Sanferminak hiriko eskaintza turistikoaren funtsezko ardatzetako bat dira, eta modu efiziente eta eraginkorrean kudeatzeko eta urtez urte hobeak izan daitezela bermatzeko, ezinbestekoa da gizartean, ekonomian eta ingurumenean duten eraginari buruz jakitea. Iruñeko Udalak hiru azterlan eginen ditu datozen hilabeteetan, eta horri esker, informazio eguneratua eta xehatua izanen du jaiek hirian eta hiriko turismoan duten eraginari buruz.
Hiru azterlanak kontratu bakar baten bidez lizitatu eta esleitu dituzte, baina hiru lote desberdinetan. Lehenengo azterlanean sanferminek egoera sozioekonomikoan eta ingurumenean duten eragina neurtuko da; bigarrenean inkesta bat eginen zaie iruindarrei: sanferminei buruz duten iritzia azaltzea eta balorazioa egitea eskatuko zaie; hirugarrenean, berriz, Iruñeak helmuga turistiko gisa duen gaitasuna aztertuko da. Azterlanen aurrekontua 124.754 eurokoa da guztira.
Kontratu hori HJTP Iruña SF365 proiektuaren esparruan kokatzen da, eta NextGeneration EU funtsak finantzatzen du, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez. Funts hori Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren C14.I1 inbertsioaren finantza-tresna da. Testuinguru horretan, Iruñeak 5.492.500 euroko laguntza jaso du hiru urtean "Iruña SF365” Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana hedatu eta garatzeko. Plan horrek 13 jarduketatan egituratzen diren lau gai ditu ardatz: trantsizio berde eta jasangarria, energia-eraginkortasuna hobetzea, trantsizio digitala eta lehiakortasuna.
Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako Zinegotzi Ordezkariak eta Xabier Errea Corvillo Estrategia Bulegoko teknikariak xehe-xehe azaldu dituzte datozen hilabeteetan eginen diren hiru azterlan horiek, baita HJTP Iruña SF365 proiektuarekin duten lotura ere. HJTP Iruña SF365 proiektuaren berariazko sei helburuetatik bi sanfermin jasangarriagoak izatera eta nazioarteko irudia hobetzera bideratuta daude. Helburu zehatz horiek dira sanferminak produktu gisa eta horren garapena kultura- eta jasangarritasun-balioetarantz birbideratzea eta sanferminak marka merkatuan birkokatzea, eta horiekin batera, baita Iruña ere. Hiru azterlan horiek egiteko, sanferminekin lotutako aurreko azterlanak eta txostenak izanen dituzte kontuan.
Sanferminek soziekonomian eta ingurumenean duten eragina
Kontratuaren lehenengo lotean, sanferminek sozioekonomian eta ingurumenean duten eragina neurtuko da, betiere aintzat hartuta turisten, bisitarien eta iruindarren iritziak eta datuak. Sanferminek sozioekonomian duten eragina neurtzeko, 2.000 banakako inkesta eginen dituzte hiriko zenbait puntu estrategikotan; halaber, elkarrizketa sakonak izanen dituzte udal-teknikariekin, adituekin eta festetako hainbat esparrutako eragileekin. Bestalde, Iruñeko Udalaren aurrekontuarekin lotutako beste datu ekonomiko batzuk bilduko dira, Iruñera datozen eskorten eragina neurtuko da, eta okupazio turistikoari buruzko telefono bidezko errolda bat eginen dute eta online emanen dute haren berri. Azterlana hiru fasetan osatuko dute: sanferminak hasi baino hilabete lehenago, jaiak ospatu bitarten eta 2025eko sanferminak bukatu eta hilabete geroago.
Hori horrela, 2025eko inkesten datuak 2022ko sanferminetako zuzeneko gastuen inkestarekin alderatuko dira. Aurtengo festetan 2.000 banakako elkarrizketa eginen dira hiriko erdiguneko 14 puntutan; batez ere estatuko turistak, nazioartekoak eta Iruñeko herritarrak elkarrizketatuko dituzte. Gastu ekonomikoaz ez ezik, alokairuaz, gogobetetze-mailaz eta sanferminen garrantziaz galdetuko zaie elkarrizketatuei. Hala, Iruñeak bidaiatzeko lehen aukera izaten jarraitzen duen edo, aldiz, Nafarroako beste zonalde batzuetara bidaiatzen den egiaztatuko dute.
Sanferminek ingurumenean duten eraginari dagokionez, alderdi hauek aztertuko dira: energiaren eta beste baliabide batzuen kontsumoa, hondakinen kudeaketa, ur-kontsumoa, joan-etorriak, kutsadura akustikoa eta argi-kutsadura. Gai horiekin lotutako informazioa eskuratzeko, inkestak, elkarrizketak, eztabaida-taldeak eta teknika kualitatibo eta kuantitatiboen ikerketa-prozesuak eginen dituzte. Lehen sorta horren azterlana Ikertalde Grupo Consultor SA enpresak eginen du: 57.472 euroko aurrekontua izanen du, eta 2025eko azaroaren 30erako amaiturik egon beharko du.
“Etxekoek” jaiei buruz duten pertzepzioa eta balorazioa
Enpresa hori bera arduratuko da 2. sortaz ere. Lehen sortan bezala, sanferminek sozioekonomian eta ingurumenean duten eraginari buruzko inkesta bat eginen da, baina soilik hirian bizi diren herritarren pertzepzioak eta balorazioak aintzat hartuta. Inkesta egiteko aurrekontua 34.957 eurokoa da, eta uztailaren amaierarako bukatuta egon beharko du. Sanferminak hiriaren interes turistiko handiena dira, eta urteko eskaintza turistikoa egituratzen laguntzen dute. Festa konplexuak dira, askotariko alderdi kultural, erlijioso eta sozialak baitaude tartean, eta horietako batzuk sentsibleak dira herritarrentzat.
Inkestan Iruñeko 1.300 herritar elkarrizketatu behar dituzte gutxienez, betiere 15 urtetik gorakoak badira; ekainaren 1etik uztailaren 5era eginen dira inkestak, aurrez aurre edo elkarrizketatuen etxean bertan. Inkestaren helburua da sanferminen benetako argazki bat sortzea eta “etxekoen” iritzia jakitea. Galderek alderdi ugari jorratzen dituzte: bestak beste, egitarauaren eta ostalaritzaren ordutegia, jaien zentralizazioa edo deszentralizazioa, festek berdeguneetan edo ingurumenean duten eragina, segurtasuna, erlijioa, elkarteak, parte-hartzea, bizikidetza eta joan-etorriak.
Besteak beste, kontu hauei buruzko informazioa bildu nahi da: jaiek iraun bitartean iruindarrak zergatik joaten diren edo geratzen diren, zenbat diru gastatzen den, zenbat egunetan ateratzen diren herritarrak sanferminetan, entzierroen eta zezenketen aldeko eta kontrako iritziak, barraken kokapena, dantzaldiei, eskualdeetako etxeak eta santuarekiko debozioari buruzko iritzia, emakumeek, arraza-gutxiengoek, LGTBI pertsonek, adinekoek eta haurrak dituzten familiek festekiko duten pertzepzioa eta zerbitzu publikoekiko, osasun-zerbitzuekiko eta hondakinen bilketarekiko gogobetetze-maila. Iruñeko Udaleko Bulego Estrategikoa arduratuko da inkestetan bildutako informazioa ustiatzeaz eta horien analisi estatistikoa egiteaz.
Iruñearen gaitasun turistikoari buruzko azterlana
Kontratuaren hirugarren sortak Iruñearen gaitasun turistikoari buruzko azterlan bat barne hartzen du. Azterlanak turismoa zenbat ugaritu daitekeen zehaztea du helburu, baita gehienezko turistifikazio-maila zein izan daitekeen jakitea ere. Hala, garapen turistiko jasangarri eta efizientea bermatuko da. Azterlanaren bidez, Iruñeko egoera turistikoa aurreikusi nahi da, eskaintzak eta eskariak oinarri hartuta; izan ere, aurreikuspen hori lagungarria da arrisku-egoerak identifikatzeko eta prebentzio-neurriak aplikatu ahal izateko, ekonomiari, gizarteari, kulturari eta ingurumenari dagokienez. Azterlana N2Destination Research and Consultancy in Tourism SL enpresak eginen du: 32.370 euroko aurrekontua du, eta urtebete izanen du azterlana bukatzeko.
Erabiliko den metodologiak lau fase ditu. Lehenengoan eskaintza eta eskari turistikoa aztertuko dira hamar urteko epean. Halaber, alderdi sozialak eta ekonomikoak, baliabideak, zerbitzuak eta azpiegiturak aztertuko dira. Bigarren fasean Iruñeak egun helmuga gisa duen egoera-diagnostiko bat eginen da; horretarako, adierazleen panel bat baliatuko dute, eta herritarren pertzepzioaren berri jakiteko bigarren sortako inkesta hartuko dute ardatz. Hirugarren faseak hazkunde turistikoarekin edo turistifikazio-mailarekin zerikusia duten hiru egoera barne hartuko ditu, eta hiru egoera horiek formulatzeko eskaintzaren eta eskariaren adierazle-multzo bat baliatuko da.
Azkenik, laugarren fasean, gomendioak eta neurrien planak proposatuko dira gehiegizko turismoa saihestu eta garapen turistiko jasangarri eta efizientea bermatzeko.