
Iruñeko Udalak bat egin du Euskaraldiarekin: euskararen erabilera bultzatzeko mugimendu sozial bat da. Hiriak hitzarmen bat dauka Euskaltzaleen Topagunea – Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin. 2025ekoa laugarren Euskaraldia izanen da: euskaraz dakitenek hizkuntza-ohiturak aldatzea du helburu, eta gizarteko arlo guztietan izanen du eragina iraunen duen bitartean.
Maiatzaren 15etik 25era izanen da, eta funtsezko bi rol ditu ardatz: Ahobiziek konpromisoa hartuko dute euskaraz ulertzen dutenekin euskaraz egiteko uneoro, eta Belarriprestek, berriz, euskaraz dakitenek haiekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuko dute, eta ez daukate zertan beti euskaraz egin euskaraz ulertzen duten guztiekin. Rol bakoitzari txapa bat dagokio, elkarrizketa bakoitzean bakoitzak nola jokatu behar duen jakiteko.
Udalak babesa eman dio gizartean euskararen erabilera sustatzeko egitasmo horri, eta 7.000 euroko lankidetza-hitzarmen bat sinatu du horretarako: helburua da Iruñeko auzoetan herritarren taldeak sortzea parte-hartzea eta dinamikak sustatzeko bai Euskaraldiaren aurretik eta bai dinamikak irauten duen bitartean ere. Elkar mugituz egingo dugu da aurtengo leloa. Udaleko langileek intranetean eskuragarri dute kanpainari buruzko informazioa.
16 urtetik gorako edonork hartzen ahal du parte Euskaraldian, eta horretarako formulario bat bete behar da zer rol bete nahi den aukeratzeko. Finean, Euskaraldiaren helburua euskara gero eta gehiago erabiltzea da. Antolatzaileek diotenez, horretarako garrantzitsua da lehen hitza beti euskaraz egitea, eta euskaraz dakitenekin elkarrizketa osoa euskaraz egitea beti.