Datozen hilabeteetan Guztira Arrotxapeko San Pedro etxe-multzoko hamabi etxebizitza apartamentu babestu bihurtuko dira Iruñeko Udalak eginen dituen zaharberritze- eta birgaitze-lanei esker. Horretarako, Udalak 2.330.413,15 euro (BEZ barne) inbertituko ditu gehienez ere. Hala ondorioztatzen da gaur Gobernu Batzarrean onetsitako lizitazio-plegutik. Obrak hasi eta 14 hilabeteko epean etxebizitzak prest egotea da helburua. Jarduketa, Europako oPEN Lab proiektuaren barruan kokatzen da eta Horizonte 2020 programaren finantzazioa dauka.
Obrek hiru solairuko eraikin bakar batean altxatutako San Pedro etxe-multzoko 11. eta 12. atarietan izanen dute eragina. Erabateko zaharberritzea eginen da, kanpoaldean zein barrualdean, oztopo arkitektonikoak kenduz, eraikinaren inguratzaile termikoa hobetuz eta estalkia zaharberrituz, panel elektriko fotovoltaikoak instalatzeko. Baina, gainera, 12 pisuak erabat birgaituko dira erabilera berrietarako egokitzeko, gaur egun egoera txarrean baitaude.
Igogailuak instalatuko dira, egun ez baitago halakorik, eta 11. zenbakiko atariko sarrerako koska kenduko da. Eraikineko instalazioen erabateko birgaitzea eginen da, energia berriztagarria sortzeko panel fotovoltaikoak jarriko dira eta eraikinaren estalkia aldatuko da. Fatxadan 80ko hamarkadan egindako inguratzaile termikoa mantenduko da eta isolatzaile berria jarriko da barrualdean. Horretarako, hutsean industrializatutako prestazio handiko isolamendu-panelak erabiliko dira.
Estalkiko panel fotovoltaikoek sortutako energia elektrikoak etxebizitzetako aerotermia bidezko klimatizazio-instalazio berriak hornituko ditu. Gainera, energia biltzeko gailuak instalatuko dira. Bestalde, jarraipen eta monitorizazion teknika berritzaileak ezarriko dira, hala etxebizitzen energia-balantzeari dagokionez nola okupatzaile eta bizilagunei eragindako kalteak zehazteari dagokionez. Proposamenak birgaitutako eraikinen inguruetan ibilgailu elektrikoendako kargaguneak jartzea aurreikusten du.
12 etxebizitza erabat berrituko dira eta bakoitzak 61 metro koadro inguruko azalera erabilgarria izanen du. Eraiki ziren garaiko berezko ezaugarriei jarraiki –joan den mendeko erdialdekoak dira–, etxebizitzak oso konpartimentatuta daude, eta tamaina txikiko hiru gela, sukaldea, egongela eta komuna dituzte. Egin asmo diren berritze-lanak direla-eta espazioa berrantolatu eginen da eta honako hauetan banatuko da:bi gela, egongela, sukaldea eta komuna. Hala ere, bigarren gela eta egongela banatzen dituen trenkada mugikorra izanen da, etxebizitzaren erabilera moldagarriagoa ahalbidetzeko. Gainera, arropa zintzilikatzeko terrazak eraikiko dira etxebizitza guztietan, igogailuak instalatzean eta irisgarritasun araudia betetzeko eremu komunak handitzean galdutako espazioa konpentsatzeko. Halaber, kanpoko arotzeria guztia aldatuko da.
12 etxebizitzak birmoldatutakoan, apartamentu babestu izan daitezen bideratuko dira eta Udalaren Gizarte Zerbitzuetako alorrak kudeatuko ditu.
250 etxebizitzatik gora San Pedro etxe-multzoan
Azken finean, San Pedro etxe multzoa biziberritzeko lehen urratsa da; Marcelo Celayeta, Errotazar eta Antsoain kaleen artea dagoen eremu hori joan den mendeko 40ko hamarkadaren erdialdean eraiki zen, etxebizitza sozialen eskasia arintzeko. Etxe-multzoa hamar eraikinek eta 42 atarik osatzen dute. Horietan 250 etxebizitza inguru daude, eta hasiera batean horietako gehienetan udal-langileek bizi ziren. Langile horiek alokairuan sartzen ziren, hiru belaunalditan subrogatzeko eskubidearekin.
Alokairu-kontratuen amaiera iristearekin, etxebizitza horietako asko Udalari itzuli zaizkio, eta hau 2007az geroztik erabilera-alternatiboak bilatzen saiatu da, betiere birgaitze-obra handiak egin ondoren.
oPEN Lab proiektua
Zaharberritzea ekimen pilotuak hiru hiritan (Iruñean, Belgikako Genk hirian eta Tartun, Estonian) garatzeko asmoa duen Europako Open Lab proiektuaren barruan kokatzen da. Ekimen horien arrakastaren arabera hedatuko da proiektua Europako beste eskualdetara. Iruñeak, oPEN Lab proiektuaren eskutik, Arrotxapeko Energia Berdearen Barruti Positiboa garatuko du. Barruti horretan sartzen dira, alde batetik, oihal-fabrika zaharraren (Iwer eraikina) ingurunea garatzea eta, bestetik, San Pedro etxe-multzoko lehen 12 etxebizitza horiek birgaitzea. Bi kasuetan, energia-birgaitze teknika berritzaileak aplikatuko dira, energia sortzen duten auzoak, auzo garbiak eta berdeak sortuz.
Proiektu horretan, Iruñeko Udalak Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren (CENER), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza du, bai eta AH&Asociados arkitektura eta ingeniaritza enpresarena ere. Horizonte 2020 programaren bidezko Europako finantzazioak,egindako inbertsioaren % 16 inguru joko du.