Iruñeko Udalak aurrez aurreko arreta mantentzen du gizarte zerbitzuetan eta Udaltzaingoan, eta telefono bidezkoa, ohiko ordutegian, 010aren bidez

Iruñeko Udalak aurrez aurreko arreta mantentzen du gizarte zerbitzuetan eta Udaltzaingoan, eta telefono bidezkoa, ohiko ordutegian, 010aren bidez
400 baimen gehiago eskuratuko dira Udaleko langileek etxetik ‘telelana’ egin dezaten, eta jada erabilgarri dauden 400ei gehituko zaizkie
Fachada

 

Iruñeko Udalak honako zerbitzu hauetan mantenduko du aurrez aurreko arreta: gizarte-zerbitzuak, Udaltzaingoa eta Zapatería kalea 40ko erregistroa. Horrez gain, telefono-arreta (010 – 948 420 100) eta arreta telematikoa (www.pamplona.es) ere emanen ditu. Martxoaren 14an Alarma Egoera dekretatu zenetik bi aste igaro direlarik, eta ezinbesteko ez diren jarduerak eten ondorengo lehen egun honetan, Iruñeko Udalak herritarrendako arreta bermatzen du ezinbesteko zerbitzuetan.
 

Udalak, halaber, neurriak hartu ditu udal-langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Telefono bidezko arretari dagokionez, 010ak segitzen du bere ohiko zerbitzua ematen, 08:00etatik 19:00etara, astelehenetik ostiralera, eta 09:30etik 13:30era, larunbatetan. Zerbitzu hori ematen duten langileak beraien etxetik ari dira lanean, koronabirusaren kontrako protokoloetan ezarritako segurtasuna bermatzeko. Gogora dakarkiegu herritarrei telematikoki ere egiten ahal dituztela administrazio-izapideak, eta Iruñeko Udalarekin harremanetan jarri, Udalaren webgunearen bidez (www.pamplona.es).
 

Jardunean jarraituko dute, orobat, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak (EELZ), auzo-unitate guztiek, Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuak (EUAZ), Iruñeko Udal Jantokiak, Etxerik gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroak eta Jesús eta María aterpetxeko etxerik gabeko pertsonendako zentro berriak. Jardunean diraute, baita ere, Lanera Bideratzeko eta Gizarteratzeko Lantaldeko programek, Gizarte-zailtasunak dituzten haurrendako arreta-lantaldeak (HNAL) eta Gizarte Enpleguak. Zerbitzuotan, gutxieneko distantziak gordetzen dira pertsonen artean, ahal den heinean lehentasuna ematen zaio telefono-arretari eta ez aurrez aurrekoari eta higiene-zein garbitasun-neurriak indartu dira.
 

Azkenik, zabalik segitzen du aurrez aurreko udal-erregistro bakarrak, Zapateria kaleko 40an.  Haren arreta-ordutegia 08:30etik 14.30era bitarte da. Egunotan, Alarma Egoera martxoaren 14an dekretatu zenetik, erregistroaren jarduera nagusia Udaleko gizarte-zerbitzuei lotutako laguntzak erregistratzea izan da. Handitu dituzte segurtasun- eta higiene-neurriak, udal-zeregin hau zuzen emateko.
 

Urruneko atzipena telelanerako

Gauzak horrela, Iruñeko Udalak, ANIMSA sozietate publikoaren bidez, 400 lizentzia gehiago eskuratu behar ditu, jada erabilgarri dauden beste 400ei gehitzen zaizkienak, udal-langileen telelanaren sarea handitzeko. Horrela, hain zuzen, bermatuko da udal-administrazioaren jarduna, koronabirusaren osasun-krisiak sortutako aparteko inguruabarrak gorabehera. Telelana urruneko atzipen bidez gauzatzen da, etxeko ordenagailua udal-langile bakoitzaren lantokiko ordenagailuari lotuta.
 

Iruñeko Udalak Telelanean aritzeko oinarrizko eskuliburua igorri die udal-langileei, eta bertan zenbait jarraibide helarazi dizkie lanaldia antolatzeari buruz eta praktika egokiei zein lan egiteko tresna osagarriei buruz. Xedea da lan-errendimendua aurrez aurreko lanarena bezainbestekoa izatea. Udal-alor bakoitzetik hainbat zeregin esleitzen ari zaie telelanean jarduten duten udal-langileei; aztertzen ari dira, halaber, eskaera txikiena duten lanak ordeztu daitezkeen, eta bilatzen eta zehazten ari dira antolamendua hobetzeko jarduerak zein prozedurak aztertu, proiektatu eta estandarizatzekoak.
 

Udala lanean ari da, bestalde, berezko baliabideak ezartzeko, bilerak eta topaketak on line egite aldera. Une hauetan, bilera horiek sarean gaitutako bitartekoak erabilita egiten dira, zenbait programa eta aplikazio bidez.

¿Te ha sido útil esta página?