
Iruñeko Udalak gaur goizean onetsi du Iruñerriko Mankomunitatearekin hitzarmena sinatzea, eta hari esker, Erreginaren aldapa kalea eta ondoko kaleak –batez ere Larraina multzoa eta San Roke kalea– berrurbanizatzeko lanen hornidura- eta saneamendu-sareak berrituko dira. Datorren asteazkenean, Hirigintza Gerentziak egikaritze-proiektua ere onetsiko du, eta lanak lizitatuko ditu, zeinak datorren urterako bukatuak egonen baitira.
Esku-hartze guztia egiteko aurrekontuak 3,02 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du (BEZa kanpo), eta zenbateko horretatik 702.441 euro (BEZa kanpo) sareak berritzeko baliatuko dira. Azken zenbateko hori Mankomunitateak hartuko du bere gain. Tokiko Gobernu Batzarrak Udaleko Hirigintza Batzordearen esku utzi du Iruñerriko Mankomunitatearekin hitzarmena sinatzea, lanak gauzatzeko 10 hilabeteko epea duen operazio hori ahalbidetzeko.
Lan horiek Erreginaren aldapa eraldatuko dute, Juan XXIII.aren biribilgunetik hasi eta Gipuzkoa etorbideko biribilgunearekin bat egiten duen tokiraino, eta kartzela zaharreko orubea mugatzen duten bi bideen zati batean ere lanak eginen dira: San Roke kalean eta Larraina multzoan. Esku-hartzeak klima-aldaketa arindu eta hari egokitzeko neurriak barne hartzen ditu, eta, horretarako, “igarobide berdeak” sortuko dira Antoniutti eta Taconera parkeen eta Intsumisio parkearen artean, eta zuhaitz eta berdeguneen kopurua bikoiztuko da, baita drainatze jasangarriko sistema hiritarrak ezarri ere, Iruñeko Udaleko Azpiegitura Berde eta Urdinen Planarekin bat.
Asteazkenean onetsiko den hori, gainera, mugikortasun jasangarria helburu duen proiektu bat ere bada. Batetik, oinezkoen irisgarritasuna erraztea du xede, oinezkoen pasabideetan neurriak txertatuta eta luzetarako eta zeharkako ibilgarritasunaren garrantzia azpimarratuta; bestetik, 3 metroko zabalera izanen duen bi noranzkoko bidegorria sortuko da, zeinak Baiona etorbideko bizikletendako azpiegitura eta Trinitariosko bidegorria lotuko baititu; bidegorri horrek ibaiaren beste aldeko auzoak lotzen ditu: ibai-parkea, Arrotxapea eta Sanduzelai. Esku-hartzeak jadanik badauden aparkaleku-plazak mantentzen ditu.
Sareei dagokienez, hornidura-sarea berritzea aurreikusten da, eta, horrez gain, kartzela zaharrean zegoen gunean sortuko diren zuzkidura-lurzatiak sarez hornituko dira. 2025ean onetsitako Hiri Jarduketarako Plan Bereziarekin bat, bi lurzati berri sortzea aurreikusten da: ekialdean kokatutako lurzatian Donibaneko haur-eskola ezarriko da, eta egungo Justizia Jauregitik gertu dagoen lurzatian, Justizia Jauregia bera handituko da.
Esku-hartzea, zatika
Juan XXIII.aren plazaren eta San Roke kalearen arteko tartean, bi noranzkoko bidegorria Antoniutti parkeko espaloiaren ondotik joango da; beraz, Gipuzkoako etorbidera doan zirkulaziorako bideak zabalera aldakorreko errei bakar bat izanen du. Beste aldean, oinezkoendako pasabideak aurreratu eginen dira, eta San Roke kalearen parean, kirol kluberako sarrera eta irteera noranzko bakarrean izanen da.
San Roke kalean, bidegurutzea aldatu eginen da, eskuineko galtzada eta espaloia hobeto lerrokatzeko: gaur egungo iskinak kendu eginen dituzte, eta hor dauden zuhaitzak, azpiegituran sartu. Oinezkoek oinezkoen pasabide baten bidez eginen dituzte joan-etorriak: kalearen hasieran egonen da eta goratua izanen da. San Rokeren eta Larraina multzoaren arteko gaur egungo ibilgailuendako galtzadan bidegorri bat eta oinezkoendako espaloi bat sortuko dituzte Larrainako kirol-instalazioen inguruan. Proposatu den irtenbideak mantendu eginen ditu zuhaitzak eta egun dagoen areka berdea.
Kartzela zaharra zegoen gunean, noranzko bakarreko bide-tartea eraikitzea da asmoa, baita zuhaitzen zerrendak eta drainatze jasangarriko sistema hiritarra barne hartzen dituen espaloi zabal bat ere. Erreginaren aldapak eta Larrainako etxebizitzen multzoan dagoen irteerarik gabeko zokoak bat egiten duten bidegurutzea espaloien maila berean jarriko dute, eta horrela errazagoa izanen da bi aldeen arteko lotura egitea eta alde batetik bestera igarotzea. Ibilgailuendako pasabidea aldatu eginen denez, Larraina kluberako sarrera eta irteera ere aldatu eginen dira, eta bidegurutze horretan egonen da hain justu. Hurrengo tartean, Larraina multzotik Iratxeko Monasterioaren kalerainokoan, bidegorri bat eta ibilgailuendako bi errei jartzea aurreikusten du proposamenak, eta ezkerreko aldean ez litzateke ezer eginen, duela gutxi berrurbanizatu baitute inguru hori. Eskuineko aldean, Larraina kluberako sarreratik hasita, Taconera parkera sartzeko oinezkoendako pasabidera iritsiko den bide bat egitea aurreikusten da. Proposatutako esku-hartzearen arabera, gaur egun ezkerrera biratzeko dagoen erdiko erreia kenduko dute, eta semaforoen erregulazioa aldatu.
Iratxeko Monasterioaren kaletik Gipuzkoako etorbideko biribilgunerainoko tartean, errei bana kenduko dute noranzko bakoitzean, eta aurrerantzean bakarra izanen da, igoeraren azken zatian izan ezik: hor beste errei bat jarriko dute eskuinera biratzeko. Gorantz goazela ezkerreko aldean egonen da bidegorria, gaur egun dagoen arekaren ondoan, glazisa errespetatuta eta Taconera parkeko ezponda hartu gabe, eta beste aldean espaloi bat egitea aurreikusten da, dagoen ezpondaren mugan. Azkenik, Gipuzkoako etorbideko biribilgunean, galtzada estutzea aurreikusten dute, eta kanpoko aldean bidegorri bat jartzea, horrela bat eginen baitute egun dagoen bidegorriak eta biribilgunearen iparraldean dagoen bizikletendako ibilbideak.