Iruñeko Udalak babesa adierazi dio minbiziaren aurkako ikerketari, eta elkartasuna adierazi die gaixotasun hori duten pertsona guztiei

Iruñeko Udalak babesa adierazi dio minbiziaren aurkako ikerketari, eta elkartasuna adierazi die gaixotasun hori duten pertsona guztiei
Minbiziaren aurkako Mundu Egunaren karietara, Osoko Bilkurak adierazpen instituzionala onartu du, eta Udaletxearen fatxada berdez argiztatuko da

Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak Adierazpen Instituzional bat onetsi du Minbiziaren aurkako Mundu egunaren karietara, elkartasuna helarazi die gaixotasun hori duten guztiei eta konpromisoa agertu du pertsona horien beharrei erantzuteko eta pandemiaren inpaktua haien bizitzetan arintzeko. Horrez gain, onetsitako testuan, Udala minbiziaren ikerkuntzaren alde agertu da, hori baita gaixotasun horri aurre egiteko ezinbesteko tresna, eta aitortza helarazi die minbiziak jota daudenak lagun egiten duten elkarte eta entitate guztiei, haien konpromiso eta lan etengabearengatik. Jardunaldi hau munduan ospatzea dela medio, Iruñeko Udalak berdez argiztatuko du Udaletxeko fatxada arratsalde honetan.

Osoko Bilkurak onetsitako adierazpen instituzionalak COVID-19aren pandemiak eragindako krisiaren inpaktua aipatzen du eta gogoan hartzen ditu minbiziak jotakoak eta haien familiak, krisi honen inpaktu larri batzuk ari baitira jasaten osasun, emozio eta gizartearen esparruetan. Horren harira, Iruñeko Udala beharrezko ekimenak abiatzearen alde agertu da, pertsona horien zaurgarritasun bereziko egoera arintzeko, haien eskubideak bermatzea xede harturik. Espainiako Minbiziaren aurkako Elkarteak hala eskaturik onetsi da Adierazpen Instituzionala eta fatxada berdez argiztatzea. 

Nafarroan lau eta bost hildako bitarte egunean minbiziagatik
Nafarroan, lau eta bost lagun bitarte hiltzen dira eguneko zuzenean edo zeharka minbiziarengatik, hau da, 1.550 lagunetik gora urtean. Halaber, urtero minbiziko 4.850 kasu berri diagnostikatzen dira. Gaixotasun hau gizarte- eta osasun-arazo nagusietako bat da munduan, bai eta gure planetako bigarren heriotza-eragilea ere. Urtero ia 280.000 pertsonari diagnostikatzen diote minbizia Espainian, eta 112.000 baino gehiago hiltzen dira, hau da, batez beste ia 307 lagun eguneko.
 

¿Te ha sido útil esta página?