Iruñeko Udalak bi aurkezpen-jardunaldi antolatu ditu datorren astean Txantrean eta Iturrama - Donibanen energia-komunitateak eratzea bultzatzeko. Bi saio izanen dira, urriaren 28an, astelehenarekin, Iturramako Civivoxean, eta urriaren 30ean, asteazkenarekin, Salestarrak Zentro Komunitarioan, proiektu horiek gauzatu daitezen parte hartze- eta prestakuntza-prozesu bat irekitzeko. Bi saioetako sarrera librea izanen da.
Energia-komunitateak parte-hartze irekian oinarritutako figura juridikoak dira, haien bazkideek kudeatzen dituzte eta energia berriztagarrien inguruko ekintzak garatzen dituzte. Energia-komunitateen kudeaketa komunitarioa da, eta komunitate horien parte direnek hautematen dituzte haien jarduerak auzoetan eragiten dituen gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-onurak. Norbanako gisa interesa duen edonor, elkarteak, kolektiboak, ETEak eta toki-erakundeak izan daitezke energia-komunitatearen parte.
Energia-komunitateek trantsizio energetikoaren protagonistatzat jotzen dituzte hiritarrak eta energia-baliabideen erabilera eta kudeaketa bidezko eta demokratikoa hobetzen dute. Besteak beste, energia-komunitateek herritarrendako eta tokiko negozioendako inbertsio-aukerak sortzen dituzte, energia-efizientziarako zerbitzua eskaintzen dute (eraikuntzak berritzea), eta sortutako energiaren hornidura, kontsumoa, biltegiratzea eta banaketarako aukera errazten dute. Energia-komunitateak hirian garatzeari buruzko proiektua, 2030 Estrategia – Iruñeko Hiri Agendaren eta Udaleko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 Estrategiaren helburuekin bat dator.
Energia-komunitateak auzo guztietan
Iruñean dagoeneko 4 energia-komunitate eratu dira Iruñeko Udalarekin elkarlanean. Abiarazi zen lehenengoa, 2022ko azaroan, Mendillorriko Kemendi Energia Komunitatea izan zen. Urte bat geroago, 2023an, Arrotxa-E Energia Komunitatea eratu zen Arrotxapean eta Ermen Energia Komunitatea Ermitagaña - Mendebaldean. Azkenik, urte honetan bertan, ekainean, Ilargienea Energia Komunitatea bultzatu zen, eta bertan Arrosadiak, Azpilagañak, Lezkairuk eta Santa María la Realek parte hartzen dute.
Datozen hilabeteetan hirian 4 energia-komunitate berri eratzeko prozesuak abiatzea aurreikusi da, besteak beste Txantreakoa eta Iturrama – Donibanekoa. Udalaren helburua da, 2025eko amaierarako, herritar batek energia-komunitate batean parte hartu nahi badu, zuzenean bere auzoan eratu den komunitatean parte hartu ahal izatea.