
Bizikletak aparkatzeko gero eta euskarri gehiago daude Iruñeko auzoetan, bizikletak erabiltzea sustatu eta hirian barnako joan-etorriak errazteko. Iruñeko Udalak bizikletak aparkatzeko beste 62 modulu jarri ditu 2025ean, eta horri esker, bizikletak aparkatzeko 372 euskarri izanen dira hiri osoan. Urtea bukatu baino lehen, bizikletak aparkatzeko euskarri gehiago jartzea aurreikusten da.
Bizikletak aparkatzeko euskarrien berritasun nagusia hauxe da: lehenbizikoz, San Juan de la Cadena, Mendigoiti, Nicasio Landa eta Ermitagaña ikastetxe publikoetako patioetan jarri dira. Bizikletak aparkatzeko 42 euskarri dituzten 7 modulu jarri dira, Bizieskola eta Eskolarako Bide Seguruak hezkuntza-programek garatzen dituzten lan-ildoen aldeko apustua eginez.
Halaber, bizikletak aparkatzeko 8 modulu eta 48 euskarri jarri dituzte ikastetxe hauen ingurumarietan: Basoko BHI, Nuestra Señora del Huerto, Nicasio Landa, Mendigoiti eta Jaso Ikastola. Bizikletak aparkatzeko jarri diren 372 euskarrien % 25 ikastetxeen ingurumarietan edo ikastetxeetan bertan daude, eta hala, ikastetxeen eskaerei erantzuten zaie. Jarri diren berriak kontuan hartuta, bizikletak aparkatzeko 9.372 euskarri daude dagoeneko hirian.
Bizikletak aparkatzeko euskarri berriak non jarri erabakitzeko, hainbat parametro hartzen dira kontuan: batetik, herritarren eta ikastetxeen eskaerak aztertzen dira; eskaera horiek 010 – 948 420 100 telefonoaren eta www.pamplona.es/eu udal-webgunearen bidez jasotzen dira, baita Mugikortasuneko Zerbitzuko helbide elektronikoen bidez ere. Bestetik, udal-teknikariek joan-etorriak hobetzeko elementuak behar dituzten ekipamendu eta azpiegitura berriei buruzko ikuskapenak eta analisia egiten dituzte.