Iruñeko Udalak beste bi jolasgune sortuko ditu El Lago eta Mendigoiti ikastetxeetako patioetan eta Elorriko, eta Mendillorriko haurrendako parkeak berrituko ditu

Iruñeko Udalak beste bi jolasgune sortuko ditu El Lago eta Mendigoiti ikastetxeetako patioetan eta Elorriko, eta Mendillorriko haurrendako parkeak berrituko ditu
Udalak 150.000 euro inguru inbertituko ditu jarduketa horietan, eta urte amaierarako egonen dira prest



Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak lizitazioa onetsi du El Lago eta Mendigoiti ikastetxeek eta Elorri eta Mendillorri zentroek partekatzen dituzten patioetan haurrendako parkeak instalatu eta berritzeko. Jarduketak egiteko gehienez ere 149.226,88 euroko inbertsioa aurreikusi da, eta behin lanak adjudikatuta, 12 hilabetetan egin beharko dira. 

Lizitazioak bi lotetan banatzen ditu lanak. El Lago eta Mendigoiti ikastetxeetako patioan eginen den jarduketan, bereizitako bi jolasgune sortuko dira, orain haurrendako parkea ez dagoen tokian, gehienez 74.243,18 euroan. Zehazki, egungo pista-eremuan 192 metro koadroko eremu bat prestatu nahi dute jolasteko askotariko elementuekin, hala nola sareak, eskalatzeko sokak eta orekariak. Eremuak 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako egokia izan behar du, hori baita bi ikastetxeetako ikasleen adin-tartea. Halaber, segurtasun-zoladura instalatu beharko da eremu guztian, kolpeak eta erorikoak arintzeko. 

Beste gunea patioko lorategi-eremuan egitea aurreikusi da. Zuhaitzen azpiko belardi batean zurezko elementu osagarri txikiak jarri nahi dituzte, belarrarekin kontaktuan jolastea ahalbidetzen dutenak. Gainera, eremuaren desnibelaz baliatu nahi dute magalari egokituta dagoen txirrista bat instalatzeko, ohi baino handiagoa, hainbat umek aldi berean erabili ahal izateko. 

Lanek honako hauek barne hartzen dituzte: lurrak egokitzea, jolas-elementuez hornitu eta horiek instalatzea eta segurtasunezko-zoladura instalatzea.

Bigarren loteak Elorri eta Mendillorri ikastetxeen patioak barne hartzen ditu. Kasu horretan aurreikusitako zenbatekoa 74.983,70 eurokoa da: egun dauden haurrendako parkeak berritzea planteatzen da, 310 eta 160 metro koadroko bi eremutan banatuta daudenak. Bi eremuetan segurtasun-zoladura berria instalatuko da, egungoak narriadura nabaria baitu. Halaber, eremuetako batean jolas-elementu berriak instalatuko dira eta bestean daudenak zaharberritu. 

Zehazki, 310 metro koadroko eremuan eginen dira esku-hartze gehien, guztiz aldatuko baita, jolas-elementuak ordezkatuta. Gaur egungo osaeratik hiru etxetxo altu baino ez dira kontserbatuko, eta horiek egokitzeko eta doitzeko lanak eginen dira, lixatuz eta bernizatuz, eta teilatuak osatzen dituzten panelak ordezkatuz. Udalak honako elementu berri hauek instalatzea proposatzen du: kulunka bat, zaldiko-maldiko erako jolas bat eta oreka-zirkuitu bat, besteak beste. 

160 metro koadroko eremuan egun dauden lauzazko zoladura kendu eta egungo jolas-eremua birgaituko da. Zehazki, hondatuta dauden panelak, plataformak eta pieza txikiak lixatu, bernizatu eta aldatuko dira. Hala ere, lizitazioak jolasgunea osatu eta hobetzen duten elementu berriak jartzeko aukera barne hartzen du.

Proiektu batean edo bietan parte hartzeko aukera 
Lizitazio horretara aurkezten diren enpresek lote batez edo bitaz arduratzeko aukera izanen dute. Bi kasuetan, adjudikaziodunen hautaketa irizpide kualitatibo zein kuantitatiboei jarraikiz eginen da. 

Gehienez ere 50 puntu jasotzen ahalko dituzte irizpide kualitatiboengatik: jolas-sortaren diseinua (40 puntu) eta eskainitako materialen kalitatea (10 puntu). Gainera, beste 50 puntu jasotzen ahalko dituzte irizpide kuantitatiboengatik: eskaintza ekonomikoa (15 puntu), 2 urtekoa izatea aurreikusten den berme-epearen luzapena (6 puntu), piezak birjartzea (9 puntu), irizpide sozialak, hala nola prezioaren % 5a gizarteratze-enpresa batekin edo enpleguko zentro berezi batekin azpikontratatzea (10 puntu) eta ingurumen-irizpideak, esaterako materialen jasangarritasunaren ziurtagiriak (10 puntu).

Eskaintzak aurkezteko epea 15 egunekoa izanen da gutxienez, Nafarroako Kontratazio atarian argitaratu eta gero. Lanak adjudikatutakoan, enpresek 12 hilabete izanen dituzte horiek gauzatzeko. 
 

¿Te ha sido útil esta página?