
Iruñeko Udalak bi plaza gehitu ditu iazko urrian deitutako Iruñeko Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura aritzeko euskarazko itzultzaileen oposizioan. Prozeduran, guztira, lau plaza eskainiko dira, txanda irekiko bi eta igoera-txandako beste bi. Funtzionarioen araubideko A mailako plazak dira eta C1, EGA edo horietako baten baliokidea den euskarako ezagutza-maila beharko da.
Deialdia NAOn argitaratzear dago, eta argitaratu ondoren 20 eguneko beste epe bat hasiko da hautapen-prozeduran parte hartu nahi dutenek izena emateko. Horretarako gaitutako hasierako epean eskabidea aurkeztu zutenek ez dute berriro eskaerarik aurkeztu beharko, jasotzat hartuko baita. Epe berrian izena ematen dutenek hasierako deialdiko betekizun berak bete beharko dituzte.
Beste epe honetarako eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira NAOn argitaratu eta biharamunetik aitzina www.pamplona.es udal-webgunean, ‘Enplegu publikoa’ atalean, dagoen deialdiaren aipamenaren bidez. Azterketa-eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik ordaindu beharreko tasa 25,50 eurokoa izanen da oraingoan ere.
Oposizioak hiru proba izanen ditu, bi praktiko eta teoriko bat. Lehenengo proba praktikoa izanen da, gehienez ere hiru ordutan egin beharko diren hiru ariketa izanen ditu eta gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira. Bigarren proba praktikoa izanen da eta aldibereko interpretazio-proba bat izanen da, euskaratik gaztelaniara egitekoa, gehienez ere 15 minutuan (proba horrek, gehienez ere, 30 puntuko kalifikazioa izanen du). Hirugarren proban –teorikoa– bi ariketa egin beharko dira, atsedenaldia egonen da bien artean eta gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dira.
Proba gehienak ordenagailuz eginen dira. Ordenagailua Udalak jarriko du eta zuzentzaile ortografikoa desaktibatuta izanen du. Bigarren proban eta hirugarren probaren bigarren ariketan ez da ordenagailurik erabiliko. Ariketa eta proba guztietan, bazterturik geldituko dira ariketa eta proba bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia, gutxienez, lortzen ez duten izangaiak.