Iruñeko Udalak aurreikusi du aurten 1,2 milioi inbertitzea udalaren hamar kirol-instalaziotan

Iruñeko Udalak aurreikusi du aurten 1,2 milioi inbertitzea udalaren hamar kirol-instalaziotan
Jada onetsi dituzte Lezkairuko futbol-zelaiko harmaila estaltzeko lanen bigarren fasearen eta trinketaren aldagelak berritzeko lizitazioak

 

 

Hamar proiektu eta 1,2 milioi euro 2021ean hiriko udalaren kirol-instalazioetan inbertitzeko. Iruñeko Udalak kontzeptu horretara bideratutako aurrekontua % 30 igo du  Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du hamar proiektu horietako biren lizitazioa: Lezkairuko udal futbol-zelaiaren harmailak estaltzeko lanak, 250.000 euroko aurrekontuarekin, eta Mendillorriko trinket- kiroldegiaren aldagelak berritzekoak, 70.500 euroko inbertsioarekin.

Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkari María Caballerok eta Kiroleko eta Gazteriako zinegotzi berezi Fernando Arangurenek gaur goizean aurkeztu dute 2021ean gauzatuko den inbertsio-plan hori. Lizitatutako bi proiektu horiei aurten gehituko zaizkie Labrit pilotalekuan argiztapena LED teknologiara aldatzea (65.000 euro), Sanduzelaiko eta Orvinako kiroldegietako galdara berriak (42.000 euro eta 36.000 euro, hurrenez hurren) eta José María Iribarreneko kirol anitzeko pistaren lurzorua berritzeko lanak (32.000 euro).

Beste lau inbertsiok jatorria dute Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek lortutako aurrekontu-akordioaren zuzenketetan. 200.000 euro bideratuko dira Arantzadi eta Sanduzelaiko kirolguneetan konponketak egiteko; 175.000 euro Arrotxapeko softball-zelaiko lanei buru emateko argiztapenaz eta babes-sarearen altueraz bezainbatean; 150.000 euro Buztintxuriko kiroldegiaren proiektua idazteko, eta beste 150.000 euro atletismo-pista berri bat egiteko proiektua idatzi eta lanak hasteko.

Horrez gain, hirian kirola praktikatzea sustatu eta Iruñeak dituen udal-instalazio eta -azpiegiturak ezagutzera emate aldera, Udalak sustapen-bideo bat editatu du, kirolari ezagunen parte-hartzearekin. ‘Iruña Kirola da’ lelopean azaltzen dira, besteak beste, pumptrucka, skate-pista, kiroldegiak, futbol-zelaiak, Labrit pilotalekua eta Caparrosoren errotako piraguismo-zentroa. Honako kirolari hauek parte hartu dute bideoan, besteak beste: Maitane Melero, Amaia Osaba, Iñaki Narros, Iñaki Martínez, Silvia Pérez, Maite Ancín, Arkaitz Armendáriz, Irati Úriz, Xabier Mikel, Daniel González eta Eneko Yoldi

Lezkairuko futbol-zelaiaren alboko harmailari buru eman

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Lezkairuko futbol-zelaiaren alboko harmaila estaltzeko lanen bigarren fasea egiteko kontratuaren lizitazioa. Iaz lehenengo fasea gauzatu zen, hau da, erdiko gunea, gutxi gorabehera harmailaren azaleraren heren bat, estali zuen egitura bat paratu zen. Bigarren faseko lanek 249.948,48 euroko aurrekontua jotzen dute, eta aurreikusita dago hiru hilabetean egitea, ekainetik aurrera. 

Fase berri horren proiektua jada gauzatutakoaren jarraipena da. “L” itxurako mentsula-egitura nagusi bat proposatzen da, harmailen atzean dagoen hormigoizko horman ainguratutako altzairuzko profil angeluzuzenez. Estalkiak 11 metro bakoitzeko 10 mentsula ditu guztira, hortaz, dena moduluka eraikiko da. Lehen fasean, erdiko 4 mentsulak paratu ziren, eta bigarren fase honetan estalkia osatuko da, bi aldeetako bakoitzean 3 mentsula gehiago paratuta. Egungo alboko moduluen alboko itxierak desmuntatu eta behin betiko itxiera-moduluetarako aprobetxatuko dira. Portxearen altuera librea 2,90 metrokoa izanen da, hormaren goiko aldetik; horrela, gerora Lezkairuko Kirol Hirirako aurreikusitako portxea jartzen ahalko da jarraian.

Mendillorriko Trinketaren aldagelak berritzea

Tokiko Gobernu Batzarrak Mendillorriko trinket-kiroldegiko frontoiaren aldagelak berritzeko lanen lizitazioa ere onetsi du. Lanen aurrekontua 70.448,86 euro da, eta gauzatzeko epea 90 egunekoa da, udako hilabeteetan. Proiektuarekin bat, frontoiko aldagelak berrituko dira, kantxaren mailan daudenak (sotoa), eraikineko eskailera-gune bakarraren ondoan.

Jarduketari esker, batez ere horma eta lurzoruetako estaldurak berritu eta haien maldak aldatuko dira, baita komun-ontziak ordeztu ere. Egurrezko armairuak eta trenkadak bere horretan utziko dira, baita ateetako orri eta juntura-estalkiak ere. Azkenik, iturgintza-instalazioak egokitu eta argiteria-zirkuituak modernizatuko dira, led-argiztapena eta mugimendu-detektagailuak instalatuko baitira elektrizitate-kontsumoa optimizatzeko.

2020ko inbertsioa bikoiztuko da

2021erako onartutako aurrekontuari esker, Iruñeko Udalak ia bikoiztuko du 2020an udalaren kirol-instalazioetarako gastatutako diru-kopurua, eta bost aldiz handituko du 2019an gastatutakoa. Duela bi urte, Udalak 230.000 euro inguru inbertitu zituen. Honako hauek izan ziren inbertsio nagusiak: Mendillorriko trinketa (29.432,68 euro kantxa margotzeko, LED-argiteriarako eta sareak ordezteko); Arrotxapeko udal futbol-zelaia (argiztapena batez ere); Arrotxapeko frontoien itxitura (40.000 euro); arte hiritarreko proiektua José Mª Iribarren kiroldegian (32.000 euro), eta 2018an Arrosadiko kiroldegian hasitako lanen amaiera (16.000 euro eskudel irekiak kristalekin ixteko).

Iaz egindako inbertsioek 710.000 euro inguruko gastua jo zuten. 180.000 euro inguru Sanduzelaiko Kirol Hirian (Aquavoxean) hobekuntzak egiteko bideratu ziren: estalkia konpondu zen, dutxak saneatu, hodiak ordeztu eta aldagelak berritu ziren. Halaber, auzo berean udalaren futbol-zelaiko soropil artifiziala ordeztu zen (170.000 euro). Honako hauek ere egin ziren: Lezkairuko futbol-zelaiko harmailak estaltzeko lehen fasea (123.000 euro); softball-zelaiko lanak (95.000 euro), eta Ermitagañako kiroldegiko kirol pistako berogailu-sistemaren instalazioa aldatu zen (65.000 euro).

COVID-19aren mundu-pandemiak 2020an eragindako berariazko egoeraren ondorioz, Udalak kirol-instalazioak egokitzeko inbertsioak eta jarduketak egin behar izan zituen administrazio publikoek ezarritako protokoloak eta arauak betetzeko.

Instalazioak COVID-19ra egokitzea

Iruñeko Udalak kirol-instalazioetarako guztizko gastuetatik 62.000 euro inguru inbertitu zituen COVIDari aurre egiteko arauetara egokitzeko. Gastu nagusiak honako hauekin lotuta egon ziren: udal-instalazioetako sarbideak kontrolatzeko programak eta Arantzadiko kirolguneko eta Sanduzelaiko kirol-hiriko ateen egokitzapen elektronikoa; guneak desinfektatzeko langile gehiago kontratatzea, eta kirolguneetan paratzeko 68 lanpara germizida erostea.

Horiez gain, bestelako gastu txikiak ere badaude, ezinbestekoak kutsatze-arriskua ekiditeko hala zentroetako langileen nola instalazioetako erabiltzaileen artean. Besteak beste, produktu desinfektatzaileak erosi ziren, baita airea arazteko garbigailu germizidak ere hamahiru instalaziotarako; guneak egokitzeko inbertsioak egin ziren (manparak, ibilbideen seinaleztapena, gel hidroalkoholikoko banagailuak...) eta energia- eta ur-gastu handiagoa egon zen igerilekuetako uren birzirkulazio handiagoa ahalbidetzeko.

Azkenik, Iruñeko Udalak dirulaguntza-deialdi bat abiatu zuen instalazio propioak dituzten irabazi-asmorik gabeko kirol-elkarteei zuzenduak, osasun-krisiko garai hauetan kirol-zerbitzuak ematea bermatuko duten segurtasun- eta higiene-neurriak finantzatzeko. Deialdiak 80.000 euroko aurrekontua zuen, eta osorik bideratu zen aurkeztu ziren hamar elkarteentzat, bakoitzari 8.000 euroko zenbatekoarekin.

 

Kirol-instalazioetan 2021erako aurreikusitako inbertsioak

    • Lezkairuko futbol-zelaia estaltzeko II. fasea: 250.000 €
    • Labrit pilotalekuaren argiztapena LEDera aldatzea: 65.000 €
    • Mendillorriko trinketaren aldagelak berritzea: 70.000 €
    • J. Mª Iribarren kiroldegiko pistaren lurzorua berritzea: 32.000 €
    • Orvinako kiroldegiko galdara: 36.000 €
    • Sanduzelaiko kiroldegiko galdara: 42.000 €
    • Konponketak Arantzadin eta Sanduzelain: 200.000 € (aurrekontu-akordioa)
    • Softball-zelaiari buru ematea:  175.000 € (aurrekontu-akordioa)
    • Buztintxurin kiroldegi bat egiteko proiektua idaztea: 150.000 € (aurrekontu-akordioa)
    • Atletismo-pista egiteko proiektua idaztea eta lanen hasiera: 150.000 € (aurrekontu-akordioa)
¿Te ha sido útil esta página?