa aztertzen. Artistaren idatzizko eta ikus-entzunezko saiakerek gai hauek dituzte ardatz: feminismoa, indarkeria politikoa eta teknologia digitala, besteak beste. Gai horiei heltzeko, ironia erabiltzen du, eta beste batzuen material bisualak eta testualak bereganatzen ditu. Artista dokumentalista gisa, hainbat bienaletan parte hartu du munduan barna; horrez gain, arte garaikideko bilduma eta museo garrantzitsuenen parte da Steyerlen sorkuntza-lana.
Ikus-entzuezko instalaioz Is the museum a battlefield November
Tokia: Ziudadelako Bolborategia
Datak: 2026ko urriaren 1etik azaroaren 15era
Honako hau da erakusketa bisitatzeko ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.