Iruñeko Udalak behin betiko eten du Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko proiektuaren lizitazioa

Iruñeko Udalak behin betiko eten du Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko proiektuaren lizitazioa
Abuztuan lizitatutako proiektua gauzatzeari uko egin dio, obraren finantzaketa zuzena ziurtatzea ezinezkoa delako

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du uko egitea Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko eta hango sareak eta Bigarren Zabalgunean dauden ondoko kaleetakoak berritzeko lanen kontratuaren adjudikazioari. Hala, amaiera eman zaio joan den abuztuan 10,2 milioi euroan lizitatu zen espedienteari, zeinera eskaintzak aurkezteko epea irailean eten zen. Etete hori beste hiru aldiz luzatu zen ikerketak eta txostenak egiteko, espedientearen lizitazioan aurrera egin eta hari berriz heltzeko asmoarekin.

Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkari Fermín Alonsok jakitera eman du Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako erabakia, proiektua lizitatu eta sei hilabeteren ondoren. Berrurbanizazio-lan horiek gauzatzeko, kostu handia dutenez, beharrezkoa da zenbait urtetarako aurrekontu-zuzkidura izatea. Behin betiko etete horretarako txostenaren arabera, “aurrekontu-akordiorik ez dagoenez eta, ondorioz, ezin denez gauzatu beharreko obraren finantzazio zuzena ziurtatu, lizitazioari uko egitea proposatzen da”.

Denbora horretan zehar, Iruñeko Udalak egin behar zen proiektuari eta zuhaitzei buruzko txosten berriak ezagutu ditu, zuhaitzen sustraien egoera ezagutzeko laginak hartu dira, gaiaren inguruko barneko eta kanpoko txostenak egin dira eta Proiektu eta Obretako Alorreko udal-teknikariek zein duela bi urte deitutako Ideia-Lehiaketan hautatutako taldeek agerraldiak egin dituzte.

Zuhaitzei hartutako laginek elkarrekin lotutako sustraiak aurkitu zituzten, 30 zentimetroko sakoneran eta diametro desberdinetakoak, eta horrek arriskua zekarren berekin zuhaitz-aleentzat baldin eta plataforma bakarraren konponbidea hartzen bazen. Plataforma bakarrak lizitatutako eta udal-teknikariek egindako proiektua baztertzen zuen, baina horren aldeko apustua egiten zen Ideia-Lehiaketan hautatutako proiektuetan. Azken astean ezagututako Udalaren txosten teknikoen arabera, ezinezkoa zen plataforma bakarraren konponbidea gauzatzea egungo zuhaitzak mantenduz, zuhaitzen arriskua eta arriskugarritasuna areagotzen zirelako, zuhaitz-masari eta sustrai-sistemari eraginez, eta horrek aurreikusi ezin diren ondorioak eraginen lituzkeelako.

Proiektuaren kronologia

Joan den abuztuaren 2an, Tokiko Gobernu Batzarrak lizitatu egin zuen Sarasate pasealekua berrurbanizatzeko eta hango sareak eta Bigarren Zabalgunean dauden ondoko kaleetakoak (Vínculo, Alondegi, García Castañón eta Fernández Arenas) berritzeko proiektua. Aurrekontua 10,2 milioi eurokoa zen, eta horietatik 2,1 milioi saneamendu- eta hornidura-sareak berritzeko proiektuari zegozkion, zeina Iruñerriko Mankomunitateak egin baitzuen. Lanak egiteko epea 15 hilabetekoa zen, eta 2022ko urtarrilean hastea aurreikusita zegoen.

Irailaren 21ean, Tokiko Gobernu Batzarrak lizitazioaren lehen etetea onetsi zuen, hilabete batekoa, proiektuan sakondu ahal izateko, proiektua idatzi zuten udal-teknikarien azalpenekin eta barneko zein kanpoko txostenekin, hartutako konponbide arkitektonikoak justifikatu eta berresteko. Urriaren 13an etetearen epea berriz luzatu zuten, beste hilabete batez, lagin berriak hartu eta zuhaitzei buruzko txostenak egiteko.

Etete hori berriz ere luzatu egin zen azaroaren 22an. Hilabeteko beste luzapen horren helburua zen proiektuaren balizko aldaketa bati buruzko informazio gehiago biltzea, lagin berriak hartu ahal izatea eta berrurbanizazioaren etorkizunari buruz erabakiak hartu eta baloratu ahal izateko beharrezko txostenak egitea. Azkenik, abenduaren 20an, Tokiko Gobernu Batzarrak etete-epe hori beste hilabete batez luzatu zuen, urtarrilaren 19ra arte, zuhaitzei buruz aurkeztutako ikerketak eta eskatutako zuzenketak teknikoki baloratzeko.

 

¿Te ha sido útil esta página?