Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du Baztangoarekin Hemengoak proiektua martxan jartzen laguntzeko eta aholku emateko, udalerriko haur-eskolan bazkari jasangarri eta osasuntsuak eskaini ditzaten. Iruñean 2019ko urrian jarri zuten martxan proiektua, sasoiko eta hurbileko jaki fresko eta ekologikoekin haur-eskoletan bertan prestatutako otorduak emateko. Baztango Udalak interesa adierazi du egitasmoan, eta Iruñeko Udaleko Haur Eskolen organismo autonomoari laguntza eskatu dio martxan jartzeko.
Hitzarmen batean bildu dute elkarlanerako konpromisoa, eta Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotziak, eta Fernando Anbustegi Goñi Baztango alkateak sinatu dute. Alkate ez ezik, Lixura Baztan SL enpresako lehendakaria ere bada Anbustegi: udalerriko haur-eskolen zerbitzua kudeatzeaz arduratzen da enpresa hori. Hitzarmen horretan, Iruñeko Udalak konpromisoa hartu du Udalaren Haur Eskolen organismo autonomoaren bitartez menu osasungarri eta jasangarriak eskaintzen hasteko behar duen informazio eta material guztia emateko Baztango enpresari. Hala, sasoiko jakiekin osatutako menuen eta dieta deribatuen adibideak eta fitxa teknikoak emanen dizkio. Halaber, produktuen hornitzaileen eta prezioen berri ere emanen dio, eta eskaerak eta sukaldea kudeatzeko behar den prestakuntza eskainiko dio. Hainbat prestakuntza-saio eginen dituzte horretarako, eta gero proiektua aurkeztuko dute.
Lixura Baztan SL enpresak, berriz, konpromisoa hartu du Baztango haur-eskolan jatordu osasungarri eta jasangarriak eskaintzeko, Hemengoak proiektu pedagogikoarekin bat. Halaber, egitasmoa hezkuntza-komunitatean zabalduko du, eta proiektuaren aurkezpena antolatzeaz arduratuko da. Hitzarmenak urtebete iraunen du, eta luzatzeko aukera egonen da behin urtea pasatuta. Lixura Baztan enpresak prestakuntzak eta hitzaldiak ematera joanen diren Iruñeko Udaleko langileen joan-etorriak eta dietak ordainduko ditu, eta ez da beste konpromiso ekonomikorik izanen.
Egunean 1.200 otordu baino gehiago
Iruñeko Udalaren Haur Eskolen organismo autonomoak Iruñeko hamabi haur-eskola publiko kudeatzen ditu. Horietatik 11k eskaintzen dute jantoki-zerbitzua, batek egonaldi erdia baino ez baitu ematen. Orotara, 952 haurri eta 154 langileri ematen zaie jaten Hemengoak proiektuaren bidez, eta nutrizionisten talde batek antolatu eta gainbegiratzen du proiektuaren alde praktikoarekin lotutako guztia.
Hemengoak proiektuaren helburuetako bat eguneroko elikadura da, baina ez da bakarra, egitasmo pedagogikoa baita: helburua da aztura osasungarriak irakastea txiki-txikitatik, eta hurbileko eta kalitatezko jaki osasungarrien garrantzia ikusaraztea haurrei. Beraz, dieta jasangarriak sustatzea, obesitateari eta dieta desegokiek eragindako gaixotasunei aurre egitea, eta hornidura-kate motzak sustatu eta bertako ekoizleak babestea dira proiektuaren ardatz nagusiak. Hori guztia lortzeko, sukaldariei irakasten zaie sasoiko produktuekin eginiko oinarrizko menuak prestatzen, intolerantziak eta alergiak dituztenen beharrak aintzat hartzen eta dieta deribatuak osatzen. Hemengoak egitasmoko menuek azukre eta trans gantz-azido gutxi izan ohi dute, bai eta haragia eta esnekiak ere, eta, kontrara, fruta, barazki eta landu gabeko jaki ugariz osatzen dira. Haurrek janariarekin harreman osasungarria eta hurbilekoa izatea lortu nahi da horrela.
Gaur egun, Elikume ikerketa-proiektuaren parte da Hemengoak egitasmoa: Nafarroako Pediatria Elkartearekin elkarlanean sortu zen Elikume, eta Nafarroako Gobernuko Osasun departamentuak finantzatzen du.