
Erizainen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak, gaurko bilkuran, erizainei egunero egiten duten lana aitortzeko adierazpen instituzionala onetsi du; izan ere, Covid-19 koronabirusaren pandemiaren hedapenarekin asko areagotu baita haien lana azken aste eta hilabeteetan.
Hori horrela, Udalak Erizainen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin bat egin du, eta aldi berean “arloko profesional guztien lana aintzatetsi eta txalotu” du. Udalak, beste hau ere nabarmendu nahi izan du: “profesional horiek guztiek gizartearekin duten konpromisoa, bereziki, Covid-19a dela-eta hain korapilatsua izaten ari den urte honetan”. Adierazpen instituzional honen bidez, Udalak “atsekabea adierazi nahi izan du hil diren guztiengatik, eta birusak kutsatuta dauden guztiak sendatzeko nahia” agertu du.
Adierazpen instituzional hau egiteaz gain, Udalak urdinez tindatu ditu bere webgunea eta sare sozialak, eta gaur gauean, kolore horrekin berarekin argiztatuko du Udaletxeko fatxada. 1974tik, maiatzaren 12arekin ospatzen da Erizainen Nazioarteko Eguna, Florence Nightingale erizain, idazle eta estatistikari britainiarraren jaioteguna gogoratuz, berak ezarri baitzituen erizaintza profesionalizatzeko oinarriak, 1860an Erizaintzako lehen eskola laikoa abian jarrita. Horri guztiari, aurten, Erizainen eta Emaginen Nazioarteko Urtearen ospakizuna erantsi behar zaio.