Iruñeko Udalak gaur goizean jakinarazi du ofizialki 2021ean ez direla sanferminak eginen. Enrique Maya alkateak hartu duen erabakia jakinarazi du, aintzat hartuta osasun krisiaren egungo egoera eta hurrengo hilabeteetarako aurreikuspenak, horiek sanferminak egitea ekiditen baitute, nazioarteko jai biziki jendetsuak direnez gero. COVID-19aren kontrako borrokak munduan lehentasun izaten jarraitzen du, eta kutsatze-tasaren eta txertatze-erritmoaren datuek, besteak beste, ez dute aukerarik ematen festa horien moduko ekitaldiak antolatzeko.
Alkateak gogorarazi du Nafarroa dela COVID-19aren intzidentzia-kasu altuena duen autonomia-erkidegoetako bat, azken bi asteetan 432 kasu baititu, 100.000 biztanleko”. Halaber, 4. alerta-mailan dago eta 199 pertsona ospitalean daude eta, horietatik, 39, zainketa intentsiboetako unitatean. Bitartean, “txertatze-erritmoak aurreikusitakoa baino mantsoago egiten du aurrera, eta 1.000 pertsonatik, bakarrik 202k jaso dute dosi bat eta, 1.000 pertsonatik, 83k, biak” “aurreikuspenek ekainean biztanleriaren % 70 txertatuta egonen zela esaten bazuten ere. Horregatik, beharrezkoa da erabakia orain hartzea, nahiz eta mingarria izan, sanferminetarako bi hilabete pasatxo falta direnean”.
Pertsonen ongizatea festak bertan behera uztearen ardatz
Iruñeko Udalak festak bigarren urtez bertan behera uztearen erabakia jakinarazi die hala udal-talde politikoei nola Sanferminetako mahaiko kideei. Gaur ere aste honetan Mahaia biltzeko deialdia egin da.
Albistearen berri emateko, Udalak bideo bat argitaratu du, eta bertan azpimarratzen da erabakiaren atzean Iruñeko herritarren eta bisitatzen gaituztenen ongizatea dagoela. ‘Kanela azala’ abestiak eta haren ‘Zu zatzaizkit axola’ errepikak, –bideoan erabilia– islatzen dute une hauetan benetan garrantzitsuena dena lehenesteko beharra, osasuna eta pertsonak, alegia.
Aisialdi segurua udan Iruñeko herritarrentzat eta hiria bisitatzen dutenentzat
Prentsaurrekoan, alkateak iragarri du Iruñeak sanferminetara bideratutako aurtengo aurrekontuaren zati handi bat bideratuko duela programazio “zabala eta asmo handikoa” egitera, batez ere kulturala, aisialdi seguruko proposamenak eskaintzeko Iruñeko herritarrei eta hiria ekainetik irailera bitarte bisitatzen dutenei, Iruña hiri bizia egiteko. Une hauetan, programa bat ari da prestatzen, zeinak hiriaz gozatzeko jarduerak eskainiko baititu. Ekimen horrek aisialdirako aukerak biderkatuko ditu eta tokiko ekonomia sustatuko du krisi ekonomikoak kaltetutako sektoreetan, hala nola kulturan, merkataritzan eta ostalaritzan.
Udalaren aurtengo aurrekontuak Sanferminak/Covid izeneko partida bat dauka eta horren bidez jarduerak antolatzen ahalko dira, hala nola, kontzertuak eta kirol-txapelketak, edo, alkateak azpimarratu duen moduan, “zezenketaren bat ere, adibidez, Erruki Etxearen erabakia den arren”. Dena den, “arduraz eginen dira, dei-efektua ekidinez eta lehentasuna emanez beti osasun publikoari, hori baita garrantzitsuena”.
Estatuan eta nazioartean oihartzuna duen albistea
Kontuan harturik sanferminak bertan behera uzteari buruzko albisteak oihartzuna duela hala estatuan nola nazioartean, Espainiako eta hainbat herrialdetako milaka eta milaka turista eta baita komunikabide ugari ere erakartzen baitituzte, Udalak hedatzeko bideo bat argitaratu du. Sare sozialetarako bereziki pentsatua dagoen bideoak minutu bat irauten du, eta oinarri moduan ‘Kanela azala’ abestia du, eta haren errepika ezaguna ‘Zu zatzaizkit axola, zu eta zu eta bakarrik zu’; horrela, festak bertan behera uztearen arrazoia pertsonalizatzen da, pertsonak zaintzea, alegia.
Bideoan paralelismo bat ezartzen da letraren, abestiaren lehen hiru estrofen eta sanferminetako irudien artean, gogoraraziz jaiek iruindarrengan, jaiez gozatzera etortzen diren guztiengan eta komunikabideen bidez jarraitzen dituztenengan pizten dituzten sentipenekin, txupinazoari edo entzierroei buruzko telebista-audientziek erakusten dutenez.
‘Zu zatzaizkit axola, zu eta zu eta bakarrik zu’
Horrela izarrik gabeko infinitua su artifizialez betetako zeru bihurtzen da, itsasoaren handitasuna biribilketa, zure begien beltza entzierroaren zezen, eta zure azalaren kanela kolorea, San Fermin. Ondoren, ostadarra Txupinazoan irudikatzen da, loreen lurrina eta kolorea dantzan, eta tristura ikaragarria erraldoiei agur esatean eta Gaixoa Nin. Amaitzeko, ‘Zu zatzaizkit axola’ errepikan, pertsona anonimoen irudiak txertatzen dira, adin guztietakoak, aurtengo festetan parte hartuko zutenenak, sanferminetan hain agerikoak diren musikaren munduko eta ostalaritzako ordezkariak barne.
Lana La Llorona Comunicación taldeak egin du eta ‘Kanela azala’ abestiaren bertsioa jaso du –Bobby Capók egin eta Los Panchos eta Eydie Gormek abestutakoa–, zeinaren Warner Chappelek kudeatutako jabetza eskubideak eta Sony Musicek utzitako masterra lortu baitira.
Bideoak azken planoan berreskuratzen ditu iazko kanpainan erabilitako #Sanferminak eta #Biziko ditugu traolak, gogorarazteko festa-ilusioa ez dela galdu behar, eta dena pasatzen denean, ahal denean, sanferminek adierazten dutena berriz biziko baita. Alkatearen hitzetan “betiko gogobetetasunaz halako hiru eginen dugu”.