Iruñeko Udalak Bonotaxi programaren deialdia aurreratu du, onuradunek urtarriletik jaso ditzaten garraiorako laguntzak

Iruñeko Udalak Bonotaxi programaren deialdia aurreratu du, onuradunek urtarriletik jaso ditzaten garraiorako laguntzak

foto

 


Azaroaren erdialdean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da Iruñeko Udalak Bonotaxi programaren bidez mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei ematen dizkien garraiorako laguntzen deialdia. Argitalpena ia bi hilabete aurreratuko da laguntzak urtarrilean jaso ahal izateko. Hilabete eta erdiko tarte hori aurkezten diren eskabideak baloratzeko eta laguntzak emateko baliatu ahal izanen da. 

Orain arte, urtarrilean argitaratzen zen deialdia, eta, eskabideak aurkezteko, baloratzeko eta laguntzak emateko administrazio-izapideekin batera, otsailera edo martxora arte luzatzen zen programa abian jartzea. Programaren erabiltzaileek ez zuten Udalaren laguntzarik jasotzen bi edo hiru hilabete horietan, eta horrek zaildu egiten zuen haien mugikortasuna eta independentzia. 2022an, guztira 728 pertsonak jaso zituzten garraiorako laguntzak Bonotaxi programaren deialdiaren bidez, 2019an baino % 30 gehiagok –568 pertsona sartu ziren orduan programan–. 2023an, urtea oraindik amaitu gabe dagoen honetan, erabiltzaile-kopuruaren aurreikuspena antzeko zifretan mantentzen da. 

Raúl Armendariz Gizarte Zerbitzuetako, Kiroleko eta Osasuneko zinegotzi ordezkariak gaur goizean aurkeztu ditu laguntza deialdi horren berritasunak. Epeak aurreratzearekin batera, Iruñeko Udalak hobekuntzak egin ditu emakidaren baremoan. Kide bat baino gehiagoko familia-unitateen diru-sarreren baremoa aldatu da, orain arte kanpoan geratzen ziren familiak onuradun izan daitezen eta haien mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu daitezen.

Mugitzeko zailtasunak dituztenei garraioa erraztea 
Deialdiak 267.000 euroko aurrekontua du, izapidetzen hasten den unetik. Horrela, hasiera-hasieratik sortu da ekitaldi osoko laguntzak estaltzeko adinako kreditua. Aurreko urteetan eta 2023 honetan, deialdiaren hasierako aurrekontuari (190.000 euro) hainbat zenbateko gehitu behar izan zaizkio programa finantzatu ahal izateko. 2023rako 267.800 euroko guztizko gastua onartu da.

Laguntza horien helburua da mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei hirian mugitzen laguntzea, bizimodu independentea egin ahal izan dezaten eta, ondorioz, eskubide berberak izan ditzaten gainerako herritarren baldintza berberetan. Deialdiak banakako laguntza horiek bonotaxi-txartel gisa ematea arautzen du, garraiobide egokitua (taxia) erabiltzeko.

Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean irekiko da. Iruñeko Udala harremanetan jarri da Bonotaxi programa kudeatzen duen COCEMFErekin, erabiltzaileei deialdiaren aurrerapenaren berri eman diezaien eta laguntzak berritzeko eskaerak prestatzen joan daitezen.

Deialdirako baldintzak
Deialdian parte hartzen ahalko dute 2023ko urtarrilaren 1etik Iruñean erroldatuta dauden eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna dutenek, baldin eta desgaitasunak garraio kolektiboak erabiltzea biziki galarazten badie, eta desgaitasuna dutela egiaztatzen bada Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak (ANAP) emandako Desgaitasunaren Ziurtagiri Ofizialean. Onuradunek erroldan alta emanda egon behar dute laguntza jasotzen duten bitartean.

Ez dute gidabaimenik izan behar, edo, noizbait eduki izan arren, gidatzeko baldintza fisikoak kaltetuta izan behar dituzte. Horretarako, medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Era berean, 18 urtetik gorako eskatzaileek ez dute mugitzeko desgaitasuna dutenendako egokitutako ibilgailu propiorik izan behar. Azken baldintzek gai ekonomikoekin dute zerikusia; izan ere, familia-unitatearen urteko gehieneko diru-sarrerek baremo jakin batzuen barruan egon behar dute PFEZaren aitorpeneko azken ekitaldian. Familia-unitateak ez du 150.000 eurotik gorako ondarerik izan behar, bere ohiko etxebizitzaren balioa salbu. 

Onuradun bakoitzarendako hilean gehieneko zenbateko bat ezartzen da, eta garraio kolektiboetara iristeko zailtasunaren arabera zehazten da: 103 eurokoa gehienez eta 62 eurokoa gutxienez. Onuraduna egoitza-zentro batean bizi bada, zenbatekoak ezin izanen dira 86 eta 52 euro baino gehiagokoak izan, hurrenez hurren. % 25 gehiago emanen da, baldin eta egiaztatzen bada taxia egunero erabili behar dela lantoki batera edo derrigorrezkoaren ondoko hezkuntzako ikastetxe arautu batera joateko, betiere ikastetxeak ez badu garraiobide egokiturik eskaintzen. Hileko gehieneko zenbatekoa % 10 murriztuko da onuradunak desgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelaren titularrak direnean. 

Garraioa ordaintzeko diru-txartela
Dirulaguntza txartel elektroniko baten bidez zehazten da. Onuradunek txartel hori taxi-zerbitzu publikoa erabiliz egiten dituzten bidaia pertsonaletarako erabiliko dute, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, baldintza jakin batzuen arabera. Taxi-bonuak erabilera pertsonalekoak eta besterenezinak izanen dira, eta entitate laguntzaileak txartel elektroniko gisa emanen ditu deialdiaren onuradunen artean. 

Taxia eskatzean, onuradunak aldez aurretik jakinarazi beharko du diru-txartela erabiliko duela. Onuradunak, taxilariak eskatuta, identifikazioa aurkeztu beharko du, NANaren edo nortasuna egiaztatzen duen beste edozein agiriren bitartez. Taxi-bonua Iruñerriko taxi-zerbitzuko edozein taxi egokitu edo/eta irisgarritan erabiltzen ahalko da. Udalerriaren barneko joan-etorrietarako zein Iruñerriko garraio publikoaren hiriarteko eremukoetarako erabiltzen ahalko da. 

Onuradunak bere egoeran gertatzen diren aldaketak jakinarazi beharko ditu, baldin eta aldaketa horiek programan sartzeko eskubideari eragiten badiote. Hilabete bakoitzari dagozkion taxi-bonuen zenbatekoek zein hilabete naturaletan egon eta horren azken egunera arte iraunen dute, betiere 2024ko abenduaren 31ra bitarte. Desgaitasunak aitortzeko zentroak emandako ebazpenean eskatzaileak garraio kolektiboa erabiltzeko duen zailtasuna jaso beharko da.
 

¿Te ha sido útil esta página?