Iruñeko Udalak bederatzi ikastaro eskainiko ditu maiatzean helduek bizikletan ibiltzen ikas dezaten edo trebetasunak hobetu ditzaten

Iruñeko Udalak bederatzi ikastaro eskainiko ditu maiatzean helduek bizikletan ibiltzen ikas dezaten edo trebetasunak hobetu ditzaten
Hastapen-, trebakuntza- zein zirkulazio-mailetan ematen ahal da izena 010 – 948 420 100 telefonoetan, apirilaren 25etik maiatzaren 2ra bitarte
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udaleko Mugikortasun Zerbitzuak ‘Bizieskola’ programaren edizio berri bat antolatuko du maiatzean, helduendako doako ikastaroekin. Programak bederatzi talde biltzen ditu, hiru mailatan banatuta: hastapenekoa, trebakuntzakoa eta zirkulaziokoa. Ikastaro bakoitzak lau saio izanen ditu, astelehen eta astearteetan, eta izen-ematea 010 – 948 420 100 telefonoetan eginen da apirilaren 25etik maiatzaren 2a arte (asteartea).

Lehen bi mailetako lau saioak ordu eta erdikoak dira, eta astelehenetan eta astearteetan eginen dira, prestakuntzako sei orduak osatu arte. Goizeko eta arratsaldeko ordutegia dago, eta taldeak bederatzi lagunekoak izanen dira, gehienez. Talde bakoitzean begirale batek zuzenduko du jarduera. Lehen maila bizikletan ibiltzen ez dakitenendako da, eta trafikoari itxitako gune batean eginen da. Maila honetan bizikletara igo eta jaisten erakusten da, lerro zuzenean oreka mantentzen, balaztak kontrolatzen, segurtasunez gelditzen eta,pedalei eragiten eta norabideari behar bezala eusten, bizikleta inoren laguntzarik gabe gidatu ahal izateko. Ikastaroa Ingurumen Hezkuntzako Museoan egiten da, San Pedroko Monasterio Zaharrean, Arrotxapea auzoan. Museoak baditu bizikletak parte-hartzaileendako.

Bigarren maila dagoeneko bizikletan ibiltzen jakin baina kontrol handiagoa nahi dutenendako da, eta trafikoari itxitako zirkuitu batean egiten da, Ingurumen Hezkuntzako Museotik abiatzen da zirkuitua, baina hortik gertu dagoen Arga ibaiaren parkeko gune zabalagoetan ikasten da. Ikastaroan balazta eta martxak erabiltzen erakusten da, oztopo finko eta mugikorretara dauden tarteak kontrolatzen, seinaleak eraginkortasunez egiteko esku bakarrarekin gidatzen, bira itxiak hartzen eta, atzera begiratuta ere zuzen joateko trebetasuna hartzen. Maila honetako eskolak jasotzeko, norberaren bizikletarekin joatea gomendatzen da.

Hirugarren maila hirian bizikletan ibiltzen direnendako da eta zirkulazioari irekitako kale lasaietan egiten da. Maila honetan talde bakarra eskaintzen da, astearteetan, 17:00etatik 19:00etara, 14 lagunendako da, eta bi begiralek ematen dute. Ikastaro honek irauten duen zortzi orduetan benetako trafikoarekin zirkulatzen da hirian, eta honako hauek lantzen dira: kalean non kokatu, seinaleztatze eraginkorra, bidegurutzeetako biraketak, arriskua hautematea, eta aparkatutako autoak edo beste oztopo batzuk dauden kaleetan gidatzea. Maila honetan oso gomendagarria da norberaren bizikletarekin joatea.

Ikastaro horiek Iruñeko Udalaren Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako 2030 ‘Go Green Iruña’ Estrategiaren barruan sartzen dira, eta beraz, mugikortasuna kutsatuko ez duen eredu osasungarri eta deskarbonizatu baterantz aldatzeko ekintzetan.

Programari buruzko informazioa gehiago nahi izanez gero Mugikortasun Zerbitzura deitzen ahal da, 948 420 974 telefonora.

 

Helduendako Bizieskola Doako jarduera

  • Izen-ematea: apirilaren 25etik maiatzaren 2ra, 010 – 948 420 100 telefonoan
  • 1. maila. Hastapen-maila. Ikasi bizikletan ibiltzen (lau saio, 6 ordu guztira)
    • 1. taldea. Maiatzak 8, 15, 22 eta 29 (astelehenak) 10:00 – 11:30 (9 pertsonako taldeak)
    • 2. taldea. Maiatzak 8, 15, 22 eta 29 (astelehenak) 17:00 – 18:30 (9 pertsonako taldeak)
    • 3. taldea. Maiatzak 8, 15, 22 eta 29 (astelehenak) 19:00 – 20:30 (9 pertsonako taldeak)
    • 4. taldea. Maiatzak 9, 16, 23 eta 30 (astearteak) 10:00 – 11:30 (9 pertsonako taldeak)
       
  • 2. maila. Trebetasuna: Bizikletan gidatu
    • 5. taldea. Maiatzak 8, 15, 22 eta 29 (astelehenak) 12:00 – 13:30, (9 pertsonako taldeak)
    • 6. taldea. Maiatzak 8, 15, 22 eta 29 (astelehenak) 17:00 – 18:30 (9 pertsonako taldeak)
    • 7. taldea. Maiatzak 8, 15, 22 eta 29 (astelehenak) 19:00 – 20:30 (9 pertsonako taldeak)
    • 8. taldea. Maiatzak 9, 16, 23 eta 30 (astearteak) 12:00 – 13:30 (9 pertsonako taldeak)
       
  • 3. maila. Zirkulazioa: Ikas ezazu hirian bizikletan ibiltzen
    • 9. taldea. Maiatzak 9, 16, 23 eta 30 (astearteak) 17:00 – 19:00 (14 pertsonako taldeak)