Yamaguchi parkeko ur-elementuak martxan daude berriro, liburutegi publikotik eta izen bereko plazatik hurbilen dagoen eremuan. Gainera, joan den hilabetetik, Iruñeko Udala zulo beltza antzeratzen duen iturria konpontzen ari da ‘Galaxiaren Lorategian’, Planetarioaren oinetan dagoen gune berde tematikoan. Bi zuzkidura horiek bisitatzera joan dira gaur goizean Hirigintza Gerentzia eta Batzordeko kideak. Ibilbidean zehar, 'Mendillorriko Dibertimenduetan' abiarazitako esku-hartzearen berri ere jaso dute, 2020az geroztik itxita baitzeuden eta irailaren amaieran berriro martxan jarri baitituzte. Hiru esku-hartze horiek 187.000 euroko aurrekontua dute guztira.
Yamaguchi parkea bi paisajista japoniarrek diseinatu zuten, Iruñearekin senidetutako hiriak egindako opari gisa, eta 1997an inauguratu zen. 85.000 metro koadroko azalera hartzen du eta erdigunean 4.000 metro koadroko lorategi japoniar bat du, 400 zuhaitz eta 600 landare baino gehiago dituena, besteak beste, gereziondo japoniarrak, ginkgo bilobak, sahats negartiak, zingiretako altzifreak, astigarrak, haritzak, sekuoiak eta gorostiak.
Galaxiaren Lorategia 2017tik dago zabalik, 30 metroko diametroa du (1.000 metro koadroko azalera), lore-zuhaixkekin egina dago eta kiribil forman diseinatua, Esne Bidea eskalan irudikatzeko asmoz. Besoen arteko zorua zirtaka ari den agregakin ilunez egina dago, izarren arteko materia iluna antzeratuz, eta lorategiaren erdian galaxiaren erdiko zulo beltza irudikatzen duen iturri bat dago. Datozen hilabeteetan Udalak Galaxiaren Lorategiko barneko bideak eta seinaleztapena hobetzeko inbertsioak eginen ditu. Mendillorriko Dibertimenduen kasuan, ubide apaingarri bat da, 90eko hamarkadakoa, eta Elia Kontzejuaren kalearen paraleloan dagoen berdegunearen barruan dago.
Yamaguchiko ur-errezelen iturria
Joan den apirilean aintzirako pasabideak ordezteko esku-hartzea amaitu ondoren, azken hilabeteotan Iruñeko Udala hainbat konponketa egiten hasi da parkearen eta Yamaguchi plazaren arteko eremuko ur-errezeletan eta altzarietan. Abuztukoaz geroztik, Errezelen iturria konpontzeko eta martxan jartzeko lanak egiten ari dira, izan ere, txorrotak duela bost urte eten ziren eta aste honetan berriz abiaraziko dira.
Hornidura horretan, ponpaketa-sistema berritu da, eta bi ponpa berri instalatu dira, eraginkorragoak eta errendimendu hobekoak. Gainera, instalazioaren birzirkulazio-hodietako bi jario konpondu dira, beharrezkoak ez diren gehiegizko kontsumoak saihesteko. Azkenik, iturri apaingarriak dituen hiru ontzietatik bi aldatu dira. Lanen aurrekontua 35.090 eurokoa izan da.
Gune horretan bertan, datorren hilean iturriko hondartzetan egurrezko oholtza zaharrak ordezteko lanak hasiko dira, bai eta iturriko egitura metalikoak margotzekoak eta haren inguruko hiri-altzariak hobetzekoak ere. Kasu honetan, lanen aurrekontua 91.355 eurokoa da.
Zulo beltza den iturri bat
Galaxiako Lorategiko hobekuntza-lanak irailean abiatu ziren, eta Esne Bidearen erdiguneko zulo beltza sinbolizatzen duen erdiko iturri apaingarria moldatu zen. Iturri hori geldirik zegoen 2020. urtetik, inguru horretan etengabekoa den “haur-bandalismoagatik”. Ponpaketa-sistema egokiagoa instalatu da, iturriaren ontzia zigilatu da eta funtzionamendua automatizatu da. Iturria moldatzeko zenbatetsitako aurrekontua 6.776 eurokoa da.
Erdiko iturria abian jartzea da Galaxiaren Lorategiaren barruan gauzatuko den neurrietako bat. Barneko bideak ere egokituko dira, eta argibide-panelak hobetuko dira, ezagutza astronomiko eta botanikoak jakinarazteko seinaleztapen-sistemaren bidez Parke horretan honako espezie hauek landatu dira, besteak beste: Hibiscus syriacus (Siriako arrosa); Eleagnus ebbingei (Eleagnus); Cordyline indivisa "Red Star"; Aucuba Japonica (Ereinotz nabarra) eta Salix integra "Hakuro Nishiki" (Sahats pikardatua). Aurreikuspenen arabera, lan berriek 45.000 euro inguruko kostua izanen dute, eta azaroaren hasieran ekitea da asmoa.
Mendillorriko iturri apaingarriak
Elia Kontzejuaren kalearekiko paraleloa den berdegune batean dago instalazio hori eta 2020tik geldirik zegoen. Azken aste hauetan, iturri apaingarriak mantentzeko udal-kontratak abian jartzeko beharrezkoak diren garbiketa- eta zigilatze-lanak egin ditu.
Modu horretan, lehendik zegoen instalazio hidraulikoa eta funtzionamendu-parametroak neurtzeko ekipamenduen instalazioa gaurkotu dira, eta horri esker instalazioa abian da dagoeneko. Lan horiek egiteko aurrekontua 2.500 eurokoa izan da. Orain, Berdeguneetako Zerbitzua ubidearen bazterretan zuhaixka-espezieen landaketa egitea aztertzen ari da.