
‘Denbora luzea daramagu une honen zain. Eta jada heldu da une hori’. Horra Iruñeko Udalak hiriko merkataritza eta ostalaritza laguntzeko sortu duen azken bideoaren esaldia, gaur egun bizi dugun ‘normaltasun berriaren’ baitan. Bideoak amaiera eman dio koronabirusaren krisia hasi zenetik tokiko merkataritza- eta ostalaritza-sektorearen garrantzia aitortu eta hiriko establezimenduetan kontsumitzea sustatzeko egindako ekintzen kanpainari.
‘Iruña prest’ kanpainako 30 segundoko spotean merkatari eta ostalariak ageri dira haien establezimenduetako pertsianak igotzen, garbitzen, erakusleiho eta apalategiak ordenatzen, eta bezeroen zain, zeinek irribarre batekin eskertzen baitiete haien lana eta profesionaltasuna. Deseskalatzea eta faseak amaitu dira, eta hemendik aurrera, egoera berri honetara egokitu beharko dute galdutako denbora berreskuratzeko. Artworks Comunicación-ek diseinatu du kanpaina, eta sare sozialen nahiz bitarteko digitalen bidez hedatuko dute.
Azken hiru hilabeteetan, merkataritzak eta ostalaritzak komunikazio- eta irudi-kanpaina honek azpimarratu dituen etapak bizi izan dituzte. Iruña ‘geldirik’, ‘adi’ eta ‘prest’ egon da oraingo unera iritsi arte, ‘ekin’ horretara, zeinak hasiera ematen baitio establezimenduei bultzada berria emanen dien bide berriari. Hori guztia tokiko eta auzoko merkataritza eta ostalaritzari begira, zeinak bezero fidelak baititu, betiko denda eta tabernen etorkizunaz kezkatuta itzuli eta dendei lagun egin nahi dieten horiek, aurreko hilabeteetan bizitako une txarren ondoren berpizten laguntzeko.
Krisiaren ondorioei aurre egiteko neurri ekonomikoak
Merkataritzari eta ostalaritzari emandako babesaz gain, kontsumoa sustatzeko eta koronabirusaren krisiaren ondorioak arintzeko neurri ekonomikoak ere hartu dituzte. Udaleko azken Osoko Bilkuran ordenantza fiskalen aldaketa bat onetsi zuten, zeinaren bitartez urte amaierara bitarte ez baitute kobratuko bide publikoan ostalaritza-terrazak ezartzeagatik ordaindu beharrekoa. Halaber, maiatzaren amaierako Osoko Bilkuran 2020ko udal-aurrekontuaren zenbait aldaketa onetsi zituzten, besteak beste, 1,8 milioi euro merkataritzari eta ostalaritzari zuzendutako dirulaguntza eta laguntzetarako. Horietatik, 800.000 euro bideratu dituzte kontsumoa sustatzeko bonoetarako eta 1.000.000 euro establezimendu seguruak bermatzeko dirulaguntzetarako.
Era berean, Iruñeko Udala merkataritza eta ostalaritzarekin elkarlanean aritu da azken hilabeteotan, eta, besteak beste, enpresek nahiz norbanakoek koronabirusari aurre egiteko 3Dan inprimatutako bostehun bat aurpegirako babes-pantaila banatu ditu. Eta plastikozko 26.000 non-touch (ukitu gabe) gailu banatu ditu establezimenduetan, esku-higienea mantentzeko segurtasun-elementu gisara, horiekin arriskurik gabe ateak ireki, txirrinak jo edo datafono nahiz kutxazain automatikoetan zenbakiak sakatu ahal izateko.
Hainbat fasetako kanpaina
Martxoaren bukaeran, Udalak ‘Iruña geldirik’ kanpainaren lehen bideoa abiatu zuen, eta horretan sektorearekin partekatzen zuen kezka eman nahi zuen aditzera, une horretan establezimendu gehienak itxirik eta etorkizuna zalantzaz beterik baitzegoen. Hainbat ekintza egin ziren, besteak beste, Udalak www.pamplona.es udal-webgunea hiriko establezimendu guztiei zuzendutako online erakusleiho bihurtu zuen, eta bertan adierazi zuten zeintzuk zeuden zabalik eta zeintzuk zuten urruneko salmenta-sistemaren bat itxita egon arren. Horrez gain, Udalaren webgunea eta sare-sozialak itxitako saltoki eta ostalaritza-establezimenduak herritarrekin egoteko topaleku izan ziren, bertan jarri ahal izan baitzituzten sentsazioak, ilusioak eta etorkizunerako planak partekatzeko bideo-mezuak.
Apirilaren erdian, eta saltokiak partzialki abiatzea jomugan zegoela, ‘Iruña adi’ bideoa abiatu eta kanpainaren bigarren zatia publiko egin zuten, oraindik ateak zabaltzerik ez zuten saltokiak ardatz zituena. 30 segundoko spot berri batek jaso zituen dendari gehienen –horietako asko autonomoak– sentipenak, hala funtsezko zerbitzu izateagatik ireki ahal eta ireki behar izan zutenenak nola itxirik baina jardunera itzultzea prestatzen ari ziren gainerakoenak.
Maiatzean, deseskalatzearen faseak hasi baino egun batzuk lehenago, ‘Iruña prest’ bideoak berriz irekitzeko ilusio hori irudikatzen zuen, establezimenduetan edukiera-murrizketak eta higiene- nahiz segurtasun-neurriak ezartzen zituen etapa batean. Horrela, Udalak herritarrei dei egiten zien taberna eta kafetegien berrabiatzean parte har zezaten, baita auzoko saltokien birmoldaketan eta birsortzean ere, egoera sozioekonomikoari aurre egite aldera.