Iruñeko Udalak, Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bidez, bertan behera utzi du sareko haur-eskoletan behin-behinean izena emateko epea. Erabaki horrek izen-ematea aurretiko hitzordu bidez egiteko hasiera batean hartutako erabakia ordezten du, eta horrela men egiten zaio Hezkuntzako kontseilariak emandako Foru Aginduan eta Alarma Egoerako Deklarazioan ezarritakoari, zeinen arabera bertan behera utzi eta eten baitira ikastetxe, etapa eta ziklo guztietako ikasleen behin-behineko izen-emateak eta matrikulak egiteko epeak.
Erabakiak lagundu nahi du COVID-19ak eragindako osasun-krisia hobeki kudeatzen. Udala SMS pertsonalizatua igortzen ari zaie hitzordua hartua zutenei, bertan behera uzteko. Nafarroako Gobernuaren menpekoetan bezala, Udalaren Haur Eskoletako langileek etxetik lan eginen dute, zuzendaritzak agintzen dizkien zereginetan.
Iruñean Udalaren titulartasuneko hamaika haur-eskola daude (Mendebaldea, Haurtzaro, Mendillorri, Fuerte el Príncipe – Printzearen Harresi, Donibane, Izartegi, Goiz Eder, José María Huarte, Hello Buztintxuri, Hello Azpilagaña eta Hello Egunsenti). Iruñean beste bost haur-eskola gehiago daude, Nafarroako Gobernuarenak (Santa Teresa, San Jorge, Nuestra Señora de los Ángeles, Ninia Etxea eta Nuestra Señora de Roncesvalles).