Iruñeko Udalak berritze-lanak jarri ditu abian bidea argitzeko argien 100.000 watt LED argi programagarriekin ordezteko, eta horri esker, 160.000 euro aurreztuko dira urtean

Iruñeko Udalak berritze-lanak jarri ditu abian bidea argitzeko argien 100.000 watt LED argi programagarriekin ordezteko, eta horri esker, 160.000 euro aurreztuko dira urtean
Arrotxapean eginen dira ingurumena hobetzeko lehen jarduketak: mantentze-lanen kontratuan barne hartu ziren, eta, aurreikuspenen arabera, 800.000 kWh aurreztuko dira urtero
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak berritze-lanak jarri ditu abian eta, horri esker, bidea argitzeko argien 100.000 watt LED argi programagarriekin ordeztuko dira. Argiteria publikoa berritzeko prozesua modu mailakatuan egiten da, Iruñeko argiteria publikoko instalazioetan mantentze- eta kontserbazio-lanak egiteko kontratuan txertatuta dauden ingurumena hobetzeko proposamenen esparruan: Sociedad Española de Construcciones Eléctricas SAri adjudikatu zitzaion kontratua eta 2024ko abuztuaren 1etik 2027ko uztailaren 31ra arte egonen da indarrean.

Enpresa horrek, ingurumen-hobekuntza gisa, bere gain hartu zuen goi-presioko sodio-lurrunezko bidea argitzeko argien (VSAP) eta halogenuro metalikoen 100.000 W LED teknologia programagarriko argiengatik ordezteko lana. Hori dela eta, gehieneko puntuazioa lortu zuen atal horretan. Berrikuntza horri esker, urtean 800.000 kWh aurreztuko direla kalkulatu da; hala, atmosferara 220 tona CO2 isurtzea saihestuko da, eta urtean 160.000 euro inguru aurreztuko dira.

Berritze-lanak Arrotxapean hasi dira: 60 eta 170 W bitarteko potentziako 152 LED argi instalatzen ari dira guztira bertan, bideen eta dauden euskarrien antolaketaren arabera.

Instalatutako argiek Kanpoko Argiterien Instalazioetako Eraginkortasun Energetikoko Erregelamenduan eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) ‘Kanpo argiteriako led argiek bete beharreko baldintza teknikoak’ dokumentuan adierazitakoa betetzen dute. Auzo horretan argiteria ordezteari esker, urtero 117.400 kWh aurreztuko dira, atmosferara 33.000 kilogramo CO2 isurtzea saihestuko da eta 23.500 euro aurreztuko dira.

Energia-efizientzia hobetzeaz eta energia-kontsumoa eta atmosferara berotegi-efektuko gasen isurketa murrizteaz gain, berritze-lanei esker, kolore-tenperaturak argiztatzen diren espazioen ezaugarriei egokituko zaizkie. Lehenengo jarduketa hori udalaren inbertsio-proiektu baten barruan dago, zeinak oinezkoendako eremuetan girotze-argiak ere berritzea barne hartzen baitu.

Arrotxapeko argi berriak honako toki hauetan kokatuko dira: Artika, Bidankoze, Urzainki, Uztarroze, Ugaldeko Andre Maria, San Pedroko Monasterio Zaharreko, Garde, Antsoain, San Pedro auzoko, Burgiko Aita Tomás eta Aita Maceda kaleak, San Blas (kalea, plaza eta zeharkalea), Baztan Berria plaza, Juan de Goyeneche eta Ostoki kaleak eta Burgiko Aita Tomás zeharkalea. 

1.000 argi-puntu baino gehiago berrituko dira
Kontratuko hurrengo jarduketek 1.050 argi-puntu ingururi eraginen diete eta modu mailakatuan egiten joanen dira 2027ko ekainera arte: Garitón de RipaldanTaxoareko errepidean, Sadar kalearen eta Katalunia etorbidearen artean, eta Arrosadiko etxeetan hasiko dira. Ondoren, berritze-lanek honako eremu hauetan jarraituko dute: Aróstegui etorbidean –Campanas errepideko biribilgunearen eta Nafarroa etorbideko biribilgunearen artean–, Nafarroa etorbidearen eta Zaragozako etorbidearen arteko ardatzean –Mari Ábrego kaletik Iberdrolaren estazio elektrikoraino– eta Arrosadiko hainbat kaletan.

Berritze-lanak honako hauetan ere eginen dira: Atarrabiako etorbidean, Errotazarko eta Mugazuri kaleen arteko zatian; San Kristobal kalean, Atarrabiako etorbidearen eta PA-30 errepidearen artean; Landabengo industrialdeko zenbait kaletan; Burlatako bidean, Lagun Artea elkartearen eta Caparrosoren Errotako kalearen artean, eta Caparrosoko Errotaren bidean, Magdalena kalearen eta Goñiko finkaren artean. Ondoren, jarduketak mailaka egiten jarraituko dira 2027ko ekainera arte.

 

¿Te ha sido útil esta página?