
Iruñeko Udalak bederatzi udal etxebizitza prestatuko ditu guztira, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gizarteratzea eta hobekuntza ekonomiko eta sozialerako aukerak hobetzera bideratutako esperientzia pilotu bat abian jartzeko. Housing Led izenpean, proiektu horren helburua da antzeko bazterkeria-profilak dituzten pertsonen bizikidetza etxebizitza arruntetan sustatzea, aterpetxeetara eta bizitegi-larrialdietarako beste aukera batzuetara jo ordez. Gainera, pertsona horiekin lan eginen duten gizarte-erakundeen laguntza izanen dute, pertsona horiek gizarteratzeko jarduketa integrala eskaintzeko.
Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Joxe Abaurrea Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta Agenda 2030eko zinegotziak gaur goizean aurkeztu duten proiektu hau abian jartzeko, Iruña Biziberritzen sozietate publikoaren eta Gizarte Ekintzako Alorraren arteko hitzarmena sinatuko da. Lehenak bederatzi udal-etxebizitzen erabilera lagako du, bi urtez gehienez ere, baina epe hori beste lau urtez luzatzen ahalko da. Etxebizitza horiek guztiak etorkizuneko hiri-garapeneko sustapenen parte dira, baina jarduketa-plana abian jarri arte ontzat eman da proiektu honetarako lagatzea.
Bestetik, Gizarte Ekintzako Alorrak, enplegu sozial babestuko lantaldeen bitartez, egin beharreko erreformak eta egokitzapen-obrak eginen ditu etxebizitzei orain aurreikusitako erabilera eman ahal izateko. Era berean, proiektuaren funtzionamendua ebaluatuko du eta gizarteratzeko neurrien eraginkortasuna bermatzeko laguntzak gainbegiratuko ditu.
Bizikidetzaren berdintasun-parametroetatik abiatuta sustatzea
Helburua da etxebizitza horietan adingabeak dituzten familiak, kalean ibilbide luzea egin duten pertsonak eta gazte migratzaileak hartu ahal izatea, haien arazoak ez baitira modu eraginkorrean konpontzen ari etxerik gabeko pertsonei arreta emateko eredu tradizionalaren bidez. Etxebizitzak esleitzeko garaian –aldi baterako esleituko dira eta gizarte-zerbitzuek gainbegiratuta–, lehentasuna emanen zaie familiei, kaleko egoeran denbora asko daramatenei (batez ere emakumeei) eta gazte migratzaileei. “Aldi baterako etxebizitza-programa batez ari gara, Nafarroako Gobernuaren programa normalizatuei edo etxebizitza eskuratzeko beste bide normalizatu batzuei buruz”, azaldu du Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak.
Udaleko gizarte-zerbitzuek ematen dituzten zifren arabera, gaur egun 170 pertsona inguru daude kale-egoeran Iruñean. Honako hauek dira Udalak gaur egun dituen baliabideak: Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitarioseko Zentroa, 50 plaza dituena, eta Nafarroako Gobernuarekin koordinatuta, González Tablas kalean egokitutako aterpetxea, beste 56 plaza dituena. Horri guztiari unean uneko beste baliabide batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola ostatuak eta hotelak.
Housing Led proiektuak bizikidetzarako guneak sustatu nahi ditu, etxebizitza horiek, ahal den neurrian, familia-unitate batek baino gehiagok edo antzeko profilak dituzten zenbait pertsonak goza ditzaten. “Integrazioa bizikidetza-parametroetatik sustatzea da helburua, eta prozesu horretan erabiltzaile guztiek onurak berdintasun-parametroetan oinarrituta jaso ahal izatea”, adierazi du Mauleónek. Horiek horrela, etxebizitza berean adingabeak ardurapean dituzten familia bat baino gehiago bizitzen ahalko lirateke, eta beste batean, adibidez, gazte migratzaile batzuk.
Gauza bera gertatuko litzateke profil narriatuena duten pertsonekin. “Etxe horiek ohiko bitartekoek ez bezalako egonkortasuna eta baliabideak emanen dizkiete, etxegabetasun-egoeratik irtetea lortzea den arren azken helburua”, azaldu du Joxe Abaurrea Etxebizitzako arduradunak. Hori lortzeko, iraupen luzeko baliabide espezifikoak eskuratzeko aukera emanen zaie proiektutik igaro ondoren etxebizitza normalizatu bat eskuratu ahal izateko. “Proiektuaren filosofia etxebizitza horiei hutsik dauden bitartean erabilera soziala ematea da, zaurgarritasun handieneko egoeran dauden pertsonen gizarteratzea sustatzeko” esan du.
Gizarte-zerbitzuen ebaluazioa eta gizarte-erakundeen laguntza
Gizarte-zerbitzuek aukeratuko dituzte, kasuistika desberdinak kontuan hartuta, etxebizitza horiek eskuratzen ahalko dituzten familia-unitateak eta pertsonak. Pertsona zaurgarriekin lan egiten duten erakundeen laguntzarekin, etxebizitzaz gain, hezkuntza-jarraipena eta gizarte-laguntza ere eskainiko zaizkie. Alde horretatik, ibilbide pertsonalizatuak prestatuko dira onuradun bakoitzarentzat. Ibilbide horiek intentsitate desberdinekin diseinatuko dira, diagnostiko-fasean hautemandako beharren arabera. "Komunitate Garapeneko Alorrarekin elkarlanean eginen da hori, etxebizitzak dauden auzoan gizarteratze egokia sustatze aldera”, azaldu du Txema Mauleónek.
Proiektua gauzatzen den bitartean, Iruñeko Udalak haren eraginkortasuna ebaluatuko du, bai eta neurri horiek eskura izanen dituzten profiletan duen eragina ere. Hala, beharrak doitu ahal izanen dira, etxerik gabeko pertsonei arreta emateko plan integralaren barruan finkatzeko.