Iruñeko Udalak bertan behera utzi ditu 2020ko uztaileko sanferminak

Iruñeko Udalak bertan behera utzi ditu 2020ko uztaileko sanferminak
Udalak kanpaina bat aurkeztu du, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez, “ahal dugunean....#bizikoditugu”
Txupinazo

 

Iruñeko Udalak gaur eguerdian jakinarazi du ofizialki sanferminak ez direla 2020ko uztailean ospatuko. Ana Elizalde jarduneko alkateak, Covid-19aren ondorioz eriondo dagoen Enrique Maya alkatea ordeztuz, “esperotakoa izanagatik ere guztioi tristezia apur bat eragiten digun berria” eman du aditzera. Uztailaren 6rako bi hilabete eta erdi falta diren arren, aditzera eman du “agerikoa da eta uste dut hori dela iritzi publikoaren sentipena, gure jai kuttunak eta koronabirusa bateraezinak direla”.

Iruñeko Udalak udal-talde guztiekin adostuta hartu du erabakia, aintzat harturik Covid-19aren kontrako borroka dela orain lehentasuna mundu osoan eta ez dagoela beste aukerarik sanferminetarako, nazioarteko jai biziki jendetsuak direnez gero. Hori horrela, Iruñeko sanferminak batu dira ospatu baino zenbait hilabete lehenago atzeratu edo bertan behera utzi diren hotsandiko mundu-ospakizunetara (Tokioko Joko Olinpikoak, Eurokopa eta Frantziako Tour-a) zein estatuko jaietara (Fallak eta Apirileko Feria).

Kontuan harturik sanferminak bertan behera uzteari buruzko albisteak oihartzuna duela hala estatuan nola nazioartean, Espainiako eta herrialde ezberdinetako milaka eta milaka turista erakartzen dituztelako, Iruñeko Udalak komunikazio-kanpaina bat prestatu du, bideoz osatua, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Ekimen horren bidez omenaldi txikia egin nahi die jaiei, eta mezu hau helarazi: guztia igarotakoan, ahal denean, sanferminak biziko ditugu. Horixe da hain zuzen bideoaren leloa: ‘Ahal dugunean... #Bizikoditugu #sanferminak’.


Sanferminetako aurrekontuaren zati bat osasun-krisiak eragindako gastuetarako
Prentsaurrekoan jakinarazi dute, baita ere, aurtengo aurrekontuetan sanferminetara bideratuta zegoen kopuruaren zati handi bat erabiliko dutela Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioak arintzeko xedez Udalak abiatu dituen jarduketen gastuetarako. Izan ere, gizarte-larrialdietarako laguntzen eskaerak eta udal-jantokikoak izugarri ugaritu dira, eta Etxerik gabeko pertsonak artatzeko Zentroa beterik zegoela-eta ostatu hartzeko beste baliabide batzuk prestatu behar izan dira Jesús eta Maria zein Paderborn Etxea aterpetxeetan, Andre Maria Laguntzako komentu zaharrean eta ostatu-etxe batzuetan.
Jaiak bertan behera uzteko erabakia egoerak gogorren eragin dituen kolektiboekin batera hartu du Udalak, hau da ostalarien zein turismoko elkarteekin. Udala eta sektore horretako ordezkariak jarduera berpizteko formulen bila ari dira dagoeneko, sanferminak ez ospatzeak eraginen dizkien galerak hein batean konpentsatzen saiatzeko. Zentzu berean, Udalak etengabeko harremana dauka merkatarien eta beste arlo batzuetako elkarteekin, hiriko ekonomia elkarrekin berpizte aldera osasun egoerak horretarako bidea eman bezain laster. 

Datorrena ezin baita aurreikusi, uneotan ezin da beste datarik planteatu urte honetarako
Sanferminak beste data batzuetan baina 2020an egiteari buruz, jarduneko alkateak adierazi du oraingo egoera zein den ikusita ezin dela jakin, “agertokia ezin baita aurreikusi, eta hemendik bost hilabetera gertatuko dena asmatzea edo iragartzea arduragabekeria litzateke. Gaur gaurkoz, zaila dirudi sanferminak aurten ospatu ahal izatea, baina gertaerek zer nolako bilakaera duten itxaron beharko dugu”.

Bertan behera geratze horri forma emateko, jarduneko alkateak ebazpen bat sinatu du, txosten juridiko bat oinarri harturik, non aditzera ematen baita ez dagoela jaiak iragartzeko edo atzera iragartzeko udal-organo baten ezein agindurik, eta hortaz “alkateak, gaurkoan jarduneko alkateak, sustatu dezakeela 2020ko sanferminen ospakizunak bertan behera uztea”.

Azkenik, Enrique Maya Iruñeko alkateak jarduneko alkatearen bidez helarazi nahi izan du onik dagoela etxean, baina bakarturik eta apurka-apurka sendatzen. Esker ona helarazi nahi izan die nola edo hala koronabirusaren kontra borrokatzen ari diren guztiei, eta oso bereziki “osasun-langileei, garbitzaileei, gizarte-zerbitzuetakoei, polizia-kidego guztiei eta Armadari, bizitzea egokitu zaizkigun garai latz eta nahasi hauetan hain aktibo daudenei”.

Festa-ilusiorik ez galtzea, iritsiko baitira, eta #Bizikoditugu
Sanferminak bertan behera geratu direla zabaltzeko kanpainak minutu bateko bideo bat du ardatz, sare sozialen bidez hedatzeko bereziki pentsatua. La Llorona Comunicación-ek egin du lan hori. Bideoan aditzera ematen da aurtengo uztailean ez direla sanferminak ospatuko, eta jolas egiten da bai jaiek iruindarrengan pizten dituzten sentipenekin, bai jaiez gozatzera etortzen diren guztiengan edo komunikabideen bidez jarraitzen dituztenengan pizten dituzten sentipenekin, txupinazoari edo entzierroei buruzko telebista-audientziek erakusten dutenez. Hori horrela, gogorarazi nahi du ez dela jaiekiko ilusioa galdu behar; izan ere, iritsiko dira, eta #Bizikoditugu. Traol hori #sanferminak traolaz lagundurik erabiliko da sare sozialetan.

Irudiei dagokienez, ibilbidea egiten da jaien programa osatzen duten ekitaldi askotan barna: entzierroa, txupinazoa, erraldoi eta buruhandien konpartsaren irteerak, dantzaldiak, prozesioa, zezenketak edo peñen irteerak. Horiez gain badira bideoaren jai-giro alaia mantentzen duten beste topaketa batzuk, gastronomiari lotutakoak, eta Iruñeaz kanpotik jaietara etortzen diren pertsonen irudiak.

Irudiei honako testu honek laguntzen die: “Aurten ez da uztailaren 6rik egonen. Egia da. Ez dugu biziko. Ala bai... Ezin dugu esan ez dugula bizitzen sentitzen dugun hori. Uztailaren 6 honetan modu txikian eginen badugu ere, ahal dugunean... biziko ditugu. Biziko ditugu, bai, gure azalaren poro bakoitzarekin, dantza bakoitzarekin, abesti bakoitzarekin, erronda bakoitzarekin, lasterketa bakoitzarekin, geldiune bakoitzarekin. Oin, aho eta eskuekin biziko ditugu, besoak zabalik, zolak desgastaturik, buruarekin eta bihotzarekin. Pozez biziko ditugu, ikusminez, irrikaz eta jaieraz. Sentitzen eta partekatzen dituen pertsona bakoitzarekin biziko ditugu, gure eztarriaren oihuarekin bat egiten duen bakoitzarekin! Gure gogo guztiekin biziko ditugu. Gure arima osoarekin biziko ditugu”.

 

¿Te ha sido útil esta página?